mikel elorza
ARKUPEAN

Gehienekoak

2022ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Ekainekoa da albistea, eta apur bat atzenduta gelditzen da, baina niri iltzatuta gelditu zitzaidan EAEko Etxebizitza kontseilari den Iñaki Arriola harro asko azaltzen entzutea legez ezarri dutela etxebizitza batek gutxienez izan behar duen tamaina: 35 metro koadro; eta esan zuen arau oso inportantea dela, eta duintasuna eta… notiziak nire garuneko kableetan berehala eragin zuen zirkuitulaburra, eta azalpenak aditzen jarraituagatik ere ez nituen entzun. Izan ere, ganbara ari baitzitzaidan esaten gutxienez zenbat metro behar dituen etxeak arautu beharrean, arautu beharko litzatekeela denok gutxienez etxe bat izatea.

Zirkuitulaburrak txispa okerrak eragin zizkidan, dena den. Hizkuntzatik hasita. Etxe bat gutxienez ez da eskakizun egokia, etxe bat behintzat aldarrikatu beharko nuke. Izan ere, gutxienez hori azkar asko hartuko luke bere parrillarako txitxarro gisa batek baino gehiagok eta segituan esan baietz, bat gutxienez, eta ahal dela hiru, bost edo berrehun, etxe mordoaren jabetzan hor zehar dauden diru-funts edo banketxe batzuen gisan.

Askatasuna, aldarrikatuko dute, ohartzeke askotasuna aldezten dutela, batzuek gutxi eduki arren, haiek asko eduki ahal izatea.

Eta ez naiz zubipean edo kutxazainean lo egiten duenaz bakarrik ari, ari naiz nahi duten herrian geratu ezin diren gazteez, eta ez gazteez; nahi duten herrira joan ezin direnez; ez daukaten soldataren %80 alokairuan utzi behar dutenez; aurrezki kutxan mailegua eskatzeko haien aurrezkiak aurkeztean erruki aurpegia jasotzen dutenez...

Txispa okerrekin batera, ordea, argi pixka bat egiten zuten tximistak ere izan nituen garunean. Gutxienekoak arautzea bezain garrantzitsua litzatekeela, garrantzitsuagoa, gehienekoak zedarritzea. Gutxienez zenbat metro eduki behar dituen zehaztea ondo dago, baina gehienez zenbat metro izan ditzakeen ere pentsa genezake, 400 metro koadro, sei komun eta igerileku klimatizatua barne dituzten jauregiei—telebistako programetan erakustea gustatzen zaigun horiek— tope bat, edo batzuk, jarriz.

Eta etxearen metro kopuruari ez ezik, norberak izan ditzakeen etxe kopuruari ere gehieneko muga jartzea segidan hartu beharreko neurria izan zitekeen. Eskuzabal, gainera: denek etxe bat behintzat eduki arte; behin denek bana dutela, hirigintza jasangarri batek onartuz gero, eduki ditzatela batzuek nahi adina (hirigintzarena diziplina funtsezkoa da, gure bizimodua arautzen eta diseinatzen gero eta eragin handiagoa du, eta tamalez burua porlanez betea duten jendearen esku utzia daukagu).

Eta alokairuen prezioari, eta oinarrizko hainbat ondasuni... gehienekoak ezartzea gero eta erakargarriagoa egiten zait (baina isil nadin, ez dezala inork pentsa Yolanda Diazi kanpaina egiten ari natzaionik, arraioa!).

Sarri ekartzen dut etxebizitzaren gaia, badakit, sarriegi akaso, eta jakitun naiz bota berri ditudan neurriak oso deklarazio ederrak direla baina hori baino askoz gehiago beharko dela arazoa konpontzeko, programa ekonomiko eta politiko serio bat, eta konpromisoa aurrera eramatekoa. Baina has gaitezen arazoa, eta handia, daukagula onartuz, eta lehentasunen zerrendan kokatuz. Izan ere, kolore ia guztietako alderdiek izan dute agintea gure inguruan, maila batean edo bestean, eta alor honetan bederen berdinduta daude: denek porrot egin dute.

Mugak kendu eta saltatzearen aldekoa izaten naiz normalean, eta zenbait gauza kendu nahi izaten dizkigutenean edo kontrol hitza entzuten dudanean ikara sartzen zait (umorea, dantza egin ahal izatea, zernahi motatako eta nornahirekiko harremanak, gaua, migrazioa...), baina, alor honetan bederen, gaurkoagatik, askatasunari mugak jartzeak egin gaitzala libreago!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.