mikel elorza
ARKUPEAN

Gauzurtz baten egun-argiko koplak

2020ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Munstroak, norberarenak, gauez bizi dira. Eguzkia abaildutakoan, loaren atzaparrak inguratzen hasten zaizkizunean, haiek esnatu eta lanean hasten dira. Gazteagoak gineneko hartan kantatzen genuen gaueko ilundadeak beldurra ematen duela, eta batzuetan ematen du, handia, ohekide hurkoena Orfidala bihurtu arte. Baina hala eta guztiz ere gaua maite dugu. Argi gutxiko eremuetan batzuek hobe ikusten dugu, beste musikari batzuek kantatzen dute, eta eguzkiaren joanak bizitzaren alor ezkutuen esnatzea dakar. Zoragarri. Bizitza Eguzkiak ematen badu ere, Ilargia beti ederragoa.

Eta, beraz, gaua maite dugu. Eta orain kendu egin nahi digute.

Gauez etxean geratzeko neurriak gure bizimoduari hainbeste ez diola eragingo berresteak gure ile urdindu eta azaleko zimurrek baino tinkoago adierazten dute gazteagoak izan ginela, baina hala ere, batzuk matxinatzen gaitu galerak. Gaua gure bizitza-ondarearen parte da, eta tarteka hartzen gintuen bere beso xarmagarri eta lizunetan. Alferrikaldutako asko izan ditugu, afari mordoxka kendu eta trukean gosariak jarri izan bagenitu hobe seguruenik, eta alkoholaren lanbroa eta arkeria pixka bat, edo puska bat, saretu bagenu... Baina gauez.

Eta kendu egin digute: gauzurtz gara.

Eta guztiok dakigu hemen eta gaur kendutakoa berreskuratzea zail dela, kentzaileak neurria aldi baterakoa dela esanagatik, aldi baterako zigor-neurriak betikotu egiten direla. Neurri, murrizketa eta debekuak. Aldi baterako izan eta hemen eta gaur betikotzen ez diren bakarrak lan-kontratuak dira.

Adituek esango digute beharrezkoa dela neurria pandemiak hartua duen tamainarekin —adituek eurek ere badiote, baina horretan ez diete hainbeste kasu egiten, beste neurri sozial, asistentzial eta egiturazkoak ere behar direla—, eta hala dela uste dut nik ere, zerbait egin beharra dagoela, neurriaren egokitasun zehatzetan sartu gabe, hor azkenean nork bere sudurrari ongien zintz egiten dion legea aldarrikatzen baitu.

Baina kontua da gauzurtz egin gaituztela, eta lagunengandik urrundu, eta ezin dugula elkar ukitu, eta dantza egin egunsentira arte… eta, hortaz, ez dakit pandemiari galga jarriko diogun, baina psikiatriko eta hilerriak betetzeko bidean goaz, bakardaderik krudelenak erasanda. Lagunei esan nien aurreko batean: zortzi hilabete daramatzat maitemindu gabe. Tristea da gero. Eta ez da soilik musukoaren kontua, begi eder batzuek ere maitemindu zaitzakete, ederki dakit nik, baina keinu bat, mugimendu bat, elkarrizketatxoa, fokuek larututako begirada… Birusak batzuk, beste batzuk kontrabirusak hilko gaitu.

Eta beharrezkoa izango da, berriro diot, baina batzuk gauzurtz gaude, hori ere berriro diot, eta horrela, egunak oso ilun ikusten dira.

Hori bai, bizimodu aldaketen predikariak oilartuko dira. Hasiak zaizkigu esaten ohiturak aldatu behar ditugula, eta zinemara 17:00etako txandan joan, trago bat hartzeko 18:00etan ondo, kirola ere goizeko zazpietan egin daiteke, eta denak 20:00etan afalduta. Bikain! Bidasoaz gaindiko gure kideak halatsu bizi dira, bai, baina sentitzen dut, ni prediku horien aurkako herexe izango nauzue, zeren eta ordutegiak aldatzen hasi eta azkenean Disneyko film bateko bizimodua izango dugu. Kantuan bezala, egunero igandea emango du, «everyday like Sunday, silent and grey».

Ezkor nabilela? Badakit. Eta buelta emango diogu eta espero dezagun berreskuratuko dugula aldartea (eta gaua!), baina egunotan hala gabiltza. Izan ere, positibo izanez gero zotz bat sartua izango didate sudur-zulotik eta etxera 15 egunez bidalia senda nadin. Eta zer esango dizuet, sudurretik ezer sartzen hasita, nik nahiago… gau zoro eder baten ondorengo gosari egin berriaren lurrina!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.