Birusak Billy El Niñoeraman zuen bezala, Galindo torturatzailea eramango ote du? Hau izan daiteke gure kezka handia. Ez bakarrik torturaren sisteman azkarki parte hartu zuelako, baina sekula ez duelako entzun, sentitu eta, agian, pentsatu estatuarentzat egiten ari zena guztiz aberekia zela. Baina tira, Espainiako Estatuan, frankismoaren garaian, trantsizioaren urteetan eta sistema konstituzional berria eraiki zenean basakeria erabiltzea normala zen. Eta oraindik normaltzat jotzen dute.
Bistan dena, estatuak inoiz ez du fermuki kondenatuko oraindik praktikatzen dena. Estatuak bere burua izorratuko zukeen, eta bere zilegitasuna zalantzan jarriko zuen. Horren ordez eta hobekiago erranik: estatua isildu zen. Haatik, Enrique Rodriguez Galindo kondenatua izan zen Auzitegi Nazionalaren eskutik. Hain zuzen, Jose Ignacio Lasa eta Jose Antonio Zabalaren bahiketa eta erailketaren kasuan. Horren ondorioz, Galindok 75 urte pasako kondena jaso zuen.
Kasu hori laburbilduz, Lasa eta Zabalaren gorpuak Busot (Alacant, Valentzia) herrian atzeman zirelarik 1984. urtean, haien desagerpena baino urte bat berantago, baina zuzenki ez ziren identifikatuak izan. Baionan (Lapurdi) 1983. urtean bahituak izan ziren biak. 1995. urtean baizik ez zen baieztatu haiek zirela. Geroztik frogatu zen GALen (Grupos Antiterroristas de Liberacion) esku hil zirela. Hori eta Galindo komandantea inplikatua zela bahiketa eta erailtze horretan.
Kondena jaso eta gero koronela bilakatu zena indultatua izan zen, beste askok bezala GALi lotutako kasuetan. Beraz, 75 urte preso egoteko ordez, lau urte baizik ez zituen iragan presondegian. Inpunitatea. Inpunitate eta barkamen osoz hil eta hilko dira «gerra zikinean» inplikatuak zirenak.
Bestalde, joan den astean zendu zen Mayi Larre, Jean-Louis Larre Popo-ren ama, 92 urterekin. Larre desagertu zen Landetako polizia operazio batean. 1983. urtean gertatu zen, Lasa eta Zabala desagertu ziren urte berdinean. Iparretarrak taldeko kide eta poliziaren arteko talka bortitz baten ondotik heletarra ez zen gehiago agertu. Lasa eta Zabala-ren kasuan ez bezala, oraindik Larreren gorpua ez da atzemana izan. 38 urte berantago, ama hil zaio ezjakinean; eta hain segur estatua eta poliziaren inpunitatea jasan eta gero.
Estatuaren eta Poliziaren isiltasunak eragindako krimenak ditugu hemen. Kondena judizialaz haratago, autoritate publikoaren esku zikintze hori guttitan argira eramana da. Administrazioko goiburuen isiltasunak edo ukapenak baldintzatzen du inpunitate hori. Estatuaren jarraikitasunaren babesteko; hots, elite politikoak elkar babesteko sistemak eraikitzen ditu. Horregatik ziklo hau ez da hausten. Kate honek denboran ez du etenik ezagutzen adibidez frankismotik gaur egun arte, oposizio politikoaren kontrako borrokan eliteek elkar babesten segitu dute. Gainera, mugen gainetik jarraikitasun hori sendotzen da. Gure kasuan, Espainiako Estatua eta Frantziako Estatuaren kolaborazioak istorio luze bat dauka. Ondorioz, eliteek, politikoki posible den bitartean, eta interesak mantentzen dituzten bitartean, elkar zainduko dute.
Beraz, ez da kasualitatea Galindoren eritasunak eta Mayi Larreren hiltzeak zapore ustel bat uzten badigute zintzurrean.
ARKUPEAN
'Gatito lindo'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu