Txema Ramirez de la Psicina
ARKUPEAN

Gasteizko itsasoa

2017ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Lehorrekook itsasoari betidanik izan diogu errespetua. Beldurra ez nuke esango, baina bai errespetua. Areago azken estropadetan Kontxako badian arraunlariek eskainitako ikuskizun txundigarria ikusi eta gero. Zirraragarria izan zen olatu erraldoien artean arraunlariek ziabogak egiteko erakutsitako trebezia. Ziaboga, estropadaren joan-etorrian funtsezko maniobra. Ausardia, trebezia, dena behar da.

Gasteizko alkate Gorka Urtaran ere lehorrekoa da. Hala ere, ziaboga ikusgarria egitera ausartu da estropadaren erdian. Duela bi urte pasatxo aukeratu zuten: «aldaketaren alkate». Baten batek Uxue Barkosekin parekatu zuen. Urtaranek, Barkosek bezala, espektro politikoan ezkerrean zeuden alderdien babesa jaso zuen (EH Bildu, Sumando-Hemen gaude eta Irabazi). Gorkak ere, Uxuek bezala, atzean utzi zuen suminduraren lokamutsa. Gasteizen poztasuna erabatekoa izan zela ez nuke esango, baina bai lasaitu ederra sektore askotan bederen.

Gaur egun, berriz, egoera bestelakoa da. Urtarrilean, Gasteizko alkatea ziaboga arriskutsua burutzen hasi zen. 2015etik alde zituen arraunlariak proban jartzea deliberatu zuen: aurtengo aurrekontuak onartu ahal izateko, konfiantza-mozioa planteatu zuen. PPren hatsa kolkoan zuela, lortu zuen azkenean langa hori gainditzea, baita giroa gaiztotzea ere. Ziabogetan harmonia perfektua behar da: ontzia biratzeko, alde bateko lagunek aurrerantz eta beste aldekoek atzerantz egin behar dute. Bestela, arazoak. Urtarrilean, aldaketaren alarmak laranja kolorekoak ziren. Une honetan gorri daude. Izan ere, Urtaranek baztertu egin ditu 2015ean berau babestu zuten indarrak. Era berean, alkatea deabrutu zuen Alderdi Popularra besarkatu du orain. Adierazleak: Errekaleor eta arau fiskalen inguruan lortutako adostasuna. Kasu bietan, Gasteizko EAJko lemazainak istriborrera biratzeko agindu die arraunlariei. Auzo autogestionatuaren kasuan bereganatu du Miguel Garnica zinegotzi popularrak Araban zabalkunde gehien duen talde komunikatiboan hedatu duen mezua: «Erreka auzo okupa bat da, Espainia osorako dei-efektua dauka. Ez dira gazte utopikoak, baizik eta larru sendoa duen jendaila». Beste hitz batzuekin bada ere, baina antzeko mezua erabili du alkateak azken hilabeteotan. Auzo horretan bizi diren aurreneko lagunek gogoan dute Gorka Urtaranek bertara egindako lagun giroko lehenengo bisita. Beste garai batzuk ziren. Orduan oposizioan zegoen. Orain, ez; orain ertzainak bidaltzen dizkie argia mozteko eta auzoa borrekin husteko helburuz.

Arau fiskalak. AurrekoakEH Bildurekin hitzartu zituen. 2018koak, PPrekin. Leticia Comeron PPren bozeramailea oso pozik agertu da akordioarekin. El Mundo kazetaren esanetan, hitzarmen honek «itxi egiten du Gasteizen popularren eta jeltzaleen artean zegoen amildegia». Consumm?tum est. Jesukristok gurutzean esan omen zituen azken hitzak. Ziaboga burututa dago, beraz.

PSE-EE laugarren mailako aktorea da istorio honetan; mezako akolitoa. Oharkabean igarotzen da elizkizunaren tarterik handienean, baina amaieran beti bilatzen du uneren bat atabakan eskua sartzeko. Izan ere, Gasteizen alderdi hori laugarrena da. Lau zinegotzi ditu. Ez zuen Urtaran bozkatu. Ez, abstenitu egin zen. Hala ere, orain harekin dago udal gobernuan. PSE-EE Urtaranek duen bazkide mutua da.

Orain bi urte, Urtaran zen «aldaketaren alkatea». Hainbaten konplizitatea behar izan zen horretarako. Ilusioa metatu zuen. Esker oneko hitzak izan zituen orduan. Karel gainetik bota al ditu orain?

Ezusterik ezean, hurrengo udal hauteskundeak 2019ko maiatzean izango dira. 20 hilabete falta dira. Denbora asko. Ortzi-muga, berriz, ilun dago. Itsasoa, takar eta aldakor. Olatu-kolpe batek sendoen dirudien ontzia hondoratu lezake. Arraunlariak konfiantzazkoak behar dira. Eta lemazain ausartak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.