Ana Malagon.

Gari soroak

2024ko abenduaren 26a
05:00
Entzun

Zaila suertatzen da, Gabonetan (batez) ere, misantropia erabat saihestea. Guztiok dugu egunen bat non, Michael Douglasek Falling Down filmean zuen pertsonaia bezala, auto-ilara batetik alde egin, arma bat hartu eta tiroak ematen hasteko desio batek hartzen gaituen. Tira, ez horrenbesterako, baina ia. Ez dugu egiten, noski. Mendebaldeko Biztanle Errespetagarriak gara, gugan kontrola galtzen ari den zaldiaren sokei heltzen. Hamar arte zenbatzen dugu. Gauzak hala daude, badakizu jendea nolakoa den, nola funtzionatzen duen denak, guztiok gara beste norbaiten «alu hori», ez dago inor zure kontra, beharbada zu bezain nekaturik daude, zu bezain lanpeturik... Amorru patchwork bat osatzen dugu denon artean, baina nire xalotasun egunetan (horrelako egunak ere badaude) pentsatu nahi dut oso noizean behin agertzen direla irritabilitate honetatik atera gaitzaketen beste patroi batzuk. Distantzia batetik bakarrik ikus daitezkeenak beharbada. Gari soroetan marraztuta azaldu ziren haiek bezalaxe.

Badaude hain perfektuak diruditen gauzak ezin dugula gizakiak egin dituenik sinetsi. Halako zerbait gertatu zen 70eko, 80ko eta 90eko hamarkadetan, Ingalaterran lehenengo, Kalifornian eta Australian ondoren, soroetan agertzen hasi ziren marrazkiekin. Forma geometriko haiek azteka eta bestelako kultura indigenen arte ikusgarriaren antza zuten, zientzia fikzioaren filtro estetikotik igaro ondoren. Galdutako zibilizazio baten erakusgarri ziruditen eta aldi berean, beste mundu baten seinale. Ez gaur eta hemengo zerbait.

Gure zibilizazioan gertatzen diren gauza zirraragarri asko bezala, taberna batetik ateratzean bi lagunek izan zuten ideia bat izan zen gari soroetako marrazkiena. Urteak eman zituzten Doug Bower eta Dave Chorleyk sokak eta makilak erabiliz inori esan gabe marrazkiak egiten. Irudien jatorria jakin zenerako, lau ildotan banaturik zegoen soro marrazketaren mugimendua. Gaur egungo gizartearen ordenamendua nahiko ondo deskribatzen duten lau fakzio. Alde batetik, Bower eta Chorleyren izpiritu jostari eta informalarekin jarraitzen ziotenak; bestetik, hura guztia arte kontzeptual bilakatu nahi izan zutenak; enpresentzako marrazkiak egiten negozioa egin zutenak, eta azkenik, alienen lana zirelako konspiranoiarekin tematu eta horrekin ere dirua irabazi zutenak.

Gari soroena ez da ustezko «alien» artearen azken mendeko adibide bakarra. 2020an (zein urte arraroa izan zen hura) monolito batzuk agertu ziren Estatu Batuetan, Kolonbian eta Errumanian, beste lurralde batzuen artean. Arte kolektibo desberdinek eginak, Kubricken 2001: Space Odissey filmetik ateratakoak ziruditen, hain metalikoak, hain biluziak, hain sinpleak bere forman. Naturaren erdian kokatu ziren eta nola ez, horretarako prest ez zeuden tokietan turista andana gerturatu zen berehala. Kendu behar izan zituzten. Gaur egungo gizartea nahiko ondo islatzen du horrek ere.

Monolitoen egileei baino, sinpatia handiagoa diet Bower eta Chorleyri. Beraien jenialtasunaren paperezko planoak Bowerren txabola batean hainbat urtez ezkutaturik izan zituzten. Marrazki bat agertzen zen bakoitzean han izaten ziren biak hurrengo egunean, jakin-minez hurbildutako jendearen artean, harridura eta zirrara performatzen, barrutik barrez lehertzen ari ziren bitartean. Denera berrehun bat marrazki egin zituzten. Berrehun bat algara.

Onartuko dizut batzuetan leku altu batera igo nahiko nukeela eta erdipurdikotasunaren gainetik, gizakiok bakarrik sor dezakegun zentzu eta helbururik gabekoaren edertasunari begira gelditu. Baina gehienetan edertasun hori posible dela gogoan izan dezaket bakarrik, arnasa hartu eta hamar arte zenbatzeko, bankuan gestio bat egin nahian, Michael Douglasen pertsonaiarena egiteko gogoa dudan hurrengoan. Oraintxe bertan, adibidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.