Itsasoaren ondoan hazitakoa naiz ni, baina itsas-tradiziorik gabeko ingurune baten; ez familian, ezta etxe-jiran ere, ez da sekula arrantzalerik izan gurean. Itsasotik bizi diren herrietan jakingo zuten agian horrela esaten zitzaiola geruza beltz likatsuari, baina esango nuke nire moduko kalekumeontzat, orduantxe asmatu izan bagenu bezala, txapapote hitza orain dela 15 urte sartu zela hiztegian. Gogoratzen dut adiskide on baten aitari, artean arrantzale erretiratua zela, galdetu niola nondik ote zetorren hitza. «Nondik etorriko da, ba? Itsasotik» erantzun zidan.
Hitz-kontuetan ni baino askoz iaioagoak direnek jakingo dute berri zehatzagoa, baina irudipena daukat gutxitan gertatzen dela hitz berri baten sorreran lekuko izatea, berba baten erditzean emagin. Eta horrela gogoratzen dut nik Prestige itsasontziaren isuria une biografiko bat izan zela askorentzat.
Txapapoteak tokia egin zuen gure hiztegian, eta izkin egin zion ordura arteko galipot hitzari, hark beste esangura bat hartuko baitzuen handik aurrera.
Zerbait aldatu zen itsasontzia bitan noiz egin zain begira egon ginen egun horietan. Prestige-ren ondoren, galipotak utzi egin zion nostalgiaz gogoratzen nuen zerbait izateari. Galiziako Costa da Mortetik zabalduz joan zen marea beltzak ordura arteko berba familiarra estali egin zuen, edo ia desagertzeraino zokoratu zuen gure arteko solasaldietan. Isuri hark, itsasontzi zahar malapartatuak erretena zabaldu zuen geure hiztegian, eta handik sartu zen berba berria: galipotetik txapapotera.
Txikitan hondartza ondoko haitzetan ibiltzen ginen karramarro bila, eta han maiz agertzen ziren pinporta txiki horiek, txankleta zoletan itsatsi egiten zirenak. Galipotarekin jolas egiten genuen, eta bagenekien kontu handiz garbitu behar ginela etxera joan aurretik, atzazalekin marruskatuz zikindutako arropak gurasoak kontura ez zitezen haitzetatik gentozela. Marka salatariak nola edo hala kentzen saiatzen ginen, alferrik baina, garbitzen zailak zirelako, eta amak usainarengatik den-dena asmatzen zuelako.
Gogoratzen dut gurera noiz iritsiko zain itsasoari so egitera elkartzen ginela, eta gutako batzuk joan zirela Galiziaraino hondamendiari aurre egiteko intentzio xaloarekin; alferrik, baina. Telebistaz ikusi genuen esku hutsez jarduten zutela boluntarioek, eta palakada txapapote jasotzen ikusi genituen. Zuriz jantzitako jende-ilarek dir-dir egiten zuten geruza itsaskorrak guztiz estali zuen kostaldean. Gau eta egun jardun zuten, eta garbi utzitako hondartza-zati bakoitza ikaragarrizko balentria egin izan balute bezala ospatzen zuten, handik oso gutxira den-dena berriro belztuta agertuko zela jakin arren.
Bizipen txikiak leku desberdin batean kokatu ziren, eta geroztik ez ditut sekula berdin begiratu itsas-bazterrean maiz agertzen diren orban txiki beltz horiek. Edozein unetan gerta daitekeen kalapitaren iragarle direla jabetu nintzen, eta kostaldetik begiratuta puntu txikiak diruditen itsasontzi erraldoi horiek ere amenazozko seinaleak igortzen dituzten monstruak bilakatu ziren. Ongi baitakigu duela 15 urte jazo zena edozein unetan gerta daitekeela atzera.
Hitz berriak eskuratzen ditugunean, errealitate berriak ere sortzeko gauza gara. Hitzek egiten gaituzte. Txapapoteak hauskortasunaren aurrean kokatu gintuen. Galipotarekin jolas egiten zuen ume inuzente izatetik, arriskuari esku hutsez aurre egiten dion boluntario saiatubaina babesgabe izatera pasatu ginen.
ARKUPEAN
Galipotetik txapapotera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu