elixabete garmendia lasa

Galerak eta irabaziak

2024ko maiatzaren 23a
05:00
Entzun

Donostiako Karmelo ikastetxearen aurrean, asteazken eguerdian, mugidatxoa: irakasleak paperak banatzen. Zer izango eta ikastetxea itxi egingo duela azken urteotan haren jabe izan den enpresak: «Orain bost urte Scientia School enpresak erosi zuen ehun urtez baino gehiagoz zabalik izan den ikastetxe hau. Hainbat milioiko prezioa ordainduta, Madrilen egoitza duen eta hainbat enpresa desberdinena den Scientia School enpresak ikastetxearen eraikina eta hezkuntza aktibitatea erosi zituen». Eta aurrerago: «Scientiak ikastetxea erosi zuenetik hainbat arazo pairatu ditugu bertako langileok: material falta, ordezkapen ezak, baliabide gabezia eta abar luze bat». Errematea: «Azkenik, 2023-2024 ikasturte amaieran ikastetxea ixteko asmoaren berri eman zigun enpresak (…) berrogei pertsona baino gehiagoren etorkizuna kinka larrian jarriz».

Interneten informazio apur bat aurkitu dut Scientia Schooli buruz: bost ikastetxe ditu; Donostiakoaz gain, Pontevedran bat eta beste hiru Madrilen. Scientia Schoolen atzean beste enpresa bat dago: Atlas Holdings Europe SL, egoitzak Mexikoko Monterreyn, New Yorken eta Madrilen dituena. Nazioarteko negozioen amaraun horretan sartuta, batek daki zer egin nahi duten jabe horiek Amara Berrin —Reale Arenatik bertan— dagoen eraikin horrekin; auskalo ze plan daukaten etxadi osoa hartzen duen orubearentzat. Oraingoz dakigun bakarra da Karmeloko ikasleek beste ikastetxeren bat bilatu beharko dutela, eta berrogei irakasle lanik gabe geratzeko zorian daudela. Langileek diotenez, «ELA sindikatuaren laguntzarekin» ari dira «gure lanpostu eta lan baldintzak defendatu eta ikastetxearen itxieraren atzean Scientia School enpresaren negozio asmoak daudela salatzeko». Ze dirutza jaso ote zuen Eliza Katolikoak Karmelo ikastetxea —irakaskuntzako jarduera eta guzti— Scientia School bezalako enpresa bati saldu zionean? Beloradoko aferarekin garbi geratu da zer-nolako lana ematen dioten ondasunek Elizari.

Eliztarrena ez bezalako militantzian ibili ziren joan den mendeko 60-70eko hamarkadetan, Palabras contra el olvido liburuan (La oveja roja, 2023) beren testigantza eman duten orduko sei gazteak; haien artean Sabin Arana (Sestao, 1944-Gasteiz, 2013), Enrike Gesalaga (Eibar, 1943) eta Josu Ibargutxi (Eibar, 1949). Kontatzen dute ETAtik ETA-VIra egin zuten bidea, eta hortik Liga Komunista Iraultzailera, hau da, troskismora. David Beorlegik eta Carmen Ochoak jaso eta josi dituzte haien arteko elkarrizketak. Protagonistek gertutik bizi izan zituzten, besteak beste, Burgosko Epaiketa (1970) eta Segoviako espetxeko bi ihesaldiak: 1974-1975ean egindako ahalegin frustratua, eta 1976ko apirilaren 5ekoa, bost urte geroago Imanol Uribek zinera eraman zuen hura.

Funtsean azaltzen dutena da beren kontzientzia politiko eta soziala nola piztu eta joan zen garatzen, joera bat edo bestea hartuz, eztabaida ideologikoen baitan. Dena dela, esanguratsuena da frankismoaren ondoren iritsi  zen Trantsizioa deituriko garai hartan pairatu zuten desengainua. Ibargutxik aitorpen hauxe egiten du: «Estreinako hauteskundeetan, 1977ko ekainean, jaso genuen lehen zaplaztekoa». Bide beretik doa  Arana: «Nik uste oso barneratua zegoela PCEren eta PSOEren erreformismoaren garaia zela». Troskoak, eta ezkerra oro har, galtzaile bihurtu ziren.

Galtzaile beste arlo batean —pilotan— eskuz banakako finalerdietan Artola, Altunaren joko sendoa garaitu ezinik. Irabazle, ordea, hizketan, partida ondorengo adierazpenetan. Hutsik egin gabe euskaraz mintzo den alegiarra kirolaren esparruan dagoen komunikatzailerik bikainena da, topikoetatik aske, sentipenak zehatz eta dotore transmititzen dakiena. Baita partida galtzen duenean ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.