Bada, azkenean ez dugu jakingo zer egingo zukeen Junts alderdiak PSOEk amnistiaren legean aldaketarik onartu izan ez balu. Pena da, ze morbo pixka bat bazuen gaiak eta txuleta batzuk ere bazeuden han-hemenka jokoan gertatuko zatekeenaren inguruan. Baina hobe horrela, ez gaitezen deabrua tentatzen hasi. Momentuz behintzat urrats berri bat legealdian aurrera jarraitzeko, hori garbi dago, eta Katalunian beste bat independentismoa berrindartzeko, hori ez dago batere garbi. Bitxia da aztertzea zein erraz jaten dituen denbora gutxian Pedro Sanchezek solemnitatez emandako hitzak. Loa kenarazten zion Podemos izan zen hasieran, gero EH Bildu ere bai eta orain amnistia. Bitartean, beste asko eta asko.
Gezurrontzi handia delako gertatzen omen da hori askoren ustez, baina beste batzuok pentsatzen dugu bere buruarekin daukan konfiantza eta maitasun infinitua dela bultzatzen duena hanka-sartze horiek izatera. Esan nahi da, benetan uste duela hasieran emandako hitza betetzeko moduan egongo dela, bere iaiotasun mugagabea medio. Kontua da higadura sortu duela bere irudian etengabeko ziabogak eman beharrak, ibilbide sigi-sagatsuak. Iruditzen zaigu, hala ere, hasierako ahoberokeriek kalte handiagoa egiten diotela, azkenean hartutako erabakiek baino; horregatik da zaila ulertzea zergatik erakusten duen beti bere burua hain irmo, zirrikiturik utzi gabe, jakinda azkenean errealitateari men egin beharko diola.
Baina horrekin guztiz jabetuta, zaila egiten zaigu onartzea Pedro Sanchez galtzen ari denik, zirimola izugarri batean nahastuta dabilen arren. Begirada luzeko apustua da berea eta surfean zerbait badakiela ere erakutsia digu. Bistan da prest dagoela ibilbidean bere alderdia sakrifikatzeko —eta hala gertatzen ari, udal hauteskunde eta autonomikoetan hasi, Galizia barne, eta, seguruenez, europarretan jarraitu—, baina etorriko omen da buelta. Momentuz, seguru dago lorpena izan duela han-hemengo alderdi abertzaleak bere txistuarekin dantzan jartzea. Iruditzen zaigu ez dabilela erabat oker pentsamendu horrekin, eta abentura horretatik bizirik ateratzeko bide bakarra hori duela.
Amnistiarena Kataluniako independentismoaren garaipen handia omen da, Pedro Sanchezi erauzia. Junts-ena bereziki, hordagoari eutsi diolako, nahiz eta ERC aldarrikatzen ari den, ez zaio arrazoirik falta horretan, bera izan zela lehena gaia mahai gaineratu zuena. Agian horrela izango da, baina oso epe motzera begirako lorpena, azkenean gauzatzen bada, gainera. Ez baitirudi balentria honek berebiziko susperraldia ekarriko dionik independentismoari, ezta Puigdemonten balizko itzulerak ere. Are gehiago, zatiketa areagotzen ari dela dirudi. Horren lekuko dira, besteak beste, ANC-ren baitan dauden borrokak zerrenda zibikoa aurkeztearen inguruan (ostiralean jakingo dugu emaitza), Clara Ponsatík eta Jordi Grauperak iragarri duten zerrenda eta, beste guztia gutxi balitz, eskuin muturretik Silvia Orriolsen Aliança Catalana alderdiaren mugimenduak.
Sakonean, publikoki oso gutxik haizeratzen dituzten galderak daude hemen bueltaka. Ezkutuan lotsakor samar botatzen direnak, deserosoak direlako erabat eta erantzuteko zailak. Posible al da independentismoan aurrera egitea alde egin nahi duzun estatuko gobernagarritasunean gero eta gehiago inplikatzen bazara? Merezi al du epe motzeko garaipen sorta batek, horrek luzera desio independentistari kalte egiten badio? Egia al da independentzia prozesu orok estatuko agintean etsaiak beharrezkoago dituela aliatuak baino? Azkena eta ankerrena: independentismoari ez al lioke mesede handiagoa egingo epaitegietan maltzurki eta krudelki amnistia eragotziko balitz? Galdera deserosoak, zinez. Gaitz erdi, erantzunak bagenitu. Banitu.