Inaki Galdos

Gaitz erdi

2025eko apirilaren 22a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gutariko askok izango du Aberri Egunen inguruko bere ibilbide afektibo pertsonala. Norberaren bizipenak eta gertukoenak. Baita 1932tik aurrera historian zehar urte jakin batzuetan mugarri izan diren zenbait ospakizun bereziren ezagutza ere. Bada, onar dezagun azken urteetakoak ez direla gogoratuenak izango, hainbat talde eta pertsona egiten ari diren ahalegin handia oso txalotzekoa den arren. Galdera zorrotza bezain ankerra izan daitekeela onartuta, egin beharrekoa da: ez al da egia gero eta aberri gutxiagotuagoa dugula ospatzeko?

Igandean erreportaje interesgarri askoa sinatu zuen egunkari honetan Iosu Alberdik, Aberri Eguna hizpide, Sabino Arana eta Olaso Dorrea fundazioei eta Agirre Lehendakaria Centerri hitza emanez. Horietako ordezkari baten iritziz, gure historian abertzaletasuna zazpi herrialdeetan ez da inoiz hain indartsu egon eta gero eta homogeneoagoa da haren presentzia. Hona hemen egoeraren irakurketa arriskutsua, abertzaletasunaren osasuna euren buruak abertzaletzat dituzten alderdien boto uzta oparoekin parekatzen duena. Errealitatea bestelakoa da ordea, eta, botoak boto, paradoxikoa dirudien aren, nazioa urritzen ari zaigu, begi bistan dugun eta geldiezina dirudien dinamika baten erdian. Ez gara hemen hasiko arriskuen inbentarioa egiten, euskararen galera zerrendako buru. Izango dugu beta horretarako aurrerago; baina bada beste kontu bat kezka handia sortzen diguna: nola defendatu aberria?

Oro har, garai bateko aldarrikapen sutsuetatik harreman antinomikora pasatu ginen aberriarekiko eta orain urrats berriak egiten ari gara, baina atzeraka: ukapena ez bada utzikeria da. Lotsa ere bai, hori baita askok sentitzen duena egunero ikusi eta sentitzen duena adierazteko, hainbat jendek erantzungo dionaren beldurrarekin. Identitate hitza aipatze hutsa ere susmagarri bihurtu da tamalez zenbait esparrutan. Atzo Ana Urkizak Noticias taldeko bere zutabean idatzi zuen igandean bertan atzerrian baino atzerritarrago sentitu zela kostaldeko herri txiki eta oso euskaldun batean. Gauden egoeratik ateratzeko ezinbestekoa da ditugun arazoak zintzoki onartzea. Hori, eta oinarrizko adostasunak lantzea. Baina horretan ere badirudi atzeraka goazela, adibidez Ikurrinaren kasuan, hori ere zalantzan jartzen ari direlako hainbat sektore, erabat ulertezina egiten zaigun estrategia baten baitan. Nazioartean ezagun gaitzaten inoiz lortua dugun garaipen handiena, hemen hamarkada luzez adostutako kontuen artean adostuena izan dena, hori ere eztabaidagai orain.

Iazko azaroan saiakera liburu eder batekin agertu zitzaigun Joseba Zulaika antropologo eta pentsalaria (Aberriaren inpaseak, Alberdaniak argitaratua). Ameriketan lau hamarkada luzez egon ondoren bueltan aurkitutakoaren inguruko begirada fin bezain zorrotza, asko pentsarazten duena, hari-mutur askori heltzeko gonbidapena ere badena. Bere tesi nagusia, iraultzaren eta erreformaren garaiak ahaztuta, ez aurrera eta ez atzera gaudela. Jakina, itziartarrak onartzen du horrek egonezina sortzen duela gugan, baina aldi berean aldarrikatzen du impasse egoera hauek saihetsezinak ez ezik beharrezkoak ere badirela aurrera begira eta gure aurrerapenen eta transformazioen ispilu. Subjektu berriek gidatuko lituzketen garai berrien atariak.

Hilabete batzuk lehenago helarazi zidan Zulaikak liburuaren lehen zirriborroa eta berarekin hitz egiteko beta ere izan nuen hura irakurritakoan. Nire txikitasunetik ñabardura xixtrin batzuk egin ondoren adostasuna adierazi nion berak landutako ikuspuntuarekiko; poza ere bai, nire baitan bueltaka zebilen frustrazio gogaikarria baretzeko benetan baliagarri suertatu zelako bere (neurri bateko) baikortasuna. Bada, agian beste basoerdi bat hartu beharko dut berarekin, urte eskas honen bueltan okerrera egin duelako nire kezkak, ia porrotaren sentipeneraino. Sinetsi nahi nuke oraindik ere impasse egoeran gaudela, aurrera egiteko moduan. Gaitz erdi izango litzateke hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.