Inaki Galdos
ARKUPEAN

Gainbehera

2022ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Inoiz ez bezala, Gaztela eta Leongo hauteskundeak oihartzun zabala izaten ari dira, beste inoiz ez bezala Estatu osorako sekulako garrantzia dutelako, hurrengo hilabeteetan gertatuko denari begira, hiru alorretan batez ere: erakundeetako aliantzak, hauteskunde han-hemenka berrietara deitzeko erabakiak eta alderdien baitan utzitako ajeen ondorenak. Aztertzen hasita, asko dira igandekoak eskaintzen dituen aukerak, eskuin muturretik hasi eta Sorian buka, baina Podemosen gainbeherari helduko diogu, besteak beste ez delako supituan iritsi den zerbait, joera baten kapitulu berri bat, agian azkena. Azkena diogu, ez joera aldatuko delako, agian hau izan delako ezagutzen dugun bezala bere burua aurkeztu duen hondarreko aldia baizik.

Ez gara hemen zenbakiak xehatzen hasiko, baina konpli da esatea jipoia hartu duela Unidas Podemos koalizioak. Izan da gaia disimulatzen saiatu denik, 2015 eta 2019ko hauteskundeetan koalizioko kideak bakoitza bere aldetik aurkeztu zirela ezkutatzen, jaitsieraren dimentsioa leuntzeko... Kontua da, ordea, irudipena daukagula inor engainatzeko asmoarekin baino gehiago, norberaren buruak limurtzeko egin dituztela batzuek ariketa horiek. Susmo hori, gainera, areagotu egiten da espazioa osatzen duten hainbat kidek egindako irakurkera harrigarriekin, eutsi egin diotela adierazten. Eta klasikoen artean klasiko, hedabideen jarrera.

Aspalditxotik dabil Yolanda Diazen izena denon ahotan, igandetik aurrera are gehiago. Pablo Iglesiasek berak modu arraro -nolabait deskribatzearren- samarrean oinordeko izendatu zuenetik, hiru dira bereziki helarazi dizkiguten datuak: espazioa berreraiki beharra dagoela izen, egituraketa eta lidergo berriarekin; Diaz izango dela lider berria (lider elektorala, argitzen digute badaezpada). Horiekin batera, bidean geratu den jendearekin elkarlanari ekingo zaiola. Plana hau izanik, badago dagoeneko ministro galiziarrarentzat alfonbra gorria lehenbailehen jartzeko eskatu duenik, ez omen dago askorako astirik. Baina kontua ez da hain erreza.

Hasteko, nabariegia da ezinbestean hartutako erabakia izan dela saiakera hori egitearena, etsipen puntuarekin. Diazen eta egungo Podemosen zuzendarien arteko harremanak hizpide, garbi sumatzen da batzuen zein besteen adierazpen, agenda eta jardunean mesfidantza handiegia dagoela, talka eta iritzi ezberdin franko tarteko. Beste alde batetik, bistan da Diazek bidaidetzat hartu nahi dituen hainbat politikari ez daudela euren momenturik onenean, Mónica Oltra kasu. Horrekin batera, memoria pixka bat eginda, ez dugu ahaztu behar 2020ko Galiziako hauteskundeetako kanpainan ere izan zela Yolanda Diaz pizgarri gisa erabiltzeko ahalegina, sekulako itxaropena jarri zutela orduan berarengan (hemeroteka errepasatzea beti da komenigarri: ministro-mirari ere deitu zioten), eta hala ere bere koalizioa 9tik 0 diputatura jaitsi zela. Baina ororen gainetik, oraindik ez dakigu, agian berak ere ez, azkenean fronte zabala edo dena delakoa gidatzeko erabakia hartuko duen. Laburbilduz, zalantza gehiegi agonia egoeran dagoen mugimendu batentzat.

Azkenaldi honetan Podemos mugimenduaren sorrera eta bilakaeraren inguruko ekarpen interesgarri pare bat irakurri ahal izan ditugu. Lehena Iñigo Errejonek Jacobin América Latina aldizkarian idatzia 2020ko azaroan. Bestea, Le Monde Diplomatique hilabetekariko urtarrileko alerako Mäelle Mariettek sortua. Bietan eskaintzan dira igandeko Gaztela eta Leoneko hauteskundeetako emaitzak ulertzeko hainbat klabe, baina bigarrenak Juan Carlos Monederoren ahotan jartzen duen gogoeta bat ekarriko dut hona bukatzeko. Izan ere, Podemosen gorakada hura posible izan omen zen, ezker klasikoaren porrot historikoaren zergatiak ondo ulertu zituelako. Bada, berreraikitze arrakastatsua izan nahi badute, mugimenduaren gainbeheraren zergatia ere igandetik hona hartzen ari direna baino serioago hartu beharko dute. Bestela ez da eguzkiaren azpian Yolanda Diazik izango altxatuko duenik. Zoritxarrez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.