Hiru Damatxo Ideia Faktoriak berriz egin du. Erran nahi baita bideoklip latza, euskal wikipediarentzat. Honako honetan Noveccento pelikularen hasierako koadroa animatu dute, emakumearen historiari buruzko artikuluen lehiaketa iragartzeko.
Margolana Il Quarto Stato deitzen da (Laugarren Estatua). Giussepe Pellizza da Volpedo italiarrak margotu zuen, 1901ean. Italia batu berrian, nekazari mundutik lantegietara iritsi berriak, beharginak greban irudikatzen ditu: proletalgoaren lehen huelgetako bat.
Ezin ikonikoagoa da: lamina karpetan eduki ez duenak posterra logelako paretan itsatsi du, eta denek ikusi dute koadroa tabernako horman eskegita. Alta, orain arte gutxiri egiten zien karranka, haur txikia besoetan, grebalarien buruari zerbaiten eskean ari zaion emakumearen irudiak.
Hain justu emakume hori jarri dute hizketan, zehazkiago rapeatzen, Hiru Damatxokoek: «Hey, Gabino, har ezazu banbino!». Pentsa liteke zaplada lehorra belaunaldi zaharragoetako gizonezko militante testosteronikoei jotakoa dela. Haatik, gizonezko militante gazte maiteok, leloaz haragoko letra txikiak beste masail gazteagoak (ere) kokatzen ditu belarrondokoaren jo puntuan: «Kamisetan Anari duen aliatu xumea, esan eta esan zenbiltzan hauxe zela unea, bizitza zela borroka eta erdigunea, ez al zenuen umea nahi? Har ezazu ba umea!».
Beste behin ere aldarrikatu nuen D ereduko gurasoa koinatu espainiarraren baliokide soziologiko moduan. Ez profil berekoa. Baina bai klixe moduan erabilgarria. Bidenabar esanda, D ereduko gurasoa naizen hau ez ezikD ereduko guraso ez zaren zu ere barnebil zaitzakeena (sorry: ez zara libratu).
Eta, D ereduko aiten artean, ez dira gutxi eskola kontseiluan edozein jarduera antolatzeko beti prest egonda, etxeko jardueren antolakuntzan beti huts egiten dutenak. Edo hamaika kolektibotako hamaika bileratan parte hartzeagatik (helburua da ala aitzakia?), seme-alabekin sekula biltzen ez direnak.
Ariketa gogor bezain argigarria gizonontzat, bereziki aitontzat, Gabinoren ispiluaren aurrean jartzea, martxoaren zortziko greba hurbiltzen ari den honetan.
Bideoklipak, ordea, gehiagorentzako eskaintzen du ispilua, feminismoa, klasea eta hizkuntza gurutzatzen diren puntuan kokatzen baikaitu. Eta irudipena daukat azkenaldian, klasearen eta hizkuntzaren arteko bidegurutzean, guk geuk geure buruari tranpatxoa egiten diogula. Nor garen gu? Derragun azpitalde bat garela: D ereduko guraso euskaldunok, jakin badakidan arren generoak hor ere desberdintasun handiak eragiten dituela.
Sarri hizkuntzagatik eta klaseagatik zapaldutzat aldarrikatzen dugu geure burua, eta bi zapalkuntzak erlazionatutzat aurkezten ditugu. Alta, egun, maiz, Gabinorekin batera bere bikotekide Marietta ere joaten da manifestaziora, azal ilunagoko Fanyk lau sosen truke haurra zaintzen (edo komuna garbitzen, edo aitona paseatzen) duen bitartean.
Bistan da D ereduko guraso euskaldunon artean bada working class ugari. Baina horren agerikoa ez izanagatik, gure gizarteko periferietako sektorerik prekarizatuenetan, zapalduenetan, oso euskara gutxi mintzatzen da.
Aspirazio demoskopikorik gabeko datua: irratirako, askoz errazago lortzen dut euskarazko kortea hezkuntza publikoko irakasleen greba batean, zahar etxe bateko zaindarien batean baino; Volkswageneko langileen protesta batean, Nafarroako Ospitaleko sukaldeetako langile azpikontratatuen batean baino.
Eta euskara periferia horietara ere eramanen badugu, nondik abiatzen garen argi edukitzea komeni.
ARKUPEAN
Gabino
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu