mikel elorza

Funtsaren funtsa

2024ko urriaren 9a
05:00
Entzun

Adegikoekin kupitu eta dena egin nintzen, entzun nituelarik penaz hemengo enpresetan hemengo kapitala ezin zela mantendu, eta esfortzua egin beharra dagoela hor, gure enpresek gurean segi dezaten. Carrefourrek BM erosi nahi duela-eta egin zituzten adierazpenok, eta niri odolaren RH negatibo zatia borborka hasi zitzaidan, atzerriko kapitalaren herraz, etxeko kapitalaren miraz, akziodun odolkideekin espirituz bada ere anaituta.

Azkar pasatu zitzaidan beroaldia, hala ere. RHa positiboa daukat zeharo, eta beraz odolaren borborra gehiago izango zen kolesterol kolpe bat irakinaldi aberkide bat baino. Zeren eta nik ere nahiago dut gure kapitala gurean gelditzen bada, baina gure horrek arantza gehiegi ditu. Kapitalismo globalak mugarik ez du, dirua da batzuen aberri bakarra, eta egiturak ondo funtziona dezan koipea da espekulazioa. 

Nik ere deitoratzen dut halako batean jabe berriak irizpide bereak ezarri eta horrekin kaltetzen baditu langileak, lanpostuak kenduz, eta hemengo hainbat ekoizle, haien produktuak ez erosiz, aurrekoak egiten baitzuen. Hori galera da, dudarik ez daukat, eta galaraz baliteke, hobeto.

RHaz bainoago, ordea, odolaren koloreaz ari gara. BMren akzioen %30 daukate gaur egun euskal akziodunek, bertzeak bertze %70a Pai Partners izeneko inbertsio-funts bati saldu ziotelako duela urte batzuk. Inbertsio-funts bat zeinaren asmoen artean zegoen, BMko partea erosi zuenean, Euskal Herriko laborari eta arrantzaleei produktuak erostea, 0 kilometroa indartzea, elikadura beregaina sustatzea… zakurraren tiranteak!! Dirua egitea da funts hauen funtsa, eta orain bere zatia gizendu delarik, saltzea erabaki du. Pai Partners zer den Interneten ikus dezakezue, erakusten duena noski, halakoetan erabiltzen den jargoi moderno, parpailadun eta enprendedorea jasan baldin badezakezue (connecting opportunity, transforming futures…).

Filmeko gaiztoak dira hauek orain, baina ez dira sarraskijale bakarrak. Beste funts batzuk ere sartu ziren BM kontrolatzen duen Uvescon, GAEA eta Stellum Capital adibidez, inbertsio-funtsak hauek ere, euskal sustraiak dituztenak (batek webgunea euskaraz badu). Klik gutxi batzuekin horra iritsi naiz, baina batek daki zenbat gehiago dagoen atzean, funtsetik funtserako antzara jokoan. Burtsa- eta negozio-eragiketa hauek izebergak baitira: hotzak, altzairu gogorrena ere motz dezaketen ertz zorroztunak, ama lurrik gabeak, kapital globalaren uretan urtzen direnak. Eta puntaren punta baino ez dute erakusten.

Kapitalismoa da, elikadura etengabea behar duen sistema, eta gu parte gara. Gure aurrezkiek kontu korrontean deus ematen ez dutela eta zerbait gehixeago edukitzearren ez dakit non sartzen ditugunean, bankuko betiko langile gure konfiantzakoak aholkatuta, bada sistemari jaten ematea besterik ez dugu egiten. Katebegi ñimiñoa gara, eraginik ez duena, azpi-azpian dagoena; baina katearen parte. Adegi ez. Ez dagoela azpi-azpian, alegia. Hau bada nor, bere jokalekua da kapitalismoa, eta bere arauen ondorioak jasan behar ditu, malkoak malko. 

Itsasoari jabea jarri nahi zaio (eaux territoriales/aguas territoriales erabiltzen da!), baina han nagusiak beste batzuk dira. Arrain handiek txikiak jaten dituzte, eta arrainontzi handiek txikiak. Itsasoan bandera guztiak komenentziazkoak dira.

Globalizazioaren kalteak gutxitu eta gure enpresek eta kapitalek gure izaten jarrai dezaten modu bat badago, aspaldi asmatua: nazionalizazioa. Baina ez zaie gustatzen. Salbu eta zorrak eta galerak nazionalizatu behar direnean. Erreskatea deitzen diote orduan. Kapitalismoaren ozeanoan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.