Xabier Mendiguren Elizegi.
ARKUPEAN

Eztabaida baterako baldintzak

2018ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Txiste ezaguna egingo zaizue batzuei: adin handira itxura eta osasun onarekin iritsi den bati galdetu diote: «Nola egin duzu, dituzun urteak edukita, hain ondo egoteko?». «Inorekin ez diskutitzeagatik izango da», erantzun du, apal, zaharrak. «Ez da horregatik izango!». «Ez, ez da izango».

Txiste horrekin oroitu naiz egunotan. Hain zuzen, orain dela bi asteko nire artikulua (Ni ere «bocaviva» izenekoa) Facebook-eko bere horman jarri zuen lagun batek, eta dexenteko kalapita piztu zen bertan. Artikuluan agertzen ziren ideiak euskaltzaleen artean aski ezagunak eta onartuak izan arren, parada honetan antieuskaldun sutsuren batzuek bere amorrazioa isurtzeko baliatu zuten aukera, eta haiekin ibili ziren sesioan estimatzen ditudan hainbat adiskide, hala nola Txani Rodriguez edo Juan Luis Zabala.

Kasuak zer pentsatua eman didanez, inori leziorik emateko asmorik ez badut ere, aholku batzuk utziko ditut hemen, eztabaida batean noiz sartu eta noiz ez erabakitzeko orduan lagungarri izan daitezkeenak.

Eztabaidak zure bizibidea baldin badira, telebista edo irratietako tertulietan xextran ibiltzeagatik ordaintzen badizute, hau ez da zuretzat. Orobat, inorekin ika-mikan zabiltzanean listu jarioan hasten direnetakoa baldin bazara, bejondeizula: segi gozatzen. Besteentzat da ondoko gomendio sorta, liskarrari ekin edo ez zalantzan egoten zaretenontzat.

Hasteko, funtsezko ideietan kontrako amorratuak bazarete, alferrik ariko zara argudiorik burutsuenak asmatzen: sekula ez duzu aurkaria konbentzituko, eta are okerrago, ulertu ere ez zaitu egingo (edo zuk bera), oinarri desberdinetatik abiatzen zaretelako, partekatutako esperientziarik eta koderik ere ez daukazuelako (hori gertatu ohi da, oso maiz, erdaldunekin euskarari buruz aritzen garenean).

Jarraitzeko, ez hasi liskarrean fanatiko burubero batekin: munduko arrazoi guztia bazenu ere, adibideak bata bestearen atzetik eskaini arren, sekula ez du amore emango eta bereari eutsiko dio beti, temati. Antzeko zerbait esan liteke eztabaidakidea pertsona maltzur eta gaiztoa denean: hark ez du zure burubideak entzuteko interesik, haiek desitxuratzeko ez bada; eztabaidan jarduteko modu bakarra zu ere bera bezain alua eta makurra bihurtzea da, baina hori al zen benetan nahi zenuena?

Aurreko zerrenda osatzeko, ergel batekin eztabaidatzea benetan ariketa nekagarria da, zuk argudio argiak garatu arren, berak ilunpe lauso batean baitauka bere garuna, eta ezin ikusi zuk esan nahi diozuna. Ez du harrapatzen ironiarik, ez esanahi bikoitzik, eta haren gainetik gailenduko bazina ere, nobleziarik gabeko garaipena izango litzateke, ezer irakatsiko ez dizuna. Zu baino askoz azkarrago den batekin ere, hobe ez sartzea, kontrako arrazoiengatik. Egoskor setati batekin eztabaidatzea ere gogaikarria izaten da, zure arrazoiketari erreparatu gabe bereari bakarrik begiratzen baitio, nahi ezta ere.

Esandako guztiak esanda, eztabaida mamitsua eta aberasgarria izango bada, zure oinarri kultural bertsuak konpartitu behar ditu lehiakideak, eta funtsezko auzietan iritzia konpartitu; ez du izan behar fanatikoa, ezta ere asmo gaiztoko gizatxarra; hobe da inteligentzia eta kultura maila aldetik zure paretsu baldin badabil, eta horrez gain etorkorra izan behar du, besteak arrazoia baldin badu eman egingo diona. Noski, alferrik da besteari baldintza hauek guztiak eskatzea, zuk zeuk betetzen ez badituzu.

Eta, pentsatzen jarrita, biak holakoak baldin bazarete, zertan hasiko zarete eztabaidan? Ez al duzue hobe elkarrekin zerbeza bat hartzea, bizitzako gauza ederrez solastatzen zareten bitartean?

Horrela, gainera, errazago iritsiko zarete zahartzarora osasun betean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.