Aner Euzkitze.

Ez itzultzearen erotika bat

2024ko irailaren 19a
05:00
Entzun

Itzultzea barkatzeko modu bat da, edo ahaztekoa behintzat. Itzulera epikoa da, zauriak ixten ditu, azala berregiten. Uste duzu isila behar duela, konbentzio ahoskaezinez egina, azalpen handirik gabea; bakoitzak ematen dio bere zentzua, eta hobeto horrela. Bestela ez litzateke itzultzea, etortzea litzateke, berretortzea gehienez ere, eta ez da gauza bera. Joandako jendea irudikatzen duzu egoten, egunak zenbatzen, xehe-xehe neurtzen zenbat denbora behar den itzulerak zentzua izan dezan, ederra izan dadin, sendatzailea, gozoa. Egun honetan itzuliko naiz, hau izango da itzultzeko egun egokia.

Eskerrak artikuluan letrak soilik ikus daitezkeen. Lotsa ematen du gela honek: iragan gehiegi garbitu gabe. Iraila da, eta urtero gisan, ezberdin berregiten da mundua. Iraila hasiera bat da, eten bat. Urtarrila ere hor dago, baina gehiago da tramite familiar gorrotagarri bat. Gorrotagarria tramite oro bezain, baina ez batere hasiera.

Iraila da bizitza kolpean parez pare jartzen dizun zera hori. Lainoa utzi eta euritara jaistea. Zarata, beste zarata bat, isilagoa. Ordena. Irailean beti dakizu asteko zein egun den. Egutegia da iraila. Zinema, pilates, zeramika, antzerki-tailerra, defentsa pertsonala, igerilekua, yoga, lana. Iraila da «egun on!», baina beharbada zu ez zinen ametsetan ari. Lotan baino ez zeunden, edo ohean etzanda, deskantsatzen, begiak itxita, arratsaldeko seietan. Eskerrak ez duzuen gela hau ikusten: etorkizun gehiegi antolatzeko.

Iraila da itzultzea. Ingurura begiratzen duzu eta mundu guztia itzuli da. Mundu guztia itzuli da bere zereginetara, lanera, etxera. Amaitu da uda eta itzuli dira ardurak, kezkak, agenda, farolak, tea, ontzi-garbigailudun etxea, heldua izatea deitzen zaion gauza hori. Antza, galdetuz gero, zer den inork ez dakien gauza hori, baina galdetu ezean bai.

Uda, eduki duen iraupena eduki duela (hiru hilabete, hamabost egun, eszedentzia bat, baja bat, karrera bat, karrera bat eta master bat, karrera bat eta master bi eta doktoretza hiru), amaitu da eta iraila etorri da eta mundu guztia itzuli da. Mundu guztia itzuli da beretzat espero zen lekura, zegokionera. Mundu guztiak zeukan aulki bat nonbait bere zain, eta aulki hura betetzera itzuli da. Udaz oroitzeak aulkian jarrita denbora pasatzeko balioko dio mundu guztiari. Egun batez aulkidun mundu guztiari Instagramek gogoraraziko dio hoy hace 3 años estabas aquí eta pantaila-argazkia bidaliko dio beste aulkidun bati, eta irribarre zahar bat aterako zaie biei.

Mundu guztiak oroitzen du pozez uda, eta hargatik itzuli da irailean, atseden hartzera. Mundu guztia itzuli da bikote batekin tonteatzera, eta itzuli da bikote horrekin bizitzen jartzera, eta ezkontzera, eta haurra eta etxea eta kotxea eta haurra eta asko maite dute elkar eta beti da gizona zaharragoa eta itsusiagoa eta aspergarriagoa.

Mundu guztia itzuli da leku zehatz horretara, sekula lehenago hor egon ez zen jendea ere bai. Eta horretara itzuli ez dena horretara itzuliko da eta horretara itzuliko ez denak horretara itzuli nahiko du. Badago egon ez den lekuetara itzul daitekeen jendea, eta badago egon den lekuetara itzul ez daitekeen jendea.

Eta zuk, bitartean, han ikusten duzu zure aulkiaren lekua, eta batzuetan badirudi ez dagoela aulkirik ere. Pentsatzen duzu uda amaitu eta itzultzean, eta igual itzuliko bazina ere ez zinateke itzuliko. Ezingo zinateke itzuli. Hainbeste gauza gertatu da udan. Itzuliko bazina ere ez zinateke zu edo ez litzateke aulki hura. Pasatzen zara handik eta zu ez zara sekula han egon. Hutsune bat bakarrik dago. Hutsune bat dago, bakarrik. Ohartzen zara itzultzea ederragoa dela, eta beharbada asmatu beharko genukeela ez itzultzearen erotika bat ere. Egongo da ihesik gabeko ez-itzulera patxadatsu ederrik, eta mundu guztia ez da hainbeste jende izango.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.