Aurkeztu zuten astelehen arratsaldean Kriminologiaren Euskal Institutuak Jaurlaritzaren eskariz tortura kasuei buruz egin duen lanaren amaierako txostena. Paco Etxeberria eta Carlos Martin Beristain medikuek eta Laura Pego zuzenbidean doktoreak sinatzen dute hainbat arlotako berrogeita hamabost profesionalek burututako lana. Laurehun orritan bildu dituzte 1960-2014 urteen artean izandako lau milatik gora kasu dokumentatu, hiru mila laurehun eta hamabost pertsonari dagozkionak. Tortura eta tratu txarren vademecum bat, nazioarteko erakundeek gaiari buruz ezarrita dauzkaten protokoloen baitan jaso eta aztertuak. Lan zientifiko bat forman, zirraragarria testigantzetan, zorrotza analisian, tartean genero ikuspegia sartuta. Jaurlaritzaren webgunean dago eskuragai. www.irekia.euskadi.eus-en.
Aurkeztu zuten txostena Jonan Fernandez Jaurlaritzaren Bizikidetza idazkari nagusiak eta Pako Etxeberria eta Laura Pego ikerketa zuzendariek prentsaurrekoan, eta PSEk berehalako zalapartan adierazi zuen bere jarrera: ez dator bat txostenarekin «ez mamian eta ez forman», «gatazka baten teoria» elikatzen duelako, besteak beste. Sekuentziak astearte eguerdian jarraitu zuen: Josu Erkoreka Jaurlaritzaren bozeramaileak «desadostasun txiki»-tzat kalifikatu zituen PSEk bere oharrean esandakoak, eta ez omen dute zalantzan jartzen gobernuko bi alderdiek poliziaren biktimei buruz adostua dutena.
Alferrik esango du Paco Etxeberriak tortura jasandakoen artean sozialistak eta UGTkoak ere badaudela. Izan ere, PSOEri eta haren hemengo adarrari ez zaie komeni, nonbait, kontu horiek astintzen hastea. 1983ko urrian, Lasa eta Zabala Intxaurrondon eta La Cumbren torturatu zituztenean, PSOE zegoen agintean Espainiako Gobernuan. Julen Elgorriaga sozialista zen Gipuzkoako gobernadore zibila; Galindok jakinaren gainean jarri zuen Elgorriaga: bi mutilak txikituta zeudela torturen ondoren, eta errematatu egingo zituztela. Hilabete batzuk geroago Elgorriagak ez zuen kontzientzia pisurik izan tortura leku izan zen La Cumbre hartan bertan jartzeko bere egoitza. Garai hartan Ramon Jauregi zen Madrilgo Gobernuaren ordezkaria Euskal Autonomia Erkidegoan. Urte batzuetara, beste Jauregi batek Juan Mari Jauregik joan behar izan zuen La Cumbrera, hango eta Intxaurrondoko zokoak eta kontuak garbitzen laguntzera, Gipuzkoako gobernadore zibila zelarik, 1994 eta 1996 artean. Lau urte geroago ETAk bizia kenduz ordaindu zion Jauregiri egindako ahalegina.
PSEren asteleheneko oharrak Elgorriaga eta abarren aiekari heltzen dio, ez Juan Mari Jauregirenari. Ez da kimera pentsatzea Madrildik etorriko zirela jarraibideak, badaezpada. Jaurlaritzak zementu puska batekin konponduko ditu, Erkorekaren esanetan gertatu ez omen diren arrakalak. Horretan zalantzarik ez. Zalantzak, Jaurlaritzak torturatuen aitortza eta erreparaziorako daukan eginkizuna betetzeari buruzkoak dira. Nola egin ote diezaioketen aurre jeltzaleek tamaina eta sakontasun horretako gaiari, 50 urtetako praktika sistematikoa dokumentatzen duen txosten sobera kualifikatuari PSEko bazkideek muzin egin eta gero. Sozialisten jarrera horrek, txostenaren egileak bakarrik ez, komisarietan jasandako tortura eta tratu txarren esperientzia kontatu duten hiru milatik gora lagun horiek ezetsi egiten ditu. Txintik esan ahal izan gabe joan zirenak ukatu egiten ditu. Eta iraindu egiten gaitu tortura ohikoa izan dela dakigun eta aitortzen dugun herritar guztiok.
Erregresio garaian gaude, Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioak zedarritu duen salbuespenezko egoeraren mehatxupean. Artikulu horren aplikazioaren babesle izan diren horiek berak dira orain Espainiako Polizia eta guardia zibilek eta Ertzaintzak, neurri askoz apalagoan izanda ere torturaren bidez eragindako mina eta kaltea ahanzturaren harlauzapean ezkutatu nahi dutenak.
ARKUPEAN
Ez ikusiarena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu