Amaia Nausia Pimoulier.
ARKUPEAN

Ez etorri

2020ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Ivan Espinosa de los Monterosek «ez etorri» esan die atzerritarrei. Pandemiak sortutako krisiaren ondoren, egonen diren baliabide eskasek, bere ustez, espainiarrentzat izan beharko lukete. Beraz, bidaiatik bizirik atera eta Espainiako lurraldera iristen badira, etsipena besterik ez dutela sentituko esan die. «Gutxieneko diru sarrera», Voxen bozeramailearen arabera, etorkinei egindako dei arduragabea baino ez da. Ez dago dirurik beraientzat, bakarrik «benetako» espainiarrentzat. Badakizue, America first-en bertsio pata-negra. Baina Espinosa de los Monterosek zuzenean esaten ez duena da mezua afrikarrentzat, latinoamerikarrentzat eta, orokorrean, munduko pobreentzat dela. Badut susmoa atzerriko aberastasun handientzat, kanpotarrak izanda ere, diskurtsoa bestelako izanen litzatekeela. Kasu horretan lasai dago, dirua kentzera ez omen datoz.

Ezberdina gorrotatzen dugu gorrotatzen irakatsi digutelako, eta gorrotatzen dugu ezjakinak garelako. Arraza desberdinak daudela erakutsi digute, eta desberdinen aurrean ezberdinkeriaz jokatzen ikasi dugu. Baina arraza bakarra gara, giza arraza, Afrikatik hainbeste urtez atera zen arraza bera. Homo sapiens espeziea, gizaki osoaren espeziea, Afrikan sortu zen duela 300.000 eta 200.000 urte bitartean. Ekialde Hurbileko kobazulo batean giza fosil baten bidez jakin izan dugunez, duela 180.000 urte inguru utzi genuen Afrikako lurraldea, eta hortik sakabanatuz joan ginen, larruazalaren tonalitatea, begien forma eta ezaugarri ezberdinak garatuz. Imajinatzen dut, bai, Espinosa de los Monteros, Marine Le Pen edo Trump bezalako politikariek (nahiz eta batzuetan oinarrizkoenean ere harritzen gaituzten) datu basiko horiek ezagutzen dituztela, baina diskurtso xenofobo eta arrazistek publiko zabala dute, ala benetan XIX. mendeko teorien arabera uste dute txuriak izate hutsagatik hobeak direla? Argi dago arrazismo arazo bat baino gehiago klasismo arazo bat dela oraindik ere mundua gidatzen duena. Ziur nago Espinosa de los Monteros ez litzatekeela horren urduri sentituko dirutza handiko pertsonak iritsiko balira Errusiatik, Saudi Arabiatik edo Latinoamerikatik. Izorratzen duena pobreak izatea da.

Arrazaren aitzakia oso ondo datorkie, noski; izan ere, arrazen arabera banatzen garenean, gutako batzuk (ipar hemisferioko eta aberats, bide batez esanda) besteak baino gehiago izan gaitezke. Horregatik uste dut, besteen larruazaleko pigmentu kopuruarekin baino gehiago, arazo bat dugula duela mende batzuk, kolonialismo garaian, egin genien bisita itzultzen digutenen klase sozialarekin. Arrazismoak inolako fundamenturik gabeko mezuak bidaltzen dituen bezala, jabetu beharko genuke neoliberalismoak gure gizarteko klase ekonomiko ahulenetara igortzen dituen mezu toxikoetaz; gutxieneko bizi soldata alferrentzat da, arrakasta lortu ez duena ez delako behar beste ahalegindu, edo etorkinak lana kentzera, laguntzez eta gure osasun publikoaz baliatzera baino ez dira etortzen (zaku horretan orokorrean Mallorcako alemaniar erretiratuak ez dituzte sartzen, ez galdetu zergatik). Diskurtso horiek alde batera uzten dituzte bizi baldintzak hobetzea ia ezinezkoa egiten duten egiturazko arrazoiak, familia eta gizarte ingurunea aldekoa ez denean. Eta oso diskurtso toxikoak dira, beren ahultasun egoeraren erantzukizuna pobrearen sorbaldetan bakarrik jartzen dutelako. Alde batera utzita, berriz ere, pertsona horien bizitzak gurutzatzen eta baldintzatzen dituzten egiturazko arrazoiak.

Afrikatik orain dela 180.000 urte abiatu ginen bezala, gaur abiatzen direnei «etor zaitezte» besoak zabalik esan behar liokeen gizarte osasuntsu bat «pobreak bazarete, ez etorri» zikin bat baino ez zaie esaten ari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.