Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Ez da hain fazila

2023ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Kanadako Winnipeg hirian Vital-Justin Grandin Artzapezpikuaren hiribideari izena aldatzeko eskaria egin du Komunitate Indigenekiko Harremanen Sailak. Abinojii Mikanah izena proposatu dute, zeinak ojibwe bertako jatorri-hizkuntzan Haurren Bidea esan nahi duen. Izen berriarekiko erreakzioa askotarikoa izan da, baina aitortu behar dut bereziki harritu nauela izen berria ahoskatzen zaila delako aldaketa arbuiatuz mozioa aurkeztu izanak. Bertako hizkuntza nagusia gaur egun ingelesa da, eta, itxura denez, ingelesdunek oso zaila dute ojibwe-ko soinu-egitura errepikatzea. Herriko agintariek ez dute oraindik erabakia hartu, baina sesio bizia dabil inguru horietan, eta, auzia bideratze aldera, «denok ahoskatzeko» moduko zerbait proposatzeko eskatu dute.

Komunitate indigenek ezezko biribila ematen dute, izena aldatzea ez dela kapritxo linguistiko bat argudiatuz, iragan kolonialaren irakurketa kritikoa baizik. Izan ere, gaur egun merkataritza-zentro dotoreak eta aisialdirako zabalgune ederrak dauden bulebar horretan garai baten haurindigenentzako barnetegiakzeuden, agintari kolonialen eta Artzapezpiku-barrutiaren babespean urte askotan izu-leku ilunak izan zirenak. Datu zehatzik ez dago, baina dokumentatuta dago jadanik ehunka haur indigena desagerrarazi zituztela bertatik, gerora jakin denez, sexu-abusu eta bestelako basakerietatik igaroarazi eta gero. Haurren Bidea etxera bidera sekula itzuli ez ziren haur horien omenez jartzea memoria eraikitzeko oinarria izan daitekeela diote, Kanadako iragan kolonialeko unerik tragikoenetako baten jazo ziren izugarrikeriei aurrez aurre begiratzeak min ematen badu ere. Ahoskatzen zaila dena, agian, ez da hizkuntza bera, eztarrian trabatuta geratu den barkamen-eskea baizik.

Hizkuntza bat ikasten zaila dela esaten digutenean, zakurren zaunkaren antza duela esaten zaigunean edo ahoskatzen zaila dela aurpegiratzen zaigunean, zer da egiazki esaten ari zaiguna?

Eremu publikoan zer den zilegi, zer dagoen legitimatuta publikoki eta modu unibertsal batez zabaltzeko eta zer ez, horixe da auzi hauek erakusten dutena, Kanadan eta Laudion, esate erraz baterako. Hizkuntzek botere-harremanak txirikordatzen dituzte eta, paisaian txertatzen direnean, begietatik barruraino sartuta, egonkortu egiten dituzte. Botere-egitura da auzitan jartzen dena, berriz, eremu publikoan legitimaturik ez dauden hizkuntzak sartzen direnean. Horregatik ahalegindu ohi dira bazterrera berriro eramaten, anekdota exotikoaren kategoriaren ingurumarian baino ez baita onargarria.

Euskaldun berriaren balada Jon Sarasuak idatzi zuen eta Oskorrik makina bat euskara ikasleren ereserki bihurtu zuen, ni neu tarteko. Ez, ez da fazila, ez hizkuntza bat ikastea ezta hizkuntzen kontrako oldarraldia ulertzea ere. Zeurea ez den hizkuntza batez jabetzeak ahalegin handia eskatzen du beti, eta prozesu nekosoa izan daiteke jende arruntarentzat. Zeurearekiko zenbat eta urrunago egon ikaskizun duzuna, orduan eta latzago izango da; ez horregatik, baina, ezinezko. Zegokion euskara-gaitasuna frogatzeko kapaz izan ez zen langile publikoa atzera berriro kontratatzera behartu zuen epaileak kontrakoa uste duen arren, hizkuntzak ez dira, berez, zailak edo errazak, ikaslearen, testuinguruaren eta jatorri-hizkuntzaren arabera gehiago edo gutxiago kostatu arren.

Beraz, hizkuntza bat beste bat baino zailagoa dela esaten zaigunean, beste zerbait aditzera ematen ari dela pentsatu behar dugu. Zer, ordea? Txokokeria delakoan Iruñeko erdiguneko plazaren Constitución izenaren ondoan Konstituzioa idaztea arbuiatzen dutenek ez dute, bada, inolako kontraesanik ikusten asteburu pasa Urdaibaiko txori-gunera joan ordez Bird Centrera doazela esaten dutenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.