Maiatzaren seia zen. Barracas, Buenos Aires. Lau andrazko gela batean. Leihotik sartu zieten sutea. Hilda daude horietako hiru. Lesbianak ziren. Lesbizidio hitza irakurri nuen lehendabiziko aldia izan zen. Hiztegi pertsonalera berbak gehitzeak ez du beti poza ematen. Kontzeptu egokia iruditzen zaidan arren, ez ziren lesbianak bakarrik, eta beti bezala, kasu honetan ere oso inportantea da hori. Aberatsak balira ez nintzateke hau idazten egongo seguruenik. Lesbianak eta prekarioak ziren. Lesbianak eta prekarioak izateagatik hil zituzten. Erre egin zituzten.
Ezinbestean joan zitzaidan burua sorgin-ehizetara. Ez naiz ni bereziki jakintsua gai honetan, eta are, arriskutsua ere iruditzen zait Euskal Herrian sorginaz egiten den irakurketa zuria, emakumeak beti eder eta on ikustera garamatzan begirada androzentrikoa indartzen duelako. Baina ia konturatu gabe eztanda egin zidan begien parean kasik mito bilakatutako iruditeria horrek guztiak. Inkisizioa eta sorginak eta epaiketak eta sua. Gaur ez dago suterik herriko plazan (leku batzuetan bai), baina etxean erre zaitzakete. Kontrakoa dirudien arren, biolentoagoa da norbait etxean hiltzea herriko plazan hiltzea baino. Jendaurrean «duintasuna galaraztea» da exekuzio publikoen sadikotasunaren parte; baina publikoa dena oroitu egiten da. Etxean hiltzen bazaituzte baliteke egunak igarotzea inor konturatu orduko.
Bizitza da handiena, baina ai. Gizona bazara, zuria bazara, zisheteroa bazara, europarra bazara, aberatsa bazara... gehiago balio du zure bizitzak. Eta ez diot nik. Komunikabideek esaten dute. Gertakari honen inguruko berririk ez den apenas inon agertu, eta hori bada, gutxienez, esanguratsua. Lagunak story-ak ipintzen hasi zirelako izan nuen albistearen berri, sare sozial digitalei esker; eta nire lagunen kriterioarekin asko fidatzen naizen arren, ez dut uste bide horrek balio beharko lukeenik komunikabideen funtzioa betetzeko. Betetzen dituzten gainontzeko funtzioak baino interesgarriagoa eta garrantzitsuagoa dela ez dut ukatuko, baina erantzukizuna ezin da norbanakoen eskuetan utzi. Are, kontuan hartu behar da zein den sare sozialen erabileratik kanpo dagoen —beraz, informaziorik gabe gelditzen den— jende tipologia ere.
Hamar egun igaro dira jada eta hasieran ezer gutxi topatu arren, apurka-apurka topatu dut materiala han-hemenka. Orduan ikusi dut Mileiren gobernuak barre egin duela lesbizidio hitza ez omen delako existitzen. Hitz bat existitzea zer den ere nahiko auzi eztabaidagarria iruditzen zait, eta, egia esan, ez dut uste hiztegiak begiratzeko beharrik dagoenik lesbizidioak existitzen direla jakiteko, baina tira; bakoitzak ahal duen lekuan kokatzen du debatea eta hala erakusten du bere maila politikoa zein den.
Argentinako gertakari zehatz honi buruz idazten aritzeak ez du esan nahi geografikoki urrun kokatu nahi dudanik auzia. Eta erailketei buruz berbetan ari naizenez, badirudi oso grabea dela kontua. Eta bada, noski. Inor hilko ez balitz ere grabea izaten jarraituko luke, ordea. Isiltasunaz ari naiz eta horretaz ere badaki zerbait herri honek. Inor iraintzea bezain larria edo larriagoa da inori begirada apartatzea, jendearen bizitzak serio ez hartzea, bizimodu batzuk beste batzuk baino errespetagarriagoak direla pentsatzea. Eskuin muturreko politikariei buruz idazteak ez du esan nahi beraien burua ezkertiartzat dutenak isilik ez daudenik.
LGTBI+fobiari buruz ari naiz, eta ez da norbanako batzuek beste batzuei egiten dieten ekintza biolentoen multzoa bakarrik. Auzi politiko bat da. Biolentzia estrukturala da. Egunero eta leku guztietan gertatzen da. Gure etxe barruetan ere bizi da. Gure bizimodua erregulatzen du. Eta nola hilko garen jakiteko, garrantzitsua da nola bizi garen begiratzea.