Inaki Galdos

Ez akiok bultza

2025eko martxoaren 11
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ideologiak, kezkak, izuak eta haserreak alde batera utzita —hori egitea posible bada behintzat—, benetan interesgarria ari da suertatzen Donald Trump eta bere kuadrilla bitxiaren agintaldia. Ez gaude aspertzeko moduan. Ezagunak dira bere hitz, iragarpen eta aginduak mundu zabalean izaten ari diren erantzunak, nahiz eta hitzok, iragarpenok eta aginduok egun batetik bestera ñabartu edota aldatzeko bere betiko joera oraindik hor dagoen; gaien jarraipena zailtzen duen joera. Haatik, ez zaigu hona hain naro eta garden iristen han bertan, Ameriketako Estatu Batuetan, gertatzen ari dena.

Epaile ausart batzuk, hedabide batzuk —gero eta gutxiago: dirua beti diru— eta gizarteko sektore gogotsu batzuk izaten ari diren jarrera alde batera utzita, ez dirudi sekulako erreboltarik dagoenik. Norbaitek pentsatzen bazuen errepublikanoen artean izango zela Trumpen gehiegikerien aurrean ahotsa altxatu eta nagusiari aurre egingo zionik, ez da hori gertatzen ari. Horren erakusgarri, presidenteak proposatutako izendapen guztiek egin dute aurrera errepublikano (ia-ia) guztien babesarekin, nahiz eta orain bere gobernu eta erakundeetakoak diren zenbait kidek aspalditik beharko luketen egon kartzelan edota tratamenduren bat hartzen. Dagoeneko alderditik kanpora —edo kanpora bidean— dauden batzuk dira soilik, Adam Kinzinger eta Liz Cheney kasurako, oldartu direnak, borrokarako prest daudenak.

Bada errepublikanoen artean gauzak aldatu egin daitezkeela dioenik. Baina horretarako hurrengo hauteskundeen emaitzen zain egon beharko omen dugu, ea Trumpen irudiak higadurarik duen. Garrantzitsuenak urruti samar daude, 2026ko azaroko agintaldi erdikoak. Baina badira bidean besteren batzuk ere, aurten bertan. Adibidez, apirilaren 1ean Washingtoneko Ordezkarien Ganberako bi kide berri aukeratuko dituzte Floridan, eta aurrerago ber gauza gertatuko da Texas eta New Yorkeko barruti banatan. Ez oso esanguratsuak, baina pistaren bat eman dezaketenak. Baina azaroaren 4an Virginiako gobernadore berria aukeratuko dute, Glenn Younking errepublikanoa ordezkatuko duena. Abigail Spanberger demokrata da momentuz faboritoa eta, zenbait analistaren ustez, ustezko garaipen horrek bai jar lezake hainbat errepublikano urduri, presidenteak dioen guztiari itsu-itsuan men egiteak errentagarri izateari utzi diola pentsatzen.

Bitartean, demokratekin gertatzen ari denak —edo gertatzen ari ez denak— zur eta lur dauka jendea, batez ere bere boto-emaileak. Oro har, noraezean sumatzen dute alderdia, iazko azaroko jipoi izugarriaren aurrean burua jaso ezinik, ze bide hartu behar duten erabaki ezinik. Nabarmena da lidergo falta, are nabarmenagoa Trumpen astakeria askoren aurrean buruzagi asko isilik egon izana. Pasa den astearteko presidentearen diskurtsoaren ondoren ikusi zen hori ondo: koordinazio falta eta erantzun apala. Al Green kongresistaren protesta ere ez zitzaien ongi iruditu, ezta alderdiko sektore progresistako kide askori ere.

Azalpenen bila hasi eta James Carville estratega demokratarekin egin dugu topo, bere garaian arrakastak lortu zituena zenbait hautagairekin. Haren ustez, demokratek hobe dute ezer ez egin. Ausartena geldi egotea dela gomendatzen die, antsietatea baretzea eta pelikuletan gertatu ohi den bezala hilaren plantak egitea benetan errematatu ez ditzaten. Etorriko (omen) da erasoari ekiteko garaia, baina oraindik ez da iritsi. Muhammad Ali eta George Foremanen arteko 1974ko Kinshasako boxeo-borrokaldi historikoa jartzen du adibide gisa eta demokratei iradoki orduko garaileak erabilitako taktika erabil dezatela orain eurek. Nahiko bitxia da gomendatutakoa, baina agian badu arrazoi puntu bat, nork daki.

Badirudi Gorka Knörri edo Txirrita handiari, nori jaramon egin zalantzan daudela AEBetako demokratak. Gasteizkoak diosku (Lluís Llachen baimenarekin) hortikan eta hemendikan bultza egin ondoren erortzen direla gauzak, gobernuak. Txirritak Ereñotzuko bere etxe inguruan pareta bat zuzendu nahian alferlanean zebilen hargin andaluziarrari esandakoa da James Carvillek hobesten duena: «Bera eroriko dek, ez akiok bultza».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.