Miren Josune Ariztondo Akarregi.
ARKUPEAN

Euskararen jauziak (I)

2022ko maiatzaren 31
00:00
Entzun

Euskararen egoerak jauzi nabarmenak egin ditu 50 urtean. Euskalduntze eta alfabetatze egitasmoak ugariak bezain emankorrak izaten hasi ziren sasoian, erabilerari ere pareko aurrerapena ikusten zitzaion. Ia ezerezetik abiatzen denak oso agerikoa izaten du lorpenik ñimiñoena ere, baina hazi ahala apalago joaten dira gauzak: irakurtzen ez jakitetik jakitera mundu oso bat dago, eta ostera Taula Periodikoa ez jakitetik jakitera ez dago ia alderik. Antzekoa da euskararen auzia ere.

XX. mendeko azken hamarkadan Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Foru Gobernuak eta Iparraldeko Euskal Kultur Erakundeak elkarlanean burutu zuten Euskal Herriko Lehen Inkesta Soziolinguistikoa, eta harrezkero bost urtean behin egiten da. Hain zuzen, zazpigarrenaren zain gaude jakiteko euskararen ezagutzak, erabilerak eta harenganako jarrerek daramaten bilakaera, hainbat esparru, adin-tarte eta eremutan.

Soziolinguistika Klusterrak argitaratu berri du Hizkuntzen erabileraren kale neurketa. Zortzigarren edizio honek 2021ean jasotako datuen berri ematen du. Izenburuak dioenez, kalean egiten den erabilerari soilik erreparatzen dio, jakinda badagoela kalean ia berbarik egin ez euskaraz eta etxean euskaraz bizi denik, eta baita ere kalean soilik darabiltenak euskara, halakoxea baita egoera. Eremuz eremu eta adinez adineko datuak aztertu eta ondorio emankorrak ateratzea ezinbestekoa da euskararen biziberritzeak etenik izan ez dezan. Beraz, pare bat eguneko notizietatik haratago, geldiunera eraman behar gaitu ikerketak, eta aztertzera non gauden, nora joan nahi dugun eta nola egingo dugun bidea.

Egungo kezka nagusienetakoa —ez bakarra— euskararen erabilera da. Kalekoak bereziki urria ematen du lehen bistadizo batean, eguneroko behaketa asistematikoak ere itxura bera duen garaian. Hiru adierazle hauek zehatz irudikatzen dute egoera:

Bat. Ia ez dago aldaketarik azken bost urteetan: %12,6an dago geldituta kale-erabilera. Halere, ertzak elkarrengandik urrun daudenean batezbestekoaren balioa erlatiboa da. Horixe da hain zuzen kontua, eremu batzuetan %75ean eta besteetan %5ean gabiltzala. 30 urtean 1,8 puntu egin du gora adin-tarte guztietan, helduenen salbuespenarekin.

Bi. Ipar Euskal Herrian beherantz jarraitzen du kale-erabilerak, eta beste lurraldeetan gorabeherak daude. 2006ra bitartean gorantz egin zuen eremu guztietan, baina urte hartatik aurrerako joera, oro har, beherakorra da. Eremurik euskaldunenetan nabarmena da jaitsiera.

Hiru. Azken bost urteotan, haurren artean gora egin du. Eta lehen aldiz helduen adin-taldea bitan bereizi den honetan, heldu gazteek (25-44 urte) euskara gehiago darabilte heldu nagusiek (45-64 urte) baino. Adin berekoen elkarrizketetan ere, zenbat eta gazteago, orduan eta altuagoa da euskararen kale-erabilera.

Azken bost urteetako geldiuneak inflexio-puntuaren irudia dakar gogora. Gakoa, konkordurak beherantz ala gorantz egingo duen. Horra erronka, hausnarketa fina eta erabaki ausartak eskatzen dituena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.