Miren Josune Ariztondo Akarregi.
ARKUPEAN

Euskararen jauziak (eta II)

2022ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Euskararen kale-erabilera inflexio-puntuarekin irudikatu nuen duela hamabost egun. Hausnarketa-moduak astindu beharra ere aipatzen nuen. Etengabe moldatzen eta aldatzen da hizkuntzen kale-erabilera Euskal Herrian. Une oro joaten gara hizkuntza batetik bestera igarotzen, solaskideen hizkuntz ohitura eta gaitasunek edo hizketagaiek eraginda. Egia esan, aniztasunaren galera nabaria da mundu osoan, hizkuntza txikien kaltetan. Hauxe da testuingurua.

Kalean bizi dugunak lotura zuzena du gainerako erabilera-esparruekin zein euskararen ezagutzarekin. Eta jakin badakigu euskararen erabilerak bere aldeko jarrera eraginkorra —ez antzua— ezinbestekoa duen arren, militantzia horrek iraungitze-denbora bat duena. Ekinean jardun eta jariotasunik lortzen ez duenak, inguruan euskara jasoari batere prestigiorik antzematen ez dionak, nekez eutsiko dio lanari. Beraz, eremu soziolinguistikoetan ez ezik, prozeduretan ere jarri beharko dugu atentzioa erabaki estrategikoetan asmatzeko.

Abantaila bat dugu, alperrik galdu behar ez duguna: azken urteotako ikerketek, herri erakundeen adierazpenek eta gizarte-ekimenekoek adostasun zabala erakusten dute helburuetan: hezkuntzan euskararen ezagutza-maila egokia bermatzea, helduen euskalduntzeari eustea, esparru sozioekonomiko zein digitala sustatzea, eremu ez-formalean euskararen eskaintza ugaltzea, migratzaileen inklusioa eta euskal kultura sistema sendotzea dira nagusiak.

Halere, prozeduraren garrantzia aipatu dut, eta, joskile finen lekua hartuta, helduen euskalduntzeaz gain alfabetatzea azpimarratu nahi dut. Analfabetoa ez da irakurtzen ez dakiena soilik; euskaraz liburu bat irakurtzeak izugarrizko esfortzua eskatzen diona ere kategoria horretatik urrun ez dabil; are gehiago, gaztelaniaz alfabetatua den euskaldunaz ari bagara. Helduen alfabetatzeak badu unitate didaktiko gaurkotuak non, nola eta nori hedatu, autoikaskuntzakoak, batik bat.

Euskararen kalitatea da sarritan aipatzen dugun beste erronka, izenetik aurrera joateko gai ez garenok ere. Ustezko garbikeriei aurre egiteko euskara kaxkarraren aldeko iritziak ugaritzen doaz. Muturretik muturrerako modek harrapatu ez gaitzaten ezinbestekoa dugu adostea zeintzuk daitezkeen bide egokiak euskara berriki ikasten ari denaren maila berezia agortzen joateko. Puntu honetara ailegatuta, zergatik dugu estimagarri euskara-molde hori eta baztergarri, ostera, euskalkien erabilera?

Amaitzeko, eraldaketa prozesu betean dagoen euskal hezkuntzari begirada bat. Ikaslea da ardatza, eta bikaintasuna helburu, ekitatearekin batera. Badira ikasle bikainak, euskaraz bikainak, eta zor zaie bikaintasun hori babestu eta biderkatzen lagunduko dien antolakuntza didaktiko eraginkorra. Ekitatea eta bikaintasuna bateragarriak izan daitezke. Edo ez. Eta bide-gurutze honek aukera eskaintzen digu ez dakigun gertatu3 urterekin euskaraz bikainak diren umeak 6 urte ordurakoez-bikainak edota traketsak bilakatzea.

Bizikidetza eta biziberritzea batera behar ditugu. Egoera ondo irakurtzea da kontua. Asmoz eta jakitez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.