garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Euskaltel

2023ko ekainaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Astegun buruzuria, Hendaia aldean jaieguna dirudien arren (turistez eta egun pasa datozen jendeez lepo dago jada). Hozkailu-arasetan gauza handirik ez eta supermerkatura joatea erabaki dugu alaba gazteenak eta biok. Gorantz ala beherantz, bada nora jo eta non aukera, eta bizpahiru minutuz luzatu den eztabaidaren ostean, sosak Irunen zehazki, autopista ondoko merkataritza zentroan xahutuko ditugula erabaki dugu. Merkeenetakoa delako egin dut bere alde nik. Alabari, berriz, hango jantzi-dendetako batean gustuko prakarik ba ote den begira lezakeela otu zaio.

Lehenik jatekoak, gero gerokoak. Atari zabaletik pasatu orduko eta supermerkaturantz goazela, behin-behineko postu bat ikusi dugu gugandik ez oso urrun, pasilloaren erdian. Erakusmahai moduko bat besterik ez du, baina aski izan zaigu lehen begi-kolpean taxua hartzeko: Euskaltelekoak dira, ez da zalantzarik. Kolore biziak salatu ditu. Eta postuaren alde batera zein bestera dabiltzan saltzaile gazteen manerek. Erleak dirudite (hobeto esanda, liztorrak), nektarrik gozoena izan lezaketen loreen inguru-minguruan dantzan.

Daukadan adinaren seinale, 80ko hamarkada amaierako abesti bat etorri zait akordura... Nola zioen?... «Bere gitarra nola ez entzun / jainkoa legez dago edonon / bulego, pub, aurrezki kutxa, abioi, kotxe eta trena. Knofler, Knofler, zer egin dut, zergatik zaitut beti atzetik? Knofler, Knofler ez jarraitu, gizajo bat naiz, ez besterik»... Ez dut oso-osorik gogoan... «kafea eskatu bezain pronto / hor daukat berriz ere nire aiduru»... Panoramaren eta abestiaren arteko lotura argia da: Xabier Montoiak Dire Straits taldeko izarrarekin zuen arazo berbera dut nik teleoperadoreekin. Komunean ere agertuko zaizkidan beldur naiz, astunak halakoak.

«Ez jarraitu mesedez, hautsiko dizut gitarra, alde egin hemendik, zoaz, zoaz»... Nire barrenetan abestiaren gorenera iristen ari naizela, saltzaile-liztorretako batek jo gaitu begiz. Normalki, bizkarra emanda pasako nukeen postua. Edo hitz erdirik esan gabe utikan bidalita, bai baitakit nora garamatzan kontu honek. Baina gaur ez zaizkit betiko legez etorri gainera. Gaur eta hemen, gipuzkoarrak adina nafar eta lapurtar hartzen dituen gune honetan, bestelakoa da hurreratze estrategia. Pasabidea oztopatu eta zuzen-zuzen begietara so eginez, «¿Vives en el Pais Vasco?» galdegin dit 20 eta gutxi urte dituen saltzaile-liztorrak, bezero gosez. Ezin izan diot iskin egin.

Paralizatu nauelarik, aurpegia desitxuratu dion irribarrea atera zaio. Astirik galdu beharrik ez eta honezkero buruz ongi ikasia duen martingalan hasi nahi izan du, baina horra sorpresa: «Euskal Herrian bizi gara, bai. Hain zuzen, Hendaian», esan diot ezpain-masailak tenkatuz neuk ere. Akabo irribarreak eta akabo keinu onak. «Ah, ya, bueno» esanez zaputz egin, erreparorik gabe bizkarra eman eta goraino zamatuta datorren emakume batengana zuzendu ditu bere erle-dantzak. «Vives en el Pais Vasco», hari ere.

«Ayabueno eta agur?!», larderiatu dut ozen. Saltzaile-liztorrak entzungor. «Ayabueno eta kito?!», haserre, «Ez al dugu beste azalpenik merezi? Ez al gara euskal herritar interesgarriak zuretzat? Baina zer uste du artaburu horrek, eta Euskal Herria aipatu Euskal Herria ukatzeko?! Oportunista halakoa, nora heldu garen», eta tar-tar-tar jarraitu dut, alabak besotik tiraka atera eta isilarazi nauen arte. «Errietan alferrik aritzea baino patetikoagorik!», esan dit zorrotz. Izoztuta utzi nau, buruan Mark Knoflerren abestia besterik ez dudala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.