Miren Josune Ariztondo Akarregi.
ARKUPEAN

Euskalduna ala adimentsua?

2021eko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Euskararen Legeak (1982) administrazioa, hezkuntza eta komunikabideak jasotzen ditu hiru giltzarri gisa euskararen berreskurapenerako. Eta irizpide nagusiak ere argi azaltzen ditu, euren garapenerako aukera zabalak erakutsiaz batera.

Urteak igaro badira ere, hezkuntza ereduei buruzko eztabaidak ia ez du aurrerapausorik eman, inoiz baino beharrezkoagoa den arren analisi lasaia eta eraikitzailea. Euskararen erabileraren lasterketa luzea da eta eztabaida antzuetan sartzeak ez du ekartzen argibiderik. Halere, askotan isiltzen denak besteen eskuetan uzten du diskurtsoaren muina. Horrexegatik dakarzkit lerro hauetara igandean irakurri nituen ideia batzuk, uste izan da lege bokazioa duen euskal hezkuntza sistemaren akordioa dugunean erdigunean, eztabaida eraikitzaileak ezinbestekoakditugula betiko errotari betiko modu berean eragiten ibili ordez.

Egi bakartzat ematen diren baieztapenak gogoeta ondoriotzat hartu ordez lanerako hipotesi gisa ulertuko bagenitu eta ikasi-irakas prozesuan eragiten duten osagaien efektua neurtu, mesede galanta egingo genioke hezkuntza-kalitateari. Bakoitza bere dorretik begira egoteak, tresnak eta helburuak nahastu eta ondorio okerretara eraman gaitzake, eta, aurrera begira, hezkuntza-helburuei kalte egitera. Horrelako zerbait nabarmentzen dut hurrengo 3 ideietan.

Hogei urte eta gero gobernu abertzaleek hiru ereduen aukera D eredura eskoratu dutenez, egun %75etik gora ikasle ari da D ereduan. Ez dakit zer esan nahi den. Agian gurasoek ez dakitela euren seme-alabentzako aukerarik egokiena zein den? D eredura joan daitezen presioa jasaten dutela?

Azterketa desberdinek adierazten dutenez, ebidentzia nabarmena da ama-hizkuntza ez den beste batean ikasteak emaitza akademiko pobreak dakartzala. Ama-hizkuntzaren garrantzia ukatzerik ez dago, noski, unibertso oso bat baitarama berarekin. Halere, heziketa beste hizkuntza batean egin dugunon artean emaitzak denetakoak dira, hezkuntza arrakastaren eragileak asko direlako. Baina psikopedagogia alde batera utzita, ikastetxe frantses, aleman edo ingelesetara euren seme-alabak eramaten dituzten guraso askok erdara horiek ez dituzte ezagutzen ez etxean erabiltzen. Euskarak berarekin al du kalte ezkutukoren bat?

Asko dira bat egiten duten adituak adieraztean ama-hizkuntza oinarrizkoa dela irakaskuntzan. Mundu-Bankuak ere espresuki aipatzen du ongi ulertzen eta hitz egiten den hizkuntza batean hobeto ikasten dela eta baldintza barneratzen direla beste hizkuntzak ere. Kontua da, orduan, euskaraz edo beste hizkuntza batean ikasteko eta irakasteko zer behar den. Horretarako daude tresna didaktiko goiztiarrak, jolasak eta abar lantzen dituztenak edota komunikabideetan berariaz egokitutako programak.

Ez dago ukatzerik euskal hezkuntza sistemaren konplexutasuna eta aniztasuna. Baina hori aukeratzat dugu onartua aspaldi. Helburuak finkatu eta ongi mailakatu eta ikastetxe bakoitzak bere proiektuaren barruan erabaki dezala bidea, hezkuntza zerbitzuen eta hezkuntza komunitate zabalaren aukerak baliatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.