Irati Zubia Landa.

Euskal Polizia?

2025eko apirilaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Edonork daki txistea parafraseatzea dela txistea akabatzeko bide motzena. Imajinatu ironia ahoz ez, idatziz transkribatzea zeinen arriskatua den. Hala ere, ekarri nahi dut Irratiak ordaintzen digu trena podcastaren zati bat. Celestino eta Amets abilak baitira irri artean egia zorrotzak botatzen. Honela zioen batak: «Euskal kulturak benetan etorkizuna edukiko badu, behar du denetarik, behar ditu putre funts euskaldunak, behar du alt-right partidu on bat [...], behar du Polizia euskalduna, batez ere». Eta zera erantzun besteak: «%32 doa bakarrik oraingoz... tio, benga, egurra».

Behar eta nahi al dugu Polizia euskaldunik? Eztabaida hori behin eta berriro itzultzen da mahai gainera. Ulertzen dut Poliziaren amaiera irudikatzea konplexua dela. Ez dut uste horrek izan behar lukeenik azken hitza, baina ok, onartuko dut premisa. Kezkatzen nau, ordea, elkarrizketa Polizia hobetzeko ereduetara mugatzeak.Eta Defund the Police (Desfinantzatu polizia) gisako alternatiba sonatuak existitzen badira ere, inpresioa dut gure testuinguruan eredu berriek hartu dutela protagonismoa.

Donostiarra naiz eta hemen ere Polizia kaleko paisaiaren parte da. Txago kolektiboak indarkeria hori erregistratu eta urteko txostena ehundu ohi du. 2024an jasotako bizipenetan 100 aldiz izan dira ertzainak tarteko; 68tan udaltzainak. Jardun dute Espainiako Poliziarekin elkarlanean, baita eredu oso antzekoetan aritu ere. Indarkeria poliziala nekez ukatu daitekeen errealitatea da, euskalduna ez da salbuespen. Eredu berriak horrek eragindako legitimitate falta berreskuratzeko proposatu ohi dira, nonbait. Gorputz polizialak modernizatu ahala bortizkeria saihestea dute helburu.

Ereduen esportatzaile nagusia AEBak dira, Erresuma Batuak jarraituta. Hainbat elementu nagusitzen dira. Adibidez: aniztasunaren aldeko apustua, formakuntza, teknologia berrien erabilera, eredu prediktiboak eta Polizia komunitarioa. Ez dut denak aletzeko adinako sintesi gaitasunik. Behintzat, jarri nahi nuke fokua horietako batean: Polizia komunitarioa. Nago Euskal Poliziaren iruditeriak zerikusi estua izan dezakeela Polizia gertukoago baten idealarekin.

Gogoan dut Ahora Madrid-en eskutik aditu nituela terminook 2019an, hain zuzen, Lavapiesen M. Mbaye Polizia segika zuela hil zenean. Kaleetako asalduraren aurrean, Polizia komunitarioak lehen begi kolpean interesgarriak diruditen hainbat neurri proposatu zituen. Adibidez: agenteen lana konfrontazioan ez eta bizikidetza kudeaketetan zentratzea, edota Polizia bizilagunengana gerturatu, elkarlana bultzatu eta Polizia komunitatetik kontrolatzea. Baita Poliziari formakuntza feminista eta antirrazista eman eta eredu maskulino klasikotik aldentzea ere.

Aurreak erakusten du atzea nola dantzatu. Ez dirudi historia hurbilak fede handirik ematen duenik, D. Garcia, A. Crawford, E. Babül eta hainbatek seinalatu dutenez. Barack Obamaren erreformek ez zuten jazarpen arrazista sistematikoa ekidin. Polizia giza eskubideetan formatzeak aldaketa errealak baino gehiago, beren diskurtsoari legitimitate kapa bat gehitu dio Turkian. Eta logika polizialak komunitateetan barreiatzeak hiritar zaurgarrien aurrean pribilegiatuenen parte hartzea lehenetsi, Erresuma Batuan.

Bada maiz errepikatzen den arrisku bat: Poliziak espazio komunitarioak bereganatu eta, bide batez, bizitzaren gainean duen kontrola areagotzea. Poliziak izan ditu gutxi gorabeherako marra gorriak. Batzuk sistemak berak ahalbidetu ditu, argiena jabetza pribatuarena (ze kasualitatea, ezta?). Beste batzuk mugimendu sozialei esker blindatu diren espazioak dira. Horietan lan handia egiten da elkarbizitzaren eta, orobat, bizi baldintza material eta sozialak hobetzearen alde. Eta horra paradoxa: bizikidetzari lotu ohi zaizkion arazoek zerikusi handiagoa dute bizi baldintzak okertzearekin Poliziaren presentziarekin baino. Alabaina, komunitate horiek mugatzeaz gain, diru eta baliabide publikoek Poliziaren partidetan amaitzen dute. Noiz eta kruzialak diren beste zerbitzu publikoak desmantelatu bitartean.

Eztabaida konplexua izango da, baina komeni Poliziaren funtzio eta genesia ortzi mugatik ez galtzea. Poliziarik gabeko munduak existitu dira, hau ez zen ez hutsetik eta ez kudeaketa sozialerako sortu, kontrolerako baizik. Polizia komunitatera gerturatzeak, Polizia sozializatu baino gehiago, komunitatea bera polizializatu dezake.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.