Joxerra Garzia.
ARKUPEAN

Euro misio eta bisioak

2016ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Gaur egun nor (edo zer) izan nahi duenak (bost axola norbanako, erakunde, marka edo enpresa den) nahitaez argi eta garbi eduki behar du zein diren bere misioa, bisioa eta balioak. Elizek, sektek eta GKEek ez ezik, autobus konpainiek, auzo elkarteek, etxekotresna ekoizleek, freskagarri eta sagardo markek... denak dituzte zehaztuta beren misioa, bisioa eta balioak. Hori dela eta, nahikoa lan izaten dut barreari eusten, Interneten horrelakoak begiratzen aritzen naizenean: normala da Buda, Jesukristo edo Mahomaren misioaz hitz egitea, baina ez esan barregarria ez denik Coca-Cola, Fairy edo Chupa-Chups-i ere misio bana ezartzen tematzea...

Neure eta nire ingurukoen zoriona lortzen saiatzeaz gain, ez dut nik, ustez behintzat, bestelako misio zehatz jakinik mundu honetan (eta are gutxiago noski bestean). Bisioak bai, mordoa izaten ditut, eta ez ametsetan bakarrik.

Hiltzear nagoela jainko, jainkosa, sorgin edo aztiren batek azken borondatea eskatzeko aukera emango balit, esaterako, aspaldi erabakia daukat zer eskatuko nukeen: zer-gara-gu-nor-gara-gubileretan galdutako denbora guztia berriz bizi ahal izatea.

Ez dakit zertan emango nukeen balizko bizialdi gehigarri hori, baina Eurovisión izeneko kantu lehiaketa ikusten ez behintzat.

Lehengoan, hala ere, asteartean zehazki, telebista piztu eta hantxe ari ziren, aurtengo ekitaldiari dagokion finalerdia ematen.Katea aldatzeko ere nekatuegi, begira egon nintzaion aldi batez.

Ez da erraza asmatzen nik izan nuen euro-bisio horren azpian zer misio egon ote litekeen, non eta ez den antzinako erromatarren «panes et circenses» («jana eta dibertsioa») haren ordezko izatea. Egia esan, erromatarrek herritarrak entretenituta edukitzeko antolatzen zituzten ikuskariak nekez izango ziren Eurovisión delako hori bezain kitsch, zaharkitu eta afrusak.

Une jakin batean, lehiaketa eten eta dantza emanaldi bat eskaini zuten. Hogei bat dantzariz osatutako balleta zen, dantza garaikide estilokoa. Kontu horietan ezjakin petoa banaiz ere, dantzari onak zirela esango nuke, eta koreografia ere itxurosoa. Estetikoki ikuskizun polita, beraz... irudikatu nahi zutena zer zen jakin ezean behintzat.

Ballet emanaldiak «Grey People» («Jende Grisa») zuen izena, gizonezko esatariak jakinarazi zigunez (bere garaian Espainiako telebistan ospetsu izandako euskal herritar bat zen esataria: Iñigo). Une batez, Erorien Haranetik atera berria ote zen otu zitzaidan (kasu honetan, Peña anaienean ez bezala, gu guztion diruarekin, jakina).

Jende Grisa, gaztigatu zigun gure Iñigok, metaforatzat hartu behar da: ikus ezina zaigun jende anonimoa adierazi nahi du. Bai, ballet emankizunak gerraren eta miseriaren ihesi Europan sartu nahi duten iheslari eta etorkinen drama bistaratzea (eta salatzea?) omen zuen helburu. Non?, eta Europak bere izate ustelean atsegin hartzeko antolatzen duen ikuskari higuingarriaren erdi-erdian. Noiz?, eta Europak berak iheslari jende hori Turkiari saldu dionean, etxeko mugak burdin hesiz eta txarrantxaz itxi eta gero.

Nagiari nazkak gain hartuta, telebista itzali nuen, eta orduan izan nuen eguneko azken bisioa: Europak izenean berean daramala grabatua izana. Horixe baita Euro-pa honen misio bakarra: euroari muxu eman eta emanaraztea. Gainerako guztia, «liberté, egalité, fraternité» eta antzeko pitokeriak, gu funtsezkoaz ahantz gaitezen asmatutako euro-bisioak baino ez dira. Estetikoki negargarri, etikoki higuingarri, Europa.

Gauzak horrela, beharbada eskerrak eman behar genizkieke euroari muxuka ari diren horiei, zentzugabekeriaren festa horretan ikurrinari sarbidea debekatzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.