Garazi Kamio Anduaga.

Etzi

2023ko azaroaren 28a
05:00
Entzun

Ausarta izan zen oso. Urte asko, gehiegi eman zituen bere senarraren itzalpean eta aldi berean bere baitan zeraman heziketaren motxila moral astuna aldean eramaten. Profil argia du emakumeak: oso gaztea zela utzi zuen Extremadura eta lan bila etorri zen Euskal Herrira. Ezkondu bezain pronto utzi zuen lana, motxila moralak agintzen zion moduan, etorriko ziren haurrak zaintzeko eta etxea gobernatu ahal izateko.

Ausarta izan zen, urte luzeetan etxean jasan behar izan zuen bizitza ankerrari begietara begiratu, arnasa sakon hartu eta sekulako ostikoa eman ziolako. Seme-alabek babesa eskaini zioten eta hirurogei urteak pasatuak zituen emakumeak amaren etxera itzultzea erabaki zuen. Adinaren bidean luze dabilen amak ere babesa eskaini zion, senarrarengandik banandu izana ondo ulertu ez bazuen ere.

Bere baitan zeraman motxila moral horren pisua jaitsi zuen emakumeak eta hartutako erabakiaz harro, bere buruaren ahalduntzea indartzeko, emakumez osatutako talde batean eman zuen izena. Barru-barruan daramagun motxila moral horrek, ordea, sakontasun izugarria dauka eta maiz zulo abisal ilunenaren pareko izan liteke.

Gure protagonistaren amak osasun arazo bat izan zuen duela gutxi. Ospitalean hilabete baino gehiago egon behar zuen eta alabak hartu zuen amaren zaintzaren ardura. Puntu honetara iritsita, istorio honek bere logika izan lezake, baldin eta emakumea alaba bakarra balitz. Alta, emakumeak bi anaia ditu, eta, itxuraz, emakumearen motxila moralean eroso bizi dira. Izan ere, amonaren zaintza lanak egin zituztenak gure protagonistaz gain, bere anaien emazteak izan ziren. Gizonezkoek taxi-gidari lanak egiten zituzten, zaintzaileak ospitalera zein etxera eramaten, eta erietxean zegoenarekin orduak eta orduak ematen zituztenak beti lagun berak izan ziren.

Arduren banaketa ez zuten gizonezkoek erabaki, motxilak baizik. Urteen poderioz tantaz-tanta osatzen joan den moralak egin zuen betebeharren partizioa: emakumeek zaintza, gizonezkoek gidari lana. Beti horrela izan delako.

Ez dakit emakume ausart honek zer iritzi duen irakasleen edo erizainen inguruan, baina ziurrenera pentsa lezake lanpostu horiek emakumeoi dagozkigula. Izan ere, zaintzari lotutako lanpostuak horrela delako bezalako erantzunak ematera daramatenak dira, historian barrena gertatu direnez orain ere eman behar direla dioten horiek. Irakaskuntzan, Haur Hezkuntza irakasten duten irakasleen gehiengoa emakumezkoa da oraindik. Erizaintzan ere, gero eta gizonezko gehiago ikusten ditugun arren, historikoki emakumea izan da erizaina. Eta hitzak berak esaten duen bezala, eriak zaintzeko betebeharra du. Eskola baten edo ospitalean izan, haur txikien edo gaixoen zaindari izatea emakumeari eman zaion eginbeharra da.

Gure gizartea presaz gainezka dago, erabat zaharkitu da eta sortu diren zaintza behar guztiak norabide berera begira daude. XXI. mendeko zaintza isila emakumeok egiten dugu, bereziki adinduei dagokien lana. Protagonisten jatorria ozeanoz bestaldekoa da gehienetan, eta beste inork egin nahiko ez lukeen lana egiten dute. Maiz esplotazioaren orrialdeetako protagonista nagusi dira, isiltasunaren ispilu, lanean txintik esan gabe ari direnak. Genero bakarra lan mota honentzat, urteetan zehar inertziak hala agindu digulako.

Inertzia oro gelditu egiten da nonbait marruskadura topatzen duen aldiro. Etzikoa aurrerapauso itzel baten hasiera izan daiteke, inertziei eta motxilei ostikoa emango diena. Ez dakit osteguneko manifestazioan lerro hauen hasierako protagonistarekin topo egingo dudan, baina zaintzarako ere berari sortu zitzaion ausardia denontzat nahiko nuke; izan emakumezko, gizonezko ala ez-bitarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.