Ez dakit honen berri entzun zenuenez jadanik edo ene gisan aste honetara arte ezezaguna zitzaizun.
Nik, hasteko, konfinamendua gertatu arte ez nuen inoiz entzuna. Beste hainbat sindrome ezagutzen dut, hurbiletik batzuen kasuan, zalantzaz josirik bizi denak iruzurtiaren sindromea lagun fidelabaitu, izan ere...
Zahartzea onartzen ez duenaren Peter Panen sindromea ezaguna da baita ere. Haurra balitz bezala bizi nahi izateak lehen begiratuan oso larria ez dirudien arren, egunerokoan jasanezina gerta dakioke bikoteari: duela gutxi maitemindu eta gizona Senegalera segitu duen neskaren zuzenezko testigantzarekin irri batzuk egin ditudala aitortu behar dut, nahiz irrigarria ez den batere, baina metro eta laurogeiko gizon puska pixoihala aldatzea eskatzen diola edo gauaren erdian kuku-gordeka partida bat egiteko iratzartzen duela irudikatzeak...
Sindrome batzuek delirioaren antza dute. Aliziaren sindromeak inguruko objektuak txikitzen edota handitzen ari direla ikusarazten du, gorputzaren atalak deformatzen direla. Capgrasen sindromea da beste bat, non batek uste baitu bere inguruko pertsonen ordez iduri-iduriko dobleak jarriak izan direla.
Gehiago ere badira, atzerritar azentuaren sindromea esate baterako, non eria bat-batean ezagutzen ez duen hizkuntza bateko azentuarekin mintzatzen hasten den, edo esku arrotzarena, esku baten kontrola galarazten duena, esku batek atorraren botoiak lotzen hasterakoan beste esku arrotzak askatzen dituelarik. Disfonia espasmodikoa deituriko hori ez dakit gaitza ala dohaina den: bertsotan baizik hitz egiteko gai ez izatea alegia, hartuko luke batek baino gehiagok menturaz.
Berrogeialdi honek beste hau eragin duela ohartzen ari dira psikologoak, etxolaren sindromea deiturikoa, hau da, etxetik ateratzeak izugarrizko estuasuna eragiten duen gaitza.
Estatu Batuetako urre miatzaileengan behatu zen lehen aldiz, XX. mendearen hasieran. Hilabeteak txaboletan gordeta iragan ondotik, zibilizaziora itzultzeko ideiarekin izututa omen zeuden. Fenomeno bertsua ikusi ohi zen itsasargien zaindariengan ere.
Etxolaren sindromea (edo bare-kurkuiluarena) konfinamendu bitartean kanpora joateko hartu diren mezu kontrajarriek indartu dute zalantzarik gabe. Batean musukoek ez zutela deuserako balio zioenak hurrengoan baitezpadakoak zirela azaltzen zuen, azkenean gabe kalera irtetea debekatu arte. Etxean egonik bederen gauza gehiago kontrola daitezke, eta oskolaren babesean, kapuluan sartuta lasaiago egon daiteke.
Dirudienez, etxolaren sindrome hau jende anitzi eragiten ari zaio hainbat herrialdetan konfinamenduko neurri zorrotzak kentzen ari direnetik.
Batzuentzat karrikara ateratzean kutsatua izateko beldurra da arrazoia, arriskuak eremu guztietanbaitirau. Beste batzuentzat, berriz, COVID-19arekin bizitzeko modu berri horretara egokitzeko zailtasunak eragiten du, harremanak nola josi ez jakiteak, distantziak hurbilekoekin nola atxiki ezin asmatuak.
11 urteko nire ikasle bat egoera hori bizitzen ari da, izugarri kostatzen ari zaio etxetik atera beharra. Ez da larria, bai hunkigarria haurra bere burbuilan sartua ikustea. Ikasgelan lasaiago dabil, baina kanpoan, urduri. Jendea inguratzen bazaio edo mugimendu gehiegi nabaritzen badu, buruko mina, sabeleko mina hasten zaizkio, eta gaizki pasatzen du. Distantziak errespetatzeko ez du inongo zailtasunik gaixoak.
Denbora beharko du askatzeko. Momentuko, bare-kurkuiluak oskoletik sartu-irten laburrak egiten ditu, etxolako inguru hurbilean adartxoak ukitu bezain laster sartzen dituela, gutariko gehienak preso gintuzten hormak beretzat kofoin lasaigarriak direlarik. Laster iritsiko al zaio haurtzaroa libreki bizitzeko eta etxola berriak zuhaitzetan eraiki eta eraisteko garaia.
ARKUPEAN
Etxolaren sindromea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu