Irati Zubia Landa.

Etxetxo bat

2024ko ekainaren 7a
05:00
Entzun

San Antoni eta Urgell metro geltokien artean izan zen, Bartzelonan. Granada, almendra eta beste kutixi batzuekin apaindutako gyoza batzuk eskatu zituen eta ezker eskuaz atera zuen poltsatik. «Zuretzat, hermana, lagunekin batera zahartzeari buruzkoa da».

Elisa Collen Nosotras vinimos tarde eleberria zen. Berandu heltzeari buruzkoa, lagunekin zahartzeari buruzkoa, lagunekin bizitzeari buruzkoa. Berandu dabilen lehena protagonista bera da, Eli. Ziurgabetasunaren belaunaldiko alaba da. 30en langa pasatuta, prekaritatearen eta bisexualitatearen ezlekuek zeharkaturik, lagunen pisuetan du bizitokia. Berandu dabilen bigarrena, berriz, Teresa Meana. 70 eta piko urteko andrea, lesbiana, frankismoaren eta ondorengoaren kumea. 50 urteren bueltan lehenbizikoz hipotekatu, lagun batzuekin eraikin bateko laugarren solairua hartu eta haiekin ari da bizitzen eta zahartzen.

«Hor Dolores bizi da, hemen Begoña bizi zen, eta han Maria José...». Banan-banan irekitzen ditu ateak Teresak, denek dituztelako denen giltzak. Kontatzen dizkio Eliri biografietan gordetzen ez diren kontuak eta ematen ditu, pretentsio handirik gabe, zaintzaren eta jabetza pribatuaren inguruko lezioak. «Y luego, cada mochuela a su olivo» esanez jartzen die azken puntua anekdotei; mozolo bakoitza bere kabi-zulora, beraz.

Teresa entzun ahala idealizazioaren eta prudentziazko distantziaren artean zabuka dabil Eli, eta Jack Halberstam parafraseatzen du. Hark zioen denbora lerroak bitan sailka daitezkeela. Badira denborazkotasun normatiboak eta denborazkotasun queer-ak. Alegia, bikote-familia-Ikeako mahai bat-haurrak lerroaz harago, badira somewhere over the raimbow, horiei oposizioan eta bazterrean garatzen diren denborak.

Bigarren horiek dute porrotaren kutsua. Zer ote askorentzat lagunekin bizitzea, merkatu kapital eta amorosotik at geratu direnen hondar apurra ez bada. Edo akaso, zerbait hobea (askorentzat bikotekidea) topatu bitarteko geltoki probisionala. Elik badaki hori dena. Ondotxo daki gero, bere azalean bertan. Badaki gauza mordoa gurutzatzen direla apartamentu baten jabetzari zein bikote bizi-ereduari uko egite horretan. Ezbeharrak, desamodioak, prekaritateak eraman zaitzakeela sarri hartara. Lagunekin ere ez dela dena festa. Baina, aizu, izan beharko dugu ametsik ere. Etorkizuna hotz da eta Elik etxetxo bat nahi du. Guk etxetxo bat nahi dugu. Etxetxo bat, Mejillon Tigrekoen ahotsaz. Eta Teresak etxetxo bat eraiki zuen Eliri porrota erakutsi zioten tokian.

Belen Gopeguiren Existiríamos el mar-en alboan jarri dut Elisa Collen liburua, Ikeakoa ez den apalategian. Pisukideei buruzko nobela da hau ere. Prekaritatea maizter bat gehiago da bertan. A-k ekarri zuen eta irakurri genuenetik «trintxera» deitzen diogu pisuari. U-k kontatu dit laster datorrela Donostiara bizitzera, lagunekin. Urte batzuk atzera zituen proiekzioetan bikotean amesten zuela bere burua, baina horretan ere merezi duela desira deseraikitzeak. O-k eta M-k, berriz, nire tokian jarri naute. Batak ohartarazi nau ametsa eta bizi garen gurpil zoroa konbinatzeak dakarren ajeaz. Besteak, mendialdeko borda batera joango garen galdetu eta, bereziki etorkizunean, anbulatorioa gertu izatea komeniko zaigula gogorarazi dit.

S bizi da M, U, A eta katu zuri-beltz batekin. Negutegi bat dute eta etxeko sentsazioari «sutondo sentsazioa» deitzen diote. S-ri etxeak eman dio familia, bikote, lagun hierarkiak lausotzeko parada eta zaintza sare lagunkoia dastatzeko plazera. Bollotopaketetan etxebizitza kolektiboen dokumentala ikusi zuenetik ezin harroago dabil. Etorkizunean ere manera horretan bizitzen tematuko dela dio. Ez da fantasia inozo bat, promesa bat da. Bai, badakigu dena hondatzen dela. Gu ere ziurgabetasunaren magalean hezitakoak gara. Baina horra hor, S-k bere buruari egindako errespetuzko promesa. Azken hau, Bloñ-ekoen ahotsaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.