Oihane Amantegi (L)

Estreinakoz

2025eko otsailaren 13a
05:00
Entzun

Esaten duzu «estreinakoz» boz goraz eta, momentuan, boz goraz esateak zerbait eragingo balu bezala, estreinakoz ari zara egunkariaren bazter batean gorde dizuten txokoan zeure lehenengo hitzak idazten. Ez dakizu oso ondo zertan ari zaren, baina berdin du; behin beat belaunaldiko Jack Kerouac-ek Allen Ginsbergi idatzi zion lez, «gutako inork ez duelako funtsean ulertzen zer egiten ari den, izan berariaz ala ez, edo hau, hori edo hura dela sinetsi: egiten duguna beti da beste zerbait, eta oso ederra». Hori horrela, konbentzimendu osoz esaten duzu «estreinakoz» boz goraz, eta zerbait estreinakoz egiteak berarekin dakarrenaz pentsatzea deliberatzen duzu.

Ez zinateke humanoa izango, baldin eta beldurrik aipatuko ez bazenu; hau da, badagoela idazteko aukeramenak eta askatasunak irekitzen duten amildegi bat, non batzuetan lur aurkitzerik zail den eta haztamuka ibili behar den, idazten denetan gertatzen zaizun bezala. Badagoela bertigo bat, izate berekoa dena bizitzan eta idazketan, gorputza erne eta adimena erneago paratzen dizkizuna. Askotan idazketak berak zaramatzala esan nahi duzun hori zer den atzitzera; bestetan, ordea, atzitu nahi duzun horren mesedetan erabiliko duzula idazketa. Eta izateko konfiantza prozesuan, beldurrak beldur. Bizitza bera ere idazketaren materiaz dagoela egina, eta konfiantza bera eskatzen duela maiz.

Eta berdin, ez zinateke humanoa izango, baldin eta txanponaren ifrentzuan dauden beste emozioak ere aipatuko ez bazenitu. Hau da, badagoela grina bat bultzatzen zaituena; erronka eder bat ibili nahi duzuna; berba asko idatzi nahi dituzunak eta beste berba asko oraindik idatzi nahi dituzula ez dakizkizunak. Ahots bat izatearen ardura, eta ahots hori defendatzearen pribilegioa, inguruan eta bazterretan gertatzen direnen aurrean. Beldurrak ez ezik, horiek denek ere mugitzen zaituztela eta horiek denak ere motor direla txoko estreinatu berri honetan. 

Eta igualtsu, humano klase deshumanoegia zinateke, baldin eta Arkupean edo beste luzera batzuetan zeurekin batera bidean ari diren gainerako iritzi-emaileei hemendik agur bat bidaliko ez bazenie eta beraien lana balioan jarriko ez bazenu. Laburrean ari direnak. Ertainagoan dabiltzanak. Luze jotzen dutenak. Hauspoa ematen dizu beste batzuekin batera ari zarela sentitzeak; bakoitzak beretik eta denok denonetik jarduten dugula; denonak direla arrosak eta arantzak; denok esan behar izan dugula noizbait «estreinakoz» boz goraz, ahots dardartiz eta ahots sendoz aldi berean; denok ezkutatzen garela eta denok agertzen garela adoretsu: dela eguna, dela astea, dela hilabetea.

Salto egiten duzu, beraz. Hilean bitan egingo duzu salto bazter honetan. Saiatuko zara munduan dagoen okerrari kritiko eta erantzukizunez begiratzen, eta oker horien aurrean daukagun arduraz hausnarketa egiten; saiatuko zara gaitz horien aurrean ibil ditzakegun beste bide batzuei begiratzen. Saiatuko zara hondamen horiek hondamen nola bilakatu diren aztertzen. Eta, aldi berean, saiatuko zara munduan dagoen ederrari begiratzen; literaturak ematen digun indar kolektibo horretan munduari gogorarazten mundu izaten jarraitzen duela, ahaztu ez dezan. Saiatuko zara humano egiten gaituzten gauza horietan guztietan indarra jartzen, eta elkartasunari, arteari eta esperantzari lekua irekitzen egunkariaren bazter honetan gorde dizuten txokoan. Existitzen direlako lagunak eta ardoa; zinemara joatearen plazer hutsa; mahai buelta bat partekatzearen komunioa; naturak eta historiak erakusten dizkiguten lezioak; eta bizitza oso bat, Arkupean sar daitekeena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.