Joan den astean Aroztegiko auzipetuek agerraldia egin zuten Lekarozen. Ehunka lagun ageri dira frontoi berde batean, abrigoak kokotseraino igota gehienak. Tokiak ospela dirudi eta jende honek badu hotzikara sentitzeko motiborik. Denera hogei urteko kartzela-zigorrak eta 56.000 euroko fiantza ezarri nahi dizkiete 2021ean Aroztegiko obrak geldiarazi zituzten lagunei. Protesta baketsu batengatik talde kriminal antolatu bat osatzea eta bortxa delituak ere leporatzen dizkiete. Auzipetuei elkartasuna adierazteko deialdia egin dute: 2025eko otsailaren 1ean Iruñean egingo da manifestazioa.
228 etxebizitza, golf zelaia eta lau izarreko hotela eraikitzeko proiektu urbanistikoa da Aroztegikoa. 2021eko apirilean sartu ziren makinak Lekarozeko lurretan. Herritarren borondateari eta desobedientzia zibilari esker, eta ia bi asteko kanpaldi pazifikoa tarteko, kanporatu ziren makinak eta utzi ziren lanak bertan behera. 2024rako heldu dira zigorrak, mehatxuak, errepresioa. Badira, ordea, urte batzuk espekulatzaileek atzaparrak Baztanen sartu zituztela. Herritarren borroka ere ez da atzo goizekoa. Egin dezagun kronologia apur bat.
2008an abiatu zen Aroztegia proiektua. Urte hartan enpresa sustatzaileak 45 hektarea lur erosi zituen. Laborantzarako lurrak ziren, nahiz eta Baztango Udalak kalifikazioa aldatu eta hiri-lurzoru izendatu zituen. Herritarrak agertu ziren erabaki haren kontra eta segitu dute erresistentzian. Urtebete beranduago, hirigintza planen kontsultan, gehiengoz gailendu zen ezetza. Are, 2013an Aroztegia eta gero zer? plataformak alegazioak aurkeztu zituen udalean. Nafarroako Auzitegiak helegitea onartu eta baliogabetu egin zuen lursailen kalifikazioa.
Alabaina, kapitalaren garrek ez dute mugarik. Hamarnaka baliabide ditu bere alde lurra merkantilizatu nahi duen horrek. Horietako bat da UGEP delakoa: udalerriz gaindiko eragina duen plana. 1987. urtean hasi ziren figura juridiko hori aplikatzen, eta ahalbidetzen du gestio eta eskumenak Nafarroako Gobernu orokorraren eskuetara pasatzea, udal partikularren interes eta ahalmenen gainetik. Geroztik, UGEP tartean egon da Euskal Herrian ezagun diren makroproiektu eta bidegabekeria hainbatetan, adibidez, Erdizko meategia, Itoizko urtegia edo Belaguako eski estazioa. Orain Lekarozeko lurrak izan dira herriari bortxaz lapurtu zaizkionak. Zeren proiektua gelditu da, oraingoz, baina UGEPak segitzen du indarrean.
Aroztegia gelditzeko hamarnaka motibo daude. Sozialak, ekologikoak, Baztango identitate kulturalari loturikoak, turistifikazioari loturikoak... Eta noski, espekulazioaren mounstroa: nekazal lurrak aise merke erosi, plan urbanistikoa aldatu, aliantza eta trikimailu juridiko jakinak egin eta horratx, hasierako lurren prezioa harmarnaka biderkatuta. Hori dena herriaren kontra eta enpresa pribatuaren mesedetan. Interes zehatzak eta erantzule zuzenak daude guzti honetan. Eta orain, epaileraren aurrean eseri beharko diren zazpi militante.
Pozez izan dut gogoan 2021 hartako udaberria. Makinak kanporatu ondotik agintarien eta espekulatzaileen aliantzak salatzeko —baina baita garaipena ospatzeko ere— egin zen manifestazio hura. Landa eremua defendatu! Aroztegia gelditu leloa eta Izaskun Igoak gitarra baten distortsioa lagun kantatu zituen poemak. «Hustu nahi dute edukiz lurra», zioen, «hustu nahiko gaituzte, ez gaitezen izan herri». Izan ere, zazpi dira auzipetuak, baina argitu dute «herri oso baten kontrako zigorra» dela hau.
Lurrak zein borroka, biak itotzea du helburu kapitalak, kontu zaharra da hori. Julio Villanuevak, Itoitzeko urtegiko kableak moztu zituzten zortzietako batek, esan zuen behin desobedientzia zibila ez zuela Thoureuk asmatu, legalitatearen eta legitimazioaren talka betidanik existitu dela. Baita herriaren borondatea zapaltzeko makinaria ere. Alabaina, argi defendatu zuen desobedientzia-kateak segi behar duela. Lurrak nola eman ditzake-eta borrokak fruituak. Horrela amaitu zuen Izaskun Igoak 2021eko udaberri hartan irakurritakoa: «Izango gara belar txarra, inoren bista alaigarri, baina bazter zaintzaile». Belar txarrak dira tematuta ere errotik ateratzen zailenak. Zainduko zaituztegu guk zuek ere, hori izan seguru.