Aner Euzkitze.

Eskutxoa eta abar

2024ko urtarrilaren 25a
05:00
Entzun

Azken hilabetean hiruzpalau aldiz joan behar izan dut erizainarengana, eta sekula ez nau euskaraz artatu. Lau urte daramatzat Euskal Ikasketen graduko apunte eta artikuluak gazteleraz eta ingelesez irakurtzen. Batzuetan, nekatuta, etsi egiten dut etxe azpiko Eroskin eta zuzenean hasten naiz gazteleraz badakidalako berriz ere «en español» esango didatela aurpegi txarrez. Baina e, lasai, eskutxoa daukagu.

Azkena berriz jan nuen gustatuko ez zitzaidala hasieratik nekien ETB1eko programa hura «behintzat euskaraz gauza berriak egiten dituztenean kontsumitu egin beharko ditugu»-lako. Ez zidan bi kafesne nahi nituela ulertu sei hilabete taberna horretan lanean daramatzan zerbitzari hark. Baina e, lasai, eskutxoa daukagu.

Nire bertsoak gaztelerara itzultzeko eskatu zidaten. Espainieraz irakurri nuen euskaraz egindako bilera haren akta. Ordu-erdiz eduki ninduten zain telefono-konpainiakoek euskaraz zekien norbaitek arta nintzan nahi nuela esan nielako. Ikasi nuen frantses apurra ez zait ahaztu Iparraldera dezente joaten naizelako. Erdaretan egiten dira herri honetako legerik garrantzitsuenei buruzko eztabaidak. Baina e, lasai, eskutxoa daukagu.

Eta ai! Bat-batean ezin da esan eskutxoa daukagunik, edo beharbada ez daukagu eskutxorik, edo eskutxoa ez dago euskaraz, edo ez dago jakiterik euskararen arbaso bat denetz, edo zoriona hitz elkartua da, edo aitzineuskara monosilabikoa zen, edo nik ez dakit zer.

«Europako hizkuntzarik zaharrena», «altxorra», «berezia», «berezko nortasuna», «maitasuna», «Aitorren hizkuntz zaharra», «arbasoen ondarea» eta gauzatxo horiek guztiak. Agertu eta hiru egunera eraztunak, lepokoak, kantu bat, bost kamiseta eta berrogei poema zeuzkan eskutxoak. Tatuajeak ezabatzeko makina eskuak igurzten ari da. Askok harro eta lau haizeetara dio euskara hizkuntza aurre-indoeuroparra dela bost hizkuntza indoeuropar zerrendatzen jakin gabe. Eta orain nork sinetsiko du eskutxoa galtzea ez dela hizkuntza-politikak planteatzeko arrazoi bat galtzea?

Arazo kultural bat ere izango da, ez dut zalantzarik egiten. Ez gara gu izango historiaren erraien bilaketa unean uneko politikaren oinarri behinentzat hartu duten lehenak; hizkuntzari dagokionean zein hortik at. Denok behar ditugu sinboloak. Denok lasaitzen gaitu dena delako borroka hautatu dugun lehenbiziko eroak gu ez garela pentsatzeak. Hor ariko da orain ere bot antieuskaldunen bat euskara Sabino Aranak inbentatu zuela esaten. Niri ere gustatzen zait historia: euskararen historia ikasten daramatzat azken lau urteak, zer esango dizuet ba. Oso ondo daude historia, genealogiak eta aztarnak; historialarientzat, genealogistentzat eta aztarnarientzat batez ere.

Nahiko nuke jakin nolakoa zen euskararen aurreko hizkuntza, noizkoa zen, non erabiltzen zen, zertarako. Hori bai, ziur nago eskutxoa aitzineuskaraz idatzia dagoela frogatuta ere ez didala Osakidetzak lehenago ezarriko erizain euskaldun bat eta ez dela lehenago desagertuko ETB2. Inguruko erdarei berdin omen zaie eskutxoa, aski omen dituzte oinak gu zapaltzeko.

Guk, bitartean, horrenbeste sinetsi dugu argudio esentzialistetan eta justifikazio historiko epikoetan, pentsatu baitugu gure hizkuntzak —beste ezein hizkuntzak ez bezala, edo bederen, hobeto— baduela esentzia sakral bat, eta hari esker eta hargatik mintzo garela euskaraz, eta horregatik babestu behar dugula. Hainbeste puztu dugu gure bihotz taupadatsua, pentsatzera iritsi baikara gaur egungo euskararen menderakuntza ergatibitatea bezain inherentea dela kasik, eta ez politika menderatzaile materialen ondorio. Balirudikeela euskarak egungo egoera berean egonda berrehun urteko historia baino ez balu, ez litzatekeela den bezain zilegi izango haren defentsa. Ez dela posible euskararen ofentsa.

And I don’t think it’s beautiful.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.