Irati Zubia Landa.

Eskerrik asko, Hontza

2025eko urtarrilaren 17a
05:00
Entzun

Gure amonari ahaztu egiten zaizkio gauzak. Ahazten ditu asteko egunak, karteran zenbatu berri dituen txanponak eta, batzuetan, baita pixa egin duen ere. Istanteko kontuak dira, batez ere, ahazten dituenak. Iragana, ordea, bere horretan du oso-osorik. Ez da gai gauza berriei memorian eusteko, baina bere oroitzapenak berunezkoak dira. Horietako batzuk, oraina baino ederragoak. Akaso horregatik ez naiz ausartu Donostiako Hontza liburu-denda salgai jarri dutela kontatzen. Izan genuen nahikoa disgustu Los Italianos izozki-denda itxi zutenean. Ordutik ez diot hiriaren aktualizaziorik ematen. 

Aitarekin bai, harekin komentatu dut berria. Are, lerro hauek lau eskutara idatzita daude, irakurle. Hemen aitaren ahotsa. «Hontza izan da gure bizi eta memorien parte, ahaztu ezin ditugun beste liburu-denda batzuk bezalaxe. Adibidez, Lagun liburu-denda, 1968-2023; Bilintx, ondoren Elkar izango zena, 1976; eta Librería Baroja, itxi zuten data ez dut sikiera oroitzen. Hantxe erosi nituen nik nire lehen liburuak: Zane Grey, James Oliver Curwood, Pío Baroja…».

Aitak 18 urte zituela hasi zuen bidea Hontzak, 1982an. Etxetik gertu, bost minutu eskasera zuten. Nik aurpegia jarri baino lehen, berak aipatu zidan nor zen Tati, Ramon Tatiegi. «Atea zabaldu eta ‘igual hau interesatuko zaizu’ esaten zidan. Batzuetan erosten nuen, bestetan ez, había que mirar el bolsillo». Bai, esaldi hori ere errepikatu da gurean.

Komite Internazionalistekin segitu du aitak kontakizuna. Bere anekdota kuttunenak Komite Internazionalisten bueltakoak dira. Ipuin baten modura kontatu izan dizkit txikitatik Nikaragua eta Kolonbiako joan-etorriak. Iruditzen zitzaidan Macondo berari buruz ari zela. «Urte batean Latinoamerikari buruzko jardunaldiak antolatzen genituen, hurrengoan Afrikari buruzkoak. Astebete irauten zuten, udaletxeko bajuetan. Hitzaldiak egiteaz gain, liburuen salmenta puntu bat jartzen genuen. Eta nork uzten zizkigun liburuak?».«Hontzak!», bota diot, konturatu gabe txikitan telebistatik Porrotxi erantzuteko baliatzen nuen lilurazko tonu bera nerabilela.  

Askorako ematen dute berrogei urtek. Asko eman digu Hontzak. Tati eta Esther Moyua jabeak aditu ditut irratian. Egonkor mantendu dute lantaldea urteetan. Badu meritua horrek, Donostia bezalako hiri batean, gureak bezalako garaietan. Horrek berezia den gertutasun bat bermatu du, «profesionala», haien hitzetan.

Diote gauza asko aldatu direla bidean. Denda paretik igaro diren manifestazioak, adibidez; edo errepidetik pasatzen diren autobusen noranzkoa. Jende mordoa paratu da eskaparatean eta batzuk sartu dira barrura. Angela Molina, Xabier Lete, Lucio Urtubia. Tomas Borge sandinistak ilusio berezia egin omen zion Tatiri, «agian itsasoaz bestaldeko pertsona bat zelako». Oteizaren izena ere aipatu dute, «ia beti marmarka». 

Izen txikien geraleku ere izan da Hontza. Gogoan dut nire lagun Andresek Fnac-en lapurtzen zituela liburuak eta Hontzan erosteko aurrezten zuela urtebetetzeetan. Tatik eta Esterrek oroitu dute ohikoa zela behinola jendeak bertan egitea lagunekin zita. Kafetegi batean geratu ordez, «seietan Hontzan».

Eskerrik asko, Hontza, estima berezia izan dizugu etxean. Olentzerok zuk aholkatuta eta zuregandik ekartzen zizkidan opariak. Bostak bilduma eta Asterixen komikiak. Altxorraren uhartea eta Letagin Zuri, El Barco de Vapor-en edizio epikoak. Baita gogor tematuta eta gurasoen gogoz kontra nerabetan jaso nuen A Tres Metros Sobre el Cielo ere. Denek zuten zure pegatina lehen orri zurian. Amonak liburuak pisatzeko ohitura zuen, jamon york xerrak bailiran. Banan-banan hartzen zigun jasotako oparia eta jartzen zuen sukaldeko balantzan. 

Aitak esan dit Olentzerok zerbait utzi didala zahar-etxean, baina amonari ahaztu egiten zaiola beti ematea. Komuneko bigarren itzulitik bueltan erreparatu diot mesanotxeari. Eta hantxe, pakete beltza borobil horiekin. Xingola bat zelotan bildua eta hontzaren bi begi. Eskerrik asko, mila aldiz. Berunezko gordeko zaitugu memorian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.