Antigua eta Donostia lotu-bereizten dituen tunelaren pareko semaforora heldu ginen agurea eta biok. Gorri. Errepidearen bi norabideak bereizten dituen erdibitzailean, udaltzain bat, asperraren asperrez erdi lo. Hiria ere halatsu ageri zen, igande bazkalosteko murmuak jota, geldi bezain geldo, lozorroan gozo. Ezker-eskuin begiratu, eta kilometrotan autorik ez zela ageri ikusita, beste aldera pasatzen hasi ginen agurea eta biok. Hasi baginen hasi, derrepente esnatu zen gure udaltzaina, eta sekulako txilibitu eta garrasi festa antolatu zigun, semaforoa gorrian zela errepidea zeharkatzen hasteagatik. Errietak errieta, udaltzainaren pareraino jarraitu genuen guk. Hara iritsita, are eta marru handiagoak egiten hasi zitzaigun ordena zaintzaile zintzo hura. Ni neu, mutu geratu nintzen, zerbait esan nahi baina zer esan ez nekiela. Halako batean, eztul txiki bat egin, eta honako hauxe bota dio agureak agenteari, zer ordu den esaten ari denaren patxadaz: «Jakizu, gazte, pertsonen zerbitzurako direla legeak, eta ez pertsonak legeen zerbitzurako».
Belarriz txalo jotzeko gogoari eutsita, aurrera jarraitu nuen, udaltzaina txilibituari begira-begira utzita, begiak harridura ikur.
Benetan gertatua izateko politegia dirudien arren, zin dagit halaxe gertatu zela. Jeneralean, ordea, trantzea pasatu eta gero bururatu ohi zaizkigu horrelako zirto asmatsuak, tamalez.
Frantsesez izen bat ere bada erantzun egokia abagunea pasatu eta gero etortze hori izendatzeko: «L´esprit de l´escalier» («eskaileran beherako asmamena», neuk halamoduz itzulita). Antza denez, Denis Diderot (1713-1784) ilustratuak asmatutakoa da kontzeptua. Psikologian ere utzi du bere arrastoa («eskaileran beherako sindromea»), eta ez da harritzekoa, ezer gutxi baitago amorragarriagorik, erantzun edo ateraldi egokia hartaz luzitzeko garaia pasatu eta gero bururatu zaigula jabetzea baino. Ez dut uste munduan inor izango denik amorrazio min hori sekula sentitu gabekorik.
Besterik da hori gertatu eta gero zer egiten duen bakoitzak (edo, oraingo estilo hanpatuan esanda, bakoitzak nola kudeatzen duen ezinegon hori). Bada bere berankortasun baldarra argi eta garbi aldarrikatzen duenik. Horrelakoen buru Jean Jaques Rousseau filosofoa (1712-1778) da, dudarik gabe. Aitorkizunak bere liburu ospetsuan (eleberri modernoaren aitzindaritzat jo ohi den horretan), aski modu grafiko eta jatorrean aitortzen du bera askoz solaskide hobea zela gutun bidez aurrez aurre baino.Enrique Vila-Matas idazleak, berriz, sindromearen alde ona azpimarratzen du, hotz eta motz dioelarik literatura, azken batean, eskaileran beherako asmamenaren kontrako mendekua besterik ez dela.
Garbi dago gizakiok ez dakigula ezinegonarekin bizitzen, eta bakoitzak bilatzen duela ezinegon hori baretzeko biderik errazena. Sarri, gertatutakoa «apur bat» aldatuta kontatzea izaten da biderik errazen hori. Ezin esan tranpa handia denik: azken batean, eskaileran behera bururatu zitzaiguna apur bat lehenxeago bururatu zitzaigula esatea baino ez da, segundo xixtrin batzuen gorabehera baino ez. Hala, lagun plantak eginez etorri zitzaigun nagusi zitalari muturrera «aizu, nagusiak ez ditut nik aukeratzen, baina lagunak bai» bota geniola kontatzen dugu, ateraldi hori lantegiko eskaileretan behera gindoazela bururatu zitzaigun arren. Azkenerako, kontatuaren kontatuz gu geu ere sinetsita geratzen gara kontatzen ditugun bezala gertatu zirela gauzak.
Baliteke literatura, Vila-Matasek zioen bezala, eskaileran beherako estrategiaren kontrako mendekua izatea. Badira, ordea, beste bi lanbide edo jardun esparru, estrategia (edo martingala) horri literaturak baino askoz gehiago zor diotenak: politika eta kazetaritza.
ARKUPEAN
Eskaileran beherakoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu