Gazteei lan egiteak ez diela rentatzen, halaxe esan zuen EAEko enpresari gazteen ordezkariak, haiena omen den hizkeran esan ere, eta beraz oso langile gutxi daudela. Deitoratu egin zuen jarrera eta kalte handia eragiten digula esan —jendarte gisa, ulertu nahi dut—, eta berriro errekuperatu behar dela herri honetako gazteen antzinako izaera langile hori, ekintzailea (nola ez): esfortzuaren kultura. Eta niri, pixkanaka lazten zetorkidan gorputza zurrundu egin zitzaidan erabat. Pikorrak ateratzen dizkidate halako esamoldeek, haien azpian dagoena imajinatzeak. Kulturaren esfortzua. Lan-jantzi urdinak, izerdia, makinak, esku krakaz zikinak, erremintak, arruetarrek margoturiko gizasemeak datozkit burura, lana paradisua bailitzan. Eta esfortzuaren bitartez zernahi lor litekeen uste gero eta zabalduago hori, nahikoa saiatu ez izanaren sindromea barreiatzen duena gupidarik gabe. Atzeraka eragiten dit. Kultura horretan dena da, gainera, oso serioa, argi gutxikoa. Gure herri honen sustraiak eta esentziak eta ez dakit zer gehiago gordeko ditu akaso, baina niri hozkia ematen dit.
Ondo pasatzeko, sortzeko, asmatzeko, bizitzeko... esfortzua sustatuko nuke. Esfortzua ez, nahia: desiraren kultura. Baina nago ez direla horretaz ari esfortzuaren aitzindariak. Esfortzu esan nahi du, uste dut, arabierazko jihad hitzak. Horretaz ari direla, erranen nuke, gure enpresariak. Jihadistak dira, guztiz, gure enpresariak. Eskain iezazkiezue gazteei 2.500 euroko soldata eta urtean 1.400 ordu. Agian rentatuko die. Administrazioko sektore batzuek egiten dute eta ongi doakie, haiek eramaten dituzte gazteok euren eskifaiara.
Batzuek ahalik eta lan gutxien egiteko gogoa eta asmoa dutela? Helburu gisa ez da txarra. Ni zeozer-egintzank kulturakoa izanagatik ere, nagitasunerako eskubidea aintzat hartzekoa iruditzen zait. Jaio.Lana.Hil lelopean bizi garenok inoiz kuestionatu beharko dugu hori ote den aurrerabidea.
Kulturatik Esfortzura pasatu dena EAEko Barne sailburua da. Segurtasunaren esfortzatuak dira bere agindupekoak, eta honek ere jendaurrean jardun zuen —eusko diputatu jendearen aurrean—, eta han esandako batzuek ere biloak zutundu zizkidaten. Segurtasunaren pertzepzioa handitu nahi du. Ondo asko daki zertaz ari den. Medio serio, sozial medio eta tabernetako gezurmendietako zarataz ari da, titularrez eta esamesez. Albistegiak irekitzen dituzten labankadez, borrokez, jipoiez. Hori galgatzea nola lortu nahiko duten? Ez dakit ziur, baina susmoa dut polizien presentzia handiagoa dela, batetik, baina batez ere esku hartze azkarretik datorkeela. Azkar esku hartu, atxilotu, sakabanatu... albo-kalte eta akatsei larregi erreparatu gabe. Tartean egon litezkeenak —errugabeak Poliziak jipoituta eta erresistentziagatik auzipetuta etxera joatea, futbola ikustera doana ostikoz hartzea bolakada eman ondoren...— beti garbitu daitezke gerora. Makilatzeak makillatuz, urteak dira copwashing-a jorratzen dugula. Beti ere segurtasun pertzepzioa helburu.
Lana gizon egin behar dugu —esapidea izugarria da, ez didazue ukatuko—, langile, ingeniari eta ekintzaileak denok elkarrekin, I + G sail potente batzuekin, diseinatuz eta ekoitziz, demagun, misil balistikoek itua zuzen eta bortitz jo dezaten teknologia eta trepetak.
Eta gizon portatuko gara lanetik kanpo ere, gu su-hiltzaile, ikasle, enpresari, polizia, harakin... segurtasunaren pertzepzioa hautsiko duen inolako zalapartarik egin gabe bortxatuz Gisele bere gelako intimitate eta isiltasunean.