Maddi Zubeldia.
ARKUPEAN

Errutina

2020ko apirilaren 1a
00:00
Entzun

Nork ez du noizbait errutina madarikatu, zerbait bukatu orduko berriz hasi behar delako sentipena gorrotatu, nork ez du lanera joateko egunero hartzen den bide bera, leku beretan aurkitu auto lerro bera hastiatu? Egunero egun bera bizitzen ari duela nork ez du inoiz sentitu?

«Abentura arriskutsua dela uste baduzu, errutina froga ezazu, hilkorra da». Paulo Coelhoren esaldi ezaguna itxialdiaren garai honetan zentzu berezia hartzen ari da.

Oso irudi txarra du errutinak gure jendartean. Izan bikotean zein norberaren bizitza sozialean, maiz asperdurarekin eta paralisiarekin erlazionatzen da. Egunerokotasunak maitasuna erailtzen duela errepikatu ohi da, eta ikaragarrizko indarra eta irudimena martxan ezartzen ahalegintzen gara errutinagandik ihes egitearren. Egoera berri honetan, haatik, gure lagunik onena bilaka daiteke, ohartuko baikara beharbada arazoa ez dela errutina bera, egoerak ezartzen dizkigun hertsadurak gainditzeko dugun gaitasun mugatua baizik. Azken finean eta neurri batean, norberaren esku ere baitago bere egunerokoaren kalitatea.

Hortaz, gaur hauxe proposatu nahi dizuet: errutinaren goresmena egin dezagun.

Errutina erritual bihurtzeak ezezagunaren barna menturatzen lagun gaitzakeela uste dut; errepikakortasuna lasaigarria gerta dakiguke, kantutxo ezagun batek lasaitzen gaituenean bezala.

Zer da gehien eskasten zaiguna norbait galtzerakoan? Galdera horrekin aritu naiz itzulika egun hauetan, eta ohartu naiz, alargundu diren lagunekin komentatu izan dugularik, denek eguneroko xehetasun txikiak dituztela bihotzetan eta gogoetan atxiki. Ez dute Peruko bidaia aipatzen, goizeroko kafesnea baizik, iganderoko kruasana, eta asteroko mendirako itzuliñoa. Eguneroko ezdeus txiki horiek dira balio gehien hartzen dutenak; badirudi eguneroko bizitza erdigune bilakatzen dela harremana betiko eteten delarik.

Errutinak oinarria finkatzen laguntzen du, eta egunerokoa presondegi izatetik geriza bihurtzen, espazio berriak irekitzen ditu, eta, horrela, aldizkatzea posible bilakatzen da: esparru berrietan aritzen saiatzeko indarra ematearekin batera, deusik egin gabe lasai egoteko aukera ere eskaintzen du, edozein ekaitzalditan ere zola ukitzeko segurantza emanez.

Errutinak berrogeialdi honetan lagundu dezake egoeraren araberan bakardadeari aurre egiten, edo bikotearekin moldatzen, zein familia eta haurrak kudeatzen.

Itxialdia hasi denetik, sekulako aholku pila irakurri ditugu denbora betetzeko, ez aspertzeko. Pantailaren aitzinean egon nahi duenak izanen du zernahi film, erreportaje ikusgai, nahi duenak hizkuntza berri bati, musika-tresna bati lotzeko izanen du zernahi parada. Ezingo du haatik bere buruarekin duen hitzordu behartutik ihes egin, eta hori da agian beldurgarriena, esperientziarik aberasgarriena ere, nik uste, baldintzak gogorregiak ez direnean noski.

Gonbiten artean honako hau ere ikusi dut: «itxialdia balia ezazu poesia idazteko, kantu berriak sortzeko». Sorkuntza zer da, bada, denbora-pasa?

Artistak sortu ahal izateko denbora behar duela begi bistakoa da, baina ez da aski denbora ukaitea; gogoa libre behar dela uste dut, eta hori ez da hain aise erabakitzen. Sorkuntzak ere bere errutina behar baitu, eguneroko jarduna da, unea eta lekua egokiak behar izaten dira, ingurune aproposa, eta bakoitzak bere erritualak izanen ditu: isiltasun osoa edo musika jakin bat, gela batean itxita edo kanpora begira duen ikuspegia, oinutsik edo txapinetan, te berdez edo txokolatez tartekatua, bulego ordenatuan edo ohe deseginean, bakoitzak berea. Bakoitzak bere errutinak eraikiz lortzen baitu espazio berri eta mugagabea irekitzea, eta azkenean, egoera horretan, denak gara sortzaile, ez denbora-pasarako, biziraupenerako baizik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.