«Beti gertatzen zait berdina», «ez dut inoiz asmatuko, joder». Blokeek babestutako plaza batean aditu nituen hitz horiek. Zoruan zigarrokinak eta bankuen oinetan pipa azalak izan ohi dituzten horietako batean. Hain zuzen, berriketarako bereziki aproposak diren toki horietako batean. Errekonozitu nien lagunen ahotsa eta, beharbada, nire propioa ere bai. Jarri nuen belarria baina ezin izan nuen gehiagorik harrapatu. Imajina nezakeen, ordea, zertaz ari ziren. Errua zerion-eta ahots horri.
Norbaiten ahotsean erru tantarik denean, komeni erreparatzea. Erruak forma asko ditu eta bakoitzak esaten du zerbait bizi garen munduaz. Plazako hark Cris Lizarragaren Quítame La Culpa-n ageri den errua ekarri zidan gogora, ezinbestean. Eta hori igaro direla urteak lagun artean irakurri genuenetik. Fanzine txiki bat da, bibentzia eta ahots desberdinen errelato korala. Tirita bat, bakarra ez zarela gogorarazteko. Harreman afektibo-sexualetako biolentzia psikologikoa du ardatz.
Heteroarauak inskribatutako harreman batek garantia gutxi ditu toki segurua izateko. Baina irakurketa estrukturalik ezean, min horiek eremu pribatura mugatzen dira. Minarekin batera agertu ohi da orduan errua. Esanez minik duenak egingo zuela zerbait. Norbere erantzukizuna dela halakoetatik ihes egitea. Biolentzia baimendu duenak hori nahita hautatu izan balu bezala.
Sarri mina ez dator desamodio hutsetik, baizik eta pairatutako botere-harreman eta egiturazko biolentzietatik. Ez duzu negar egiten bihotza hautsi dizutelako, batzuetan zapaldu zaituztelako egiten duzu negar. Baina erruak jarriko dizu bizkarrean ardura. «Ez dut inoiz asmatuko, joder», hemen auzia norbere radarra matxuratu izana eta hori bakarrik izango balitz bezala.
Sarri erruak isiltzen zaitu eta, aizu, ulertzen dut. Jasandakoa salatzen duten gutxik egin dute hori errurik sentitu gabe. Sarri salaketa edulkoratuko duzu eta erruaren parte bat zurekin gorde. «Berez tipo ona da», «maite nau baina», «ez zuen nahita egin» eta abar. Hitz horietan Lizarraga agertzen zait berriro: «Zu errudun sentitzen egin dizkizun mierdak kontatzeagatik, bera 0 errudun sentitzen egin dizkizun mierdak egin izanagatik».
Kasurik muturrekoenetan ere ezin izurtu errua. Krudela da patriarkatuak hartzen duen forma erasoa jasan duenak dutxa azpian errua igurtzi behar duenean. Egun ere «zerbait egingo zuen» epaiak jotzen die biktimei bizkarra. Bitartean, bolo-bolo eta sekulako arinkeriaz, zabaltzen da salaketa batek gizon bati bizitza izorratuko diola alarmantea dela. Gisele Pelicoten kasua titularretan atera bezain pronto egin zen #NotAllMen trending topic. Hori bai dela erraz eta aise askatzea errua. Beldurrak bandoz aldatu behar duela entzun dut. Akaso, erruarekin desio beharko genuke antzekorik.
«Sentimendu gizatiar» deritzenen familia semantikoan sartu ohi da errua. Omen da zerbait unibertsala, naturala esango luke baten batek. Alegia, gosea edo pixagurea bezalaxe, bizirik dagoen edozeinek sentituko duela inoiz. Alabaina, nago zeharkatzen duen gorputzaren arabera forma eta funtzio desberdinak hartzen dituela.
Komeni da erruari erreparatzea. Ea zer ezkutatzen duen, zer zuritzen duen eta nor seinalatzen duen. Irten kalera eta jarri belarria, kantoi bakoitzean topatuko duzu erruren bat. Erruz ari du euria hirian. Paretetako pintada faxistek egozten diete errua gazte magrebtarrei. Euriak ez ditu ezabatuko. Tabernako aterpean babestu diren bizilagunak kexu dira. Ukondoak leihoan apoiatuta egozten dizkiete elkarri, nagusiari beharrean, lanaren eta langabeziaren miseriak. Eskolako atarian amek haur eta erru bana dute zintzilik esku bakoitzetik. Eskaparate bati begira eskuen artean bildu du norbaitek begitartea. Erruz gorroto du bere gorputza. Erruz ari du euria hirian. Eta erruz ari du errua. Agian noizbait, egingo du behetik gora.