Irati Zubia Landa.

Erremin erromantikoaz

2024ko maiatzaren 10a
05:00
Entzun

«Ezin bazaitut burutik kendu, zer egin behar dut?», esaldi horrekin abiatu zuen tonteoa Martinek eta hala txoratu zen seko Olga. Esaldi horrekin deskribatu daiteke, hain zuzen, gero etorriko den drama, Karmele Jaiok ‘Maitasun kapitala’ obran biltzen duena. Olga da narratzaile, baina Martini begira egiten du kontakizuna. Martinen hiletan abiatzen du bakarrizketa. Maitale ohiaren errainua burutik ezin kendu pasatuko ditu liburuaren heren bat eta bere buruarekiko lotsa kudeatu nahian bi laurden. Desamodioaren ajearen kronika bat da.

Sukarraldi baten ostean ahosabaian ateratzen den baba baten modukoa da Martinen izena: mingarria da, erre egiten du, baina saihetsezina zaio mihia behin eta berriz bertatik pasatzea. Katakume bat bailitzan listuak zauria baretuko diolakoan. Kalkulatutako kasualitate bat dirudi bildumako 416 eta 417 aleak Jaioren ‘Maitasuna kapitala’ eta Ernauxen ‘Emakume izoztua’ izatea, hurrenez hurren. Olgak berak dio Ernauxen pertsonaia bat, Anna Karenina edo Madame Bovary bilakatzeko zorian dabilela. Mindu zaituen eta minduko zaituen horretara bueltatzeko obsesioaz ari da. Erremin erromantiko perbertso horretaz. Bere senetik aterata dago.

Adrienne Richen arabera, emakumetasunari dagokion ideala —norberak barneratu eta heteroarauak inposatzen duena— maitasunarekiko menpekotasuna da. Edozeren gainetik bete beharreko bidea, feminitatearen periploa. «Maitasuna sakrifizio gisa». Norbere izerdiz eta ahalez mantendu beharreko zerbait. Sistemarentzat, noski, ezin errentagarriagoa. Lana, zaintza eta babesa, tonaka eta muxu-truk, hitzaren zentzu bietan. Deus ez da ordea doakoa. Olgaren ezinaren testigu izan ahala sumatuko du irakurleak maitemin kontratuak duen hipoteka.

Olgak Kate Milleten hitzak ekartzen ditu une batean: «Gu maitatzen ari ginen bitartean, gizonak gobernatzen ari ziren». Bat nator, baina erdizka. Ikusten ditut eta maitatu bitartean —horrek dakarren lanarekin— eginbeharrez lepo diharduten emakumeak. Jarriko dute maitasuna emakumeen zentroan, baina beste mila gauza egin behar dituzte. Are, Bell Hooksek zioen maitatzea baino gehiago zaintzea dela emakume askoren errealitatea, bereziki kolektibo zapalduenen kasuan. Maitasuna eta zaintza beti bereiz litezkeenik, ez dakit ba nik. Edonola ere, nago asko dutela zaintza lanen kostutik bihotz hautsiek.

Adibidez, Ellie Andersonek harremanen mantenu emozionalak dakarren kostuaz hitz egin zuen. Harremanak ‘kudeatu beharreko’ zerbait dira nonbait, eta kudeaketa hori emakumeen bizkar erori ohi da gehienetan. Norbere eta bestearen emozioak ulertzea, interpretatzea, horiek asertiboki mahaigaineratzea. Hitz egiteko toki eta une aproposa bilatzea, bestea gehiegi ez itotzea, gatazkei soluzioa bilatzea. Etengabe pendiente egotea. Hori dena tonu goxoarekin egitea. Whatsapp bidez paragrafo eternoak bidali eta bueltan «ez dakit nola kudeatu» inozo bat jasotzea. Leher eginda utziko zaitu, txiki, edonor erotuko luke.

Ez da sorpresa txikitatik maitagarri izateko konfiguratu duten hori obsesioan ezin kabitu ibiltzea. Erokeria bat da baina bada, nolabait esateko, ‘logikoa’. Hil eta gero ere bueltatzen zaio Olgari Martinen izena, baina horrela funtzionatzen dute fantasmek. Gertatzen da. Hala, lagunei enegarrenez aterako diezu gaia eta ebokatuko dituzue mindu zaituzten izenak. Izan horrek zauria lehenago orbainduko duelakoan edo, besterik gabe, etengabe pendiente egon diren garunak ez direlako aise deskonfiguratzen. Eleberriko Laiak dio arriskutsua dela maitatzea bakarrik zaudenean, lagunik ez duzunean. Maitasuna itsua izan daitekeela, baina lagunak ez. Nik Irenegarryren Odienle kantua gomendatzen dizuet enkontru horietarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.