Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Erre aurretik

2023ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Bazterrak harrotu ditu joan den astean Future of Life Institute delakoak sustatu duen gutunak. Bertan Adimen Artifizialaren esparruan egiten ari diren aurrerabide handiak sei hilabetez eteteko eskatzen diete industria teknologikoei mundu horretan izen handia duten ehunka ikerlarik, pentsalarik eta enpresa eledunek. GPT4 bezalako sistemak garatzeko inbertsio itzelak egiten ari diren bitartean, horien euskarri izan beharko luketen eztabaidak oso atzean geratu direla diote, eta, beranduegi izan baino lehen, behin-behinekoz gelditzeko aldarrikatu dute. Arriskua oraindik kontrolatzeko modukoa dela diote, baina industriak daraman abiada ikusirik, luze gabe sua zabalduko omen da neurririk gabe. Italian ez dute itxaron nahi izan, eta joan den astetik nabigatzaileek sarbidea ukatu egiten dute Adimen Artifizialeko gune ezagunenetara.

Teknologiak eskura jartzen dizkigun aukera guztiak ez dira zertan bere horretan onargarriedo positibotzat hartu behar, ezta alderantziz ere. Noiz eta zertarako baliatu, zein testuingurutan eta nork galarazi eztabaidatzea nahitaezkoa da eskuetatik ihes egingo ez badigu. Hortik dator, bada aurrerapen bizkor hori behin-behinekoz eteteko eskaera, itzulerarik izango ez duen puntura iritsi baino lehen.

Adimen artifizialaren munduan, Singularity edo Berezitasuna deitzen zaio, hain zuzen ere, puntu horri, gutunak hitzez hitz aipatu ez, baina aditzera ematen duen balizko horizonte ezezagun horri. Adimen Artifizialak erdietsi dezakeen garapen-mailarik altuena da, hots, gizakion kontroletik haratago garatu eta gizartea azkar mendean hartuko lukeena. Nola jakin noiz egon gaitezkeen maila horretan? Hainbat ikerlarik itzulpen-gaitasuna proposatzen dute irizpide gisa, eta, beraz, Adimen Artifiziala gizaki batengandik espero litekeen xehetasun eta zehaztasun berberaz diskurtso bat itzultzeko gai den momentuan, Berezitasunaren ertz-ertzean geundeke. Itxura guztien arabera, ez gaude batere urruti.

Neure buruarekin proba egin nuen aurreko baten, GPT4 delakoari galdetuta zer dakien niri buruz. Kontakizun aski ongi josia, han-hemenka argitaratuta dauden egiaren zatiak bere erara nahastuta bueltatu zizkidan, nire bizitzaren alegiazko kontakizun distopikoa sortuz. Bilaketa sinple baten bidez jakin nuen, adibidez, 2018ko uztailaren 16an hil nintzela Donostian, gaixotasun luze baten ondorioz. Nire lasaitasunerako (edo), euskaraz galdetu nionean ez zuen nire heriotza aipatu.

Bilaketa horrek harritu egin ninduen, jakina, baina kaltegabea zen. Beste erabilera batzuk, ordea, oso bestelakoak izan daitezke. Edo ez. Ez dugu zertan aurresan laster makina super adimendunak izango ditugunik, dena kontrolatu eta gure espeziea suntsituko dutenak, baina zenbaiten ondorio kezkagarriak oso agerian geratu dira jadanik. Giza adimena anplifikatzeak gaur-gaurkoz irtenbiderik ez duten arazoak konpontzeko bidea zabal dezake, eta baita konponbiderik izango ez duten arazo berriak sortu ere.

Lehen aldiz sua piztea lortu zuen hominidoaren berri zehatzik ez dugu. Hipotesi hutsa da, beraz, zer jazo zen une horretan, baina ez nintzateke batere harrituko ikertzaileek paper bat argitaratuko balute, ebidentzia zientifikoak eskainiz baieztatzekozibilizazioa aldatu zen une horretan hominido gaixoa erre egin zela. Edo larriagoa izan zitekeena, inguru osoa kiskaldu egin zuela ihes egingo zion txinparta batek. Lehen aldiak, bizitzako arlo guztietan, arriskutsuak dira, nahitaezkoak izanik ere. Zentzuzko dirudi, beraz, sua barreiatu baino lehen, suteak pizteko baldintzak adostea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.