Iñigo Martinez Peña.
ARKUPEAN

Eromena subertsiboa al da?

2023ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Kontzeptuetan lehergailuak jarri, kategoria guztiak suntsitu, ideien dekonstrukzio etengabean aritu. Alegia, mailuarekin filosofatu behar da, Nietzschek esan bezala... Hori ote da pentsamenduaren eginbeharra? Azken urteetan, behintzat, horrelako moda edo doinu intelektual bat dago indarrean. Eromenaren aldarria? Muga guztiak hausteko mugimenduorokorra?

Dikotomiak, adibidez, gainditu beharreko kontuak omen dira. Pentsamendua mugatu baino ez dute egiten: natura-kultura; arrazoia-emozioa; gizakia-animalia; subjektua-objektua... Amaitu egin behar dugu, behingoz, sailkapen horiekin guztiekin. Den-denak jariakorra izan behar du, edozein helduleku susmagarri egiten zaigulako; kontserbadorea. Rosi Braidottik, besteak beste, horrelako jarrera bat proposatzen du, dikotomiatik at dagoen posthumanismo baten alde.

Kontuak kontu, hauxe dugu egungo galdera nagusi bat: dikotomikoa ala anti-dikotomikoa zara? Zelako paradoxa! Modu horretan ere dikotomiaren aldeko edo kontrako dikotomian jausten gara. Baliteke sailkapen horietatik erabat ihes egitea ez izatea hain gauza erraza. Izan ere, zein da pentsamenduaren eta hizkuntzaren egitura? Ez al dugu edozein hitz azaltzeko bigarren hitz bat derrigorrez erabili behar? Zer izango litzateke hitz edo kontzeptu bakarra? Ematen du, adibidez, uda pentsatzeko negua ere ezinbestekoa zaigula (nahiz eta, zoritxarrez, katastrofe ekologikoek bien arteko dikotomiarekin amaitzeko panorama irudikatu...).

Zer lotura du dikotomiak edo honen gabeziak zoramenarekin? Zerk erotzen gaitu gehiago, dikotomiak edo honen faltak? Eta izenburuko galderari helduz: eromena, pentsamendu mailan, aldarrikatu beharreko zerbait da? Eskizofrenia eta kapitalismoa liburuan, eskizofrenia antisistematiko ero baten alde egiten dute Gilles Deleuzek eta Felix Guattarik. Kontzeptu eta esanahi ororen suntsiketa filosofikoa subertsibotzat jotzen dute: gora «errizoma»! Horrela deitzen diote errorik gabeko pentsamenduari. Iparrik eta mailaketarik gabekoa izan behar du: desplazamendu etengabean zentzu eta esanahi guztiak popatik hartzera bidali nahi dituen «metafisika nomada».

Kurioski, badirudi kapitalismoa bera «deleuziarra» bilakatu zaigula, erroen kontra edota enpresen deslokalizazioaren alde egiten baitu... Are gehiago, egungo marketinean ere eromenaren goraipamena entzun daiteke. «Erotu zaitez eta eros ezazu zure ametsetako txaleta! Egin ezazu espero gabeko bidaia zoro hura! Flipa ezazu gure azken produktuekin!». Muga guztiak haustea eromenarekin parekatu zaigu, esparru orotan?

Akaso testuinguruak nahasten ari naiz eta ni ere apur bat erotu naiz artikulu honetan. Agian ez legoke gaizki esparruak zertxobait bereiztea. Deleuzeren kasuan, adibidez, unibertsitatetik proposatutako diskurtsoa dugu. Eta jolas ederra izan daiteke jarrera intelektual gisa. Zergatik ez? Ideia berriak asmatzeko metodo baliagarria. Baina zilegi izango litzateke diskurtso bera psikiatriko batean erabiltzea? Ez al ginateke, kasu horretan, sufrimenduarekin apur bat zinikoak izango? Agian komeni da testuinguruaren araberako zuhurtasuna lantzea...

Jacques Lacanek, zentzu horretan, ez du eromena erromantizatzen. Gizakiontzat jaiotzetik emanda dagoen zerbait dugu: hiztunak garen heinean apur bat erotuta gaude. Zergatik? Hitzek, soinuek, ez daukatelako gauzekin harreman zuzenik, eta haustura horrek eromenaren aurrean jartzen gaitu betiere: gure hitzen zentzuaren zuloaren aurrean.

Dikotomiak helduleku kontzeptualak izan daitezke. Horregatik, heldulekurik, mugarik edo iparrik gabe egoteak ez du zertan eta beti zeozer subertsiboa eta desiragarria izan. Horren atzean sufrimendu existentzial sakon bat egon daiteke. Eta beldur naiz, batzuetan, bakoitzak bere mundu eroan bizitzeko gonbitak, ideien ustezko espetxeetatik erabat askatzeko modak, ez ote duen (kasuan kasu) sufrimendu gehiago sortuko, ez ote dituen gure harreman kontzeptualak zein existentzialak gehiegi apurtuko. Agian hobe da, norberak bere eromen partikularra onartuta ere, besteekin zubiak eraikitzeko ahalegina egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.