«Zoriontasunaz idatzi nahi nuen, tia. Zoriontasunaz idatzi nahi nuen aste honetan eta hara non triste jarri naizen». Zoriontasunaz idatzi nahi nuela esan nion Oihaneri; eta hatz lodia oraindik Whatsappeko mikrofonoaren ikonoan nuela, konturatu nintzen gaiak goibeldu egin ninduela.
Ez dakit nola egin zuen Epikurok, pentsatzen dut bizitzabakarradagozatu dioen katiluan gosaltzen dudan bitartean. Bai, aitortuko dut, Mr Wonderful-en katilu bat dut. Ez bat, hiru ditut: bizitzabakarradagozatu, ezbaztertuzureametsak eta osolagunonazara. Serio, amak oparitu zizkidan. Ez dakit nola egin zuen Epikurok zoriontasunaz horrenbeste pentsatu eta, are, zoriontasunaren defentsari amore eman gabe eusteko. Epikurok bizitako Garai Helenistikoa ez zen sobera itxaropentsua. Ziurgabetasunak eta polisaren gainbeherak zeharkatu zituen. Eta, hala ere, tematu zen gogotik tipoa.
Zoriontasuna inportantea da, hori argi dut. Poza gauza serioa da. Izan dut haren falta eta baditut behin ihes eginda errekuperatu ezinean dabiltzan kideak. Baina gaia eztarrian kateatzen zait sarri. Badakidalako mundu tristea dela gurea eta ez dakidalako nondik hasi. Katiluaren aurrean agobiatu eta jota triste hasi ditut goiz dezente.
Gure bizia arautzen duten mandatuen artean bada bat argia: izan zaitez zoriontsu. Mandatu indibiduala da. Norbere ardura da zoriontasunarekin kunplitzea. Ondikoz, norbere errua da ere zoritxarra. Barbara Ehrenreichek zioen pentsamendu positibo hori behar dugula, hain zuzen, eramangarriago zaigulakopentsatzea zoriona jarrera baten fruitu dela, eta ez desberdinkeriarena. Zeren bai, kapitalismoan besteen zorigaitzaren kontura eraikitzen dira zorion postalak. Mezua berez ez da izan zaitez zoriontsu, baizik eta izan zaitez albokoa baino zoriontsuago.
Sara Ahmedek dio zoriontasun-mandatuak balio duela gure bizitzak orientatzeko. Bere ustez, zoriontasuna zertan den baino galdera interesgarriagoa da non dagoen lokalizatuta. Izan ere, zoriontasun-promesak toki zehatzei begira jartzen gaitu: Zoriontsu izateko eskuratu neska-lagun titulua, osatu Gabonetan bilduko den familia. Atera Black Friday-ari zukua eta egin Atlantikoaz bestalde oporraldia. Lortu enpresa afariak izango dituen lanpostua.
Badakigu horiexek zorigaiztoko geltokiak direla maiz, nahiz eta ahots goran esatea kosta. Epikurok ere konprobatuko luke toki horietan ez dela bere zoriontasun printzipioa betetzen: ahalik eta plazer gehien eta ahalik eta sufrimendu gutxien. Ez da erraza, ordea, desiragarri behar luketen bideetatik ateratzea. Zorigaiztokoa izango zara betiko, mehatxua topatuko du bazterrean bidetik irteten denak. Zorigaiztoko izango zara eta zure kulpa izango da.
Egon behar du, ordea, esperantza izpirik. Jack Halberstamek porrotaren baitako jarrera positiboaren alde egin zuen, The Queer Art of Failure (Porrotaren queer artea) lanean. Aldarrikatu zituen zoriona eta baikortasuna galtzaileen bandoan. Little Miss Sunshine (Miss Sunshine txikia) filmaren adibidea jarri zuen, Olive neskatoak missen lehiaketan aitonaren koreografiarekin erridikulua egiten duenean. Porrotaren une gorenean Oliveren familia disfuntzional osoa oholtzara igo eta dantzan hasten da. Inguruko begirada eskandalizatuei erdiko hatza aterako baliete bezala. Eszenari baikortasuna dario. Ez da «irabazi dezala onenak» dioen positibismo toxikoa, baizik eta «ez dugu inor atzean utziko» dioen algara.
Arrazoi duzu, Epikuro. Ezin dugu zoriontasunaren defentsan amore eman. Beste mundu bat eraikitzeko behar dira ilusioa eta poza. Nik ere badut lorategi bat, eta nire kide eta lagunak jende alaia dira. Jende alai disfuntzionala. Askok porrot egin dute familia-lana-apartamentua proiektuan. Edo ez dute lortu, edo bide horiei uko egin diete bestelakoekin amesten dutelako. Ez diote zoriontsu izateko desirari uko egin. Ez miseriari entzungor egiten diotelako, baizik eta gauzak aldatzeko pasioa dutelako. Beren bizipoza ez da trofeo distiratsu bat. Haien ilusioak ez dira ehunka pertsona kantoietan lo dauden bitartean kalea apaintzen duten Donostiako Gabonetako argiak. Haien poza gehiago da arkupe batean topatzen duzun grafitia. Sinadura bat, lelo bat, irribarre egiten duen izartxoa. Esaten dizuna posible dela oraindik kalea okupatzea. Begi keinu konplize bat, aurrera egiteko.