Inaki Galdos
ARKUPEAN

Epaia

2023ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Atzo jakin genuen Donostiako Zigor Auzitegiak hainbat espetxe eta indemnizazio zigor ezarri dizkiola Realeko presidente ohia den Iñaki Badiolari, ustez Gipuzkoako zenbait pertsona ezagunen kontra sare sozialetan ezkutuko perfilak erabiliz jaurtitako irain eta kalumniengatik. Duela hiru hilabete izan zen epaiketa eta han ikusitakoagatik, baina baita aurretik ezagutzen ziren hainbat daturengatik ere, lurraldeko jende askorentzat ez zegoen zalantza handirik nor zen 2015-2018 urte bitartean sekulako astakeriak botatzen zituena Twitterreko kontu haietan.

Hori baino lehenago, Realeko akziodunen gehiengoak ia urtebeteko agintaldiaren ondoren—2008ko urtarriletik abendura— bere kargutik kendu zuenetik aurrera, sekulako oldarraldia izan zuen auzitegietan garaiko ordezkari politikoen kontra, Realeko presidente eta kudeatzaile ohien kontra eta klubaren administratzaile konkurtsalen kontra, besteak beste. Banaka-banaka joan zen kasuak galtzen eta banaka-banaka joan ziren berak esandakoak gezurtatzen. Atzo ezagutu genuenak printzipioz Realarekin zerikusirik ez duen arren, epaiaren arabera, Donostiako klubean eta ondorengo estrategia judizial hartan izandako porrotek sortutako mendeku egarriak eraman zuten Badiola egin zuena egitera. Gogora dezagun Kote Cabezudoren aferaren zirimola probestu nahi izan zuela hautsak harrotu eta giroa zikintzeko.

Zalantzarik gabe, morboa sortzen duen gaia da gizon honena. Plaza publikoan duela 15 urte inguru agertu zenetik berari buruz pentsatu dutena pentsatu dutela —iritzi aldaketa sakonak tarteko—, panpina hautsitzat hartzen dute gaur egun ia denek, ez gara hemen ur handiagotan sartzen hasiko. Eta, legeak eskaintzen zituen tresnak baliatuz, putzu sakonean sartuta zegoen Realari laguntzeko hainbat neurri hartu genuenontzat kartzela zigor luzeak eskatu bazituen ere, ez gaitu (batzuok behintzat) bereziki pozten bere gainbeherak. Historia honetan gehiago kezkatu gaitu (gintuen), Gipuzkoan sortu zen lurrikarak, eromen kolektiboak, urte batzuk geroago soziologo batek izendatu zuen bezala.

Egia da oso une jakinean ernaldu zela giroa: krisi ekonomiko, politiko eta sozial sakona oro har gizartean eta desagertzeko arrisku bizian Reala. Ulergarriak ziren, beraz, jendearen egonezin, haserre eta aldaketarako oihuak. Baina bide benetan kaltegarria aukeratu zuen gehiengo batek egoera iraultzeko. Populismo arriskutsua, lider mesianiko batek gidatua. Eta haren bueltan, masa handia itsu-itsuan jarraitzeko prest, edozein gezur irensteko pronto, bere aginduei men egiteko listo. Talde ondo antolatua —hau gero jakin genuen—, sareetan eta kalean presioa etengabe (eta bortizki) egiten, liderrarekiko zalantzak edo desadostasunak zituen orori. Politikarako jauzia emateko proposamen/tentaziorik ere egon zela ezin ahaztu (alkaterako edo lehendakarirako aurkeztea omen zen zalantzetako bat, Gara egunkariko Joseba Iturriaren ikerketa on batek argitu zuenez).

Atzo ezagutu genuen epaia, pertsona baten dekadentziaren ondorioa da, baina zabaldu egin behar dugu fokuaren angelua. Eta behingoz jabetu, honetan (ere) ez dela gurea oasi bat. Gu ere ez gaudela dinamika populista arriskutsuetatik salbu. Iñaki Badiolak bere ibilbideari buruzko gogoeta egin beharko du, inoiz bere onera etortzen bada, baina beste askok ere bai. Batez ere etenik gabe xaxatzen ibili zirenek eta bere inguruan egonik inoiz ezer esan ez ziotenek. Baina guztion lana da aztertzea eta geure buruari galdetzea zer gertatu zen garai hartan Gipuzkoako historiako kapitulu triste hura bizi izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.