Hiriburuetako erabakiak ikusita pentsatu nuen gure herrirako nik nahiago nuela emisio handiko eremu izendatuko balute: oro har fidagarriagoak egiten zaizkit 15 edo 20 urtetik gorako autoa gidatzen duten pertsonak bestelako gurditzar distirant hiperpotenteetan dabiltzanak baino. Baina ohartu nintzen boutade handia dela, inoiz suerta litekeela jende jatorrik haien artean, potenteen artean esan nahi dut, eta autoak kentzeak, adin diskriminaziorik gabe, denak ere, helburu lehentasunezkoa beharko lukeela, gure industria auxiliarrak zartakoa hartuko badu ere.
Beraz, nik ere iritzia dut gure planetarentzat hobea dela hiri eta herrietara sarrera mugatzea. Pertsonei, batez ere.
Jendez gainezka egiten ari dira gure hiriak (eta zenbait herri) eta jendetasunez husten, like-ak irabazten eta nortasuna galtzen. Donostiatik txango bat egitea baino ez dago degradazioaren neurriaz ohartzeko. Eta besteak, bide beretik.
Turismoa ezabatu behar dugu. Administrazioaren jarduera antolatu gisa, industria gisa, esan nahi dut. Ez noa inori aterik itxi diezaiogun proposatzera, are gutxiago gu lotzera, geu ere ibiliko gara hor zehar turista —batzuek bidaiari esaten diote euren buruari, ez turista, besteek egiten dutena eginagatik ere—. Oraingoz. Iritsiko baita unea hori ere amaitutzat jo beharko duguna, munduan zehar selfieak egiten ibiltzekoa, dagoeneko planetak ezin baitu jasan. Desazkundeari serio ekin beste erremediorik ez dago. Baina nor hasiko da desazten?
Planetaren penak aletzen eta gure erantzukizunen inguruan sermoiak botatzen ibiltzeari utziko diot, hala ere. Proposamen zehatz eta eraikitzailearekin nator, dena ez da negar eta lantua: turismo sail eta departamentuak ezabatzea, oso-osorik —turismo bulegoak bisitari galduei oinarrizko informazioa eman ahal izateko puntura murriztuko genituzke, langilerik gabe, makinatxo bat jarriz, herritarrok (ez) atenditzeko musikatxoa jartzen duen tipo horretakoa, «gure agente guztiak okupatuta daude, deitu minutu batzuk pasatu eta gero»—. Sosik batere ez gastatu Turismoan. Eta diru horiek bertakoen bizitza maila hobetzera eta hiriak bisitaleku ez ezik bizileku izan daitezen politiketara zuzendu. Lasai: bisitariak bestela ere ez dira faltako, honezkero mundu zabalean badute gure herri honen ontasun eta ondasun eta bestelako tasunen berri. Egungo saretze globala enkargatuko da gainerakoaz. Eta beraz, ezer sustatu beharrik izan gabe, dirua bertan bizi eta irauten dutenen bizitza kalitatea apur bat duintzeko erabili. Horixe proposamena, serioa.
Zehatza da proposamena, gainera, ez nabil nire misio kontzientzia-pizlearen adarretan. EAEko hagintariak larri daude koitaduak, azken hauteskunde kanpainan osasungintza publikoa indartuko zutela eta oso ona zela eta abar esan ziguten, eta uda iritsi aurretik azal eta hezur geratu zaie Osakidetza. Gaixoak. Horren aurka, hona botika: turismo sail eta departamentuei eman gabekoa uda sasoirako mediku gehiago kontratatzeko baliatu, oinarrizko arretari diru indizioa jarri, osasun azpiegiturak egin rotondak balira bezala (eta behin udarako kontratatutakoa, ahal dela hor utzi urte osorako).
Turismotik bizi direnek ez lukete askorik igarriko —eta igarriko luketen gehienek ez didate inolako penarik ematen, hori ere hala da—. Eta beharrezkoa da. Ez baita posible hiriak etxebizitza turistikoz josita egotea eta bertakoek ezin alokairuzko pisurik aurkitzea; aurkitzen duenak soldata eta erdi utzi behar izatea munduko pintxorik onenak dastatzeko dirurik geratzen ez zaiola; ekainean hustu beharreko ikasleendako pisuak 1.400 eurotan edukitzea logelaka alokatzearen aitzakian, eta udan pisu berori Airbnbri eman...
Gure ereserki nazionala, Gernikako arbola, eguneratu behar da: eman eta zabal itzazu, etxean fruituak. Gero, sobratzen bada...