Inaki Galdos

Emakumeen bultzada

2024ko azaroaren 5a
05:00
Entzun

Donald Trump ez dela itzuliko idatzi genuen hemen apirilean irmo, zorrotz. Arinegi hitz egiten ari nintzela aurpegiratu zidaten adiskide askotxok (uler bedi arin izenondoa adiera bikoitzean) eta ordutik hona sarri bidali izan dizkidate sega potora New Yorkeko errepublikano eroaren aldeko inkesten loturak. Eta ez dira gutxi izan, ezta azken egun hauetan ere. Baina nireari eusten diot; are gehiago, busti egingo naiz: inkestek eta analistek diotena baino zertxobait errazago irabaziko ditu hauteskundeak Kamala Harrisek.

Asko aldatu da egoera apiriletik. Joe Biden zen orduan demokraten hautagaia, uztailaren bukaera aldera lehian jarraitzeari uko egin zion arte. Badago aldaketa beranduegi iritsi zela dioenik, baina alderdiko estrategek unea primeran aukeratu zutela uste dugu beste askok, ez baitugu pentsatzen erabakia presidentearena izan zenik soilik. Alde batetik, Trumpekin ekainaren 27an izan zuen zorigaiztoko debatearen ondoren berehala gauzatu izan balitz, agian aztoratu egingo zen alderdiko hainbat jende eta primarioak egiteko eskatu, abuztuaren bukaerako Illinoiseko konbentziora bitartean denbora bazegoela iritzita. Beste alde batetik, denbora faltagatik, arerioaren etxean antzerako mugimendu bat egiteko aukerarik gabe geratu ziren ez bata eta ez bestea agertokia amesten zuten errepublikano klasikoak. Bukatzeko, kanpaina laburra behar zuen Harrisek, espresa eta ondo kontrolatua, gain labainkorren lokatzetan sartzeko arriskuak saihesteko pentsatua.

Lehendakariordetarako hautagaiak ere ezagutu ditugu ordutik hona. Ez dago zalantza handirik demokratek aukera hobea egin dutela, analista eta ordezkari errepublikano askoren J.P. Vance xelebrearekiko etsipena lekuko, nahiz eta euren arteko debatean Tim Walzek baino lan hobexeagoa egin zuen. Bere bi hautagaien berritze honekin berpiztu egin da dezente demokraten ilusioa, kanpainan nabaritzen ari denez. Baina nobedadeak nobedade, eta ez dira ahuntzaren gauerdiko eztulak izan, apirileko gure aurreikuspenetan aipatu genituen bi joera nagusiak areagotu egin direla ikusten ari gara modu garbian.

Hasteko, Trumpen kontrako errepublikanoen kuadrilla hazi egin da etengabe. Duela zazpi hilabete Adam Kinzinger eta Liz Cheney aipatu genituen adibide gisa, baina gaur egun asko dira Harrisen aldeko botoa iragarri duten errepublikano ospetsuak; are gehiago, honen aldeko kanpainan murgilduta daudenak. Tartean, Trumpen gobernuan lanean aritutako berrogei bat kide inguru, bera itzultzea hondamendia izango litzatekeela gaztigatu dutenak. Errepublikanoen primarioetan Nikki Haleyren alde antolatu ziren batzorde askotako kideek ere jauzi bera eman dute, nahiz eta Haleyk berak Trumpi babesa ematea erabaki duen azkenean. Badaude beste asko demokraten aldeko botoa iragarri ez baina presidente ohiari ez diotela emango ere garbi utzi dutenak.

Baina, zalantzarik gabe, emakumeen oldarraldia izango da gure ustez Kamala Harris Etxe Zurira eramango duena. Zarata handirik gabe ematen ari dena eta legealdi erdiko 2022ko hauteskundeetan ere nabaritu zena, inork espero ez zituen emaitza onak lortu zituztelako orduan demokratek emakumeen bultzadari esker. Haserre daude emakumeak Ameriketako Estatu Batuetan, azken urteetan euren eskubideen kontra errepublikanoek hartutako zenbait erabaki edota erabaki saiakerarekin, eta badirudi hori nabaritzen ari dela aurretiko botoa emateko garaian emakumeen artean izan den mobilizazioarekin.

Badaude beste elementu batzuk ere egin dugun aurreikuspena idaztera bultzatu gaituztenak. Adibidez, gaur bertan izango diren hainbat hauteskunde garrantzitsutan askoz ere hautagai hobeak dituzte demokratek. Adibidez, Ipar Karolinako gobernadorerako eta Senaturako Arizonako lehietan. Horrek lagundu egin liezaioke Harrisi, zertxobait gutxienez. Baina, ororen gainetik, emakumeek eramango dute lehen aldiz emakume bat AEBetako lehendakaritzara. Ez badut asmatzen, nik neuk ere pentsatu egin beharko dut ea merezi duen aurreikuspenak hain arin botatzea. Edo zuzenean, merezi dudan nik neuk ere arkupe honetan jarraitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.