Oihane Amantegi (L)

Elur-jausiak

2025eko apirilaren 10a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Elur-geruza bat maldan behera desplazatzen denean sortzen dira elur-jausiak. Gerta daitezen, beharrezkoa da elur-gainkarga egotea; eta beharrezkoa da, aldi berean, aldapa bera ere nabarmena izatea. Abiadura motelagoan edo biziagoan gerta daitezke, eta mendiaren magalean bertan dagoen material organikoa eraman dezakete herrestan: harri, enbor eta bestelako. Mendian ibiltzen diren gehientsuenek badakite mendiari errespetua zor zaiola, eta, ahal den neurrian, ahalik eta prestatuen igo behar dela bertara. Dena den, mendian ibiltzen diren gehientsuenek jakin badakite arriskua bertan egon daitekeela, eta dena alde izanda ere, elur-jausiak harrapa zaitzakeela.

Eta gertatu zaizu, mendian gora zoazelarik harrapatu zaituelako jausiotako batek. Ez duzu etortzen ikusi ere egin, baina derrepentean gainean daukazu eta seiehun metro inguruan panpina baizinan zaramatza arrastaka, orduko laurogei kilometroko abiaduran. Ez duzu pentsatzen bizirik aterako zarenik. Hasi bezala, ordea, bukatu egiten da elausoa eta lurrean botata gelditzen zara, eztarria elurrez trabaturik. Eskerrak gainazalean gelditu zarela, bizkarrean daramazun aire-poltsari esker ez zarela elurretan hondoratu eta bertan ito. Eskerrak heldulekuei. Kolpeak dauzkazu gorputz osoan; saihetsen bat edo beste puskatu duzu. Minez zaude, baina bizirik. Zaudeten guztiak, den-denak atera zarete bizirik, eta laguntza profesionala etorri bitartean, elkar lagun dezakezue. Eskerrak heldulekuei.

Eskerrak heldulekuei, horiek gabe nekez ibil gaitezke-eta bizitzan. Helikopteroan atera zaituztete mendiaren magaletik, ospitalera eramateko; bertan, proba bat bestearen atzetik, erradiografiak, diagnostikoak, eskanerrak. Talde oso bat mobilizatu da zure ongizatea bermatzeko, zeure mina arintzeko, zeure deskantsua errespetatzeko. Zaudeten tokian ohituta daude oso elur-jausiak norbere larruan eta besteenean pairatzera; eta horregatik, propio, esan dizute hitz egiteko gertatutakoari buruz. Ez egiteko ez ikusiarena, ez egiteko ez entzunarena. Norbere bizitza kolokan ikusi izanak eskatzen duela denbora-tarte bat —nahi baino luzeagoa ziur aski— gertatutakoa behar bezala irunsteko.

Etxera itzuli zara, ospitalean egun batzuk eman ondoren. Sormindua dakarzu bizkarra eta hegala; sormindua gogoa. Etxera itzuli zara, baina, eta etxera itzuli zarenean, istripuaren kontaketa egiten diguzula, denok jarri gara —nahita batzuk, nahigabeago besteak— geure ezbehar fisiko eta emozionalei begira. Bizitzak kuestionatu egiten gaituelako askotan, etengabe ez bada, eta zeure istripu honek gogora ekarri dizkigulako geure istripu partikularrak. Noiz erori garen, eta zergatik. Zein elur-jausi izan den gurea. Zer egin dugun elurpean itota ez gelditzeko. Nork luzatu digun eskua. Nori esker sendatu ahal izan ditugun geure zauriak. Nor egon den aldamenean geure gainean tapakia jarri eta bero eman diguna, elurretan izoztuak gera ez gintezen. Nor egon den gure zain, itzul gintezen.

Itzuli garelako, izan erauntsietatik edo basamortuko zeharkaldietatik; izan minetik, penatik edo ezbeharretik. Eta itzuli bagara, itzuli gara sarea geu jasotzeko prest egon delako hein handi batean. Heldulekuei esker itzuli gara. Aldapan gora ibiltzen garelako batzuetan, ezinean, arnasestuan, horizonterik gabe arean; aldapa behera beste batzuetan, fazilago, arinago. Biak daudelako egon, gorakoak eta beherakoak. Beraz, ez diezazutela esan bidean malkarrik ez dagoenik. Esan diezazutela elur-jausiak gertatu gertatzen direla, eta heldulekuak behar izaten direla: airbag emozionalak, etxekoak, lagunak, sarea. Pentsa beza norberak zenbatetan izan den salbatua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.