Inaki Galdos
ARKUPEAN

Elkartasun mezuak

2023ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Pasa den ostegunean ezagutu ziren Argentinako presidenteordea den Cristina Fernandez Kirchner-en (CFK) kontra abenduan eman zen epai gogorraren legezko oinarriak. Sorpresa handirik ez jakinarazitako arrazoibidean, are gutxiago aldekoen eta kontrakoen erreakzioetan. Zaharrak berri. Hori bai, kirchnerismoa (ez gara hemen hasiko peronismoa gauza zabalagoa eta lausoagoa dela azaltzen, ez direla gauza bera) saiatzen ari da proskripzioaren kontaera ezartzen, bere buruzagiaren egoera Juan Domingo Peronek 1955etik aurrera bizi izan zuen jazarpenarekin parekatuz. Kontua da, biktimizazio saiakera hau gezur baten inguruan dagoela eraikia, ez daukalako presidente ohiak aurtengo hauteskundeetan bere burua aurkezteko eragozpen legalik.

Bai abenduan eta bai orain, mundu zabaletik berehala iritsi zaizkio elkartasun mezuak epaituari. Espainian Podemoseko kide eta kide ohiak izan dira batez ere sutsuenak; Euskal Herrian Arnaldo Otegiren oihua izan zen adierazgarriena: «Euskal independentismoa inoiz baino gehiago dago zurekin, epaitegiek ez dute geldituko demokraziaren aldeko zure borroka, besarkada handi bat!». Egiaren izenean, dagoeneko hasiak dira ikusten hainbat analista ez direla mezu guztiak indar berdinarekin kaleratu, eta, leunki bada ere, Hego Amerikako ezkerreko hainbat ordezkari urruntzen ari direla kirchnerismoaren dinamikatik, zirimola horretan sartzeak euren herrialdeetan kalte egingo dielakoan.

Oso komentatua izan zen, adibidez, duela bi hilabete, CELAC-en goi-bileraren kariaz Argentinako senatuko presidentea ere baden Cristina Fernandezek Luis Arce, Evo Morales, Xiomena Castro edota Gustavo Petrok bere bulegora bisita egin zezaten (eta argazkia atera) lortu ondoren, nola ez zuen Lula da Silvarekin gauza bera erdietsi. Gero eta hedatuago dago, Brasilen, presidente aukeratu berria ez dagoela batere eroso berak izan zuen jazarpena eta (ustez) CFK Argentinan izaten ari dena parekatzearekin.

Eta ez dauka (leukake) arrazoi faltarik; izan ere, benetan fede handia behar delako izan Kirchner familia osoa eta bere inguruko hainbat jendilaje ustelkeriaren lokatzetan murgilduta ez daudela sinesteko. Eta horretarako ez dago eskuinekoa izan beharrik (Argentinako ezkerreko hainbat ordezkarik historikoki salatu duena irakurri besterik ez dago); ezta epaitegietako zikinkeriak ukatu beharrik ere. Alderantziz, gero eta gehiago dira familia horren jarraitzaile eta boto-emaile izanda ere aho txikiarekin onartzen dutenak ukaezina dela ustelkeria. Ez da harritzekoa, hain da ezaguna eta agerikoa… Beste kontu bat da defendatzen jarraitzen dutela, momentuz bere beharra dutelako. Italiako lehen ministro izan zen Bettino Craxi sozialistaren Tangentopoli afera azaltzen da memorian, orduan ere epaileen eta eskuinaren konspiraziotzat hartu zuelako mundu zabaleko ezkerraren zati batek, eta elkartasun mezuak bidali, supituan tartean zer zegoen konturatu ziren arte.

Kanpotik ikusita, euskal alderdi abertzaleen nazioarteko jarduera oro har egokia dela esango genuke, bakoitza bere tradiziotik elikatzen, bakoitza bere esparrura begira. Lan erreza ez dela ere onartu beharko da, besteak beste etxe barruan izan ohi diren askotariko sentsibilitateen arteko oreka ere zaindu behar delako. Hanka-sartzeak ere izan ohi dira, normala denez: Jelkideek Lorent Saleh ultra venezuelarra gonbidatu zutenekoa datorkigu gogora. Baina iruditzen zaigu, ideologikoak ez diren gaietan, are gehiago ustelkeria kontuetan, zuhurrago jokatu behar dela, gero damuak ager ez daitezen. Boteprontoa polita da pilotalekuetan ikusteko; ez hain gomendagarria politikako gai labain eta malkartsuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.