elixabete garmendia lasa

Eleberri ilustratu musikala

2023ko abenduaren 21a
05:00
Entzun

Erabat hori zeuden etxe inguruko arboletan hostoak, eta zeharo urritu diren arte, arratsalde iluna ere horiz tindatzen zuten. Kolore hori bera aurkitu dut Ni ez naiz Mikel Laboa (Elkar, 2022) liburuaren azalean; horia eta, kontrastean, Laboak janzkeran erabili ohi zuen urdin itsastarraren antzekoa. Liburuaren barruan ere ageri dira horia eta urdina, baina ez dira bakarrak: hainbat koloretakoa da, eta ez soilik zentzu literalean, Joseba Larratxe marrazkilariak —Unai Iturriagaren eta Harkaitz Canoren gidoian oinarrituta— egindako obra.

Lan horri buruzko hitzaldi ezohiko eta zinez interesgarria eman zuen Larratxek, hilaren 12an, Donostiako Okendo kultur etxean, bere lan prozesua urratsez urrats esplikatuz. Lehendabizi zirriborroak daude, arkatzez marraztutako zirriborro hutsak: hori da, ordea —ilustratzailearen hitzetan— «sormen momenturik garrantzitsuena». Hurrengo pausoa marrazkia lumarekin edo pintzelarekin margotzea da. Segidan, eskaneatu eta, behar izanez gero, koloreztatu. Komikia, Larratxeren hitzetan, «paperezko zinema» da; ez dauka, ordea, ez soinurik, ez denborarik: «irakurleak pasarazten du denbora»; marrazkilariak eskura jartzen dizkion amarruekin, jakina.

Kontua da Okendo kultur etxean Mikel Laboa… izan liteke konstelazio, izan gabe izar… erakusketa dagoela, Euskal Herriko Unibertsitateko Mikel Laboa Katedrak antolatuta, eta horren baitan eman zuen Joseba Larratxek hitzaldia. Sortzaile bat bere lanaren sekretuak azaleratzen, beste sortzaile baten aitzakian. Denboraren joanak Laboak utzitako ondarea, higatu ordez, birbalioztatu egin du.

Ni ez naiz Mikel Laboa eleberri ilustratuak, generoak ahalbidetzen duen askatasunari helduz, Laboa eta bere ingurua —Ez Dok Amairu barne— fantasiazko giro batean biltzen ditu, historiari eta errealitateari iruzur egin gabe, ordea. Areago, erakusketan ere, iragan horrek fantasiatik abiatu eta transzendentziarantz jotzen du: «Zerbait musikala dago kosmoan eta zerbait kosmikoa musikan». Bide beretik jarraituz, kantugile eta kantariari buruzko hitz joko jostalaria: … izan liteke konstelazio, izan gabe izar.... Liburuan garatzen den kontakizunari amaiera ematen dion esaldia da hori. Hasi, berriz, Atahualpa Yupanquiren Piedra y camino abestiarekin hasten da, kaktus erraldoiez inguratutako bidean zehar, trakatan-trakatan, zaldi gainean. Eta horrela, Harkaitz Canok eta Unai Iturriagak idatzitako istorioak alderik alde darama irakurle-ikuslea, inpentsan harrapatuta bezala, barretik malkoetarainoko bidea eraginez.

Liburuaren erdialdera, bi orri oso hartuz, marrazki bat zuri-beltzean: aurpegiak, bata bestearen ondoan, itxuraz antzokiko ilunpean, kontzertu bat entzuten. Serio ageri dira denak, kontzentratuta. Orri pare hori irekitzen dudan bakoitzean Txirritaren aurpegi zabal betearekin egiten dut topo, txapela txiki samar uzten duen buru handi horrekin. Xabier Lizardi ere harrapatu dut, eta Joxe Migel Barandiaran; liburuaren egileak ere bai, eta Picasso, bere marinel niki arrastodunarekin… Hortik aurrera laguntza behar izan dut who is who jokoan: Joan Baez, Jesus Guridi, Georges Brassens, Violeta Parra…

Ez naiz batere mito zalea; areago, atzera botatzen nau mitomaniak. Baina badira sortzaile artistak arrasto ezabaezina uzten dutenak, ondare bat oparitzen diotenak gizarteari, eta sorkuntza sustatzen jarraitzen dutenak hil eta gero ere. Horien artean dago Mikel Laboa, kasu honetan Joseba Larratxe, Unai Iturriaga eta Harkaitz Canorentzat inspirazio iturri aparta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.