Badira gure historia hurbilean mugimendu politikoak (eta sindikalak) enigmatiko samarrak iruditu zaizkigunak beti, eta horregatik —baina ez soilik horregatik— nolabaiteko erakarpena eta jakin-min berezia sortu dizkigutenak, normalean egarri hori asetzea oso erraza suertatzen ez den arren. Eladioak izeneko taldea da horietako bat, duela hamarkada batzuk garrantzi handia izan zuten pertsonek osatua, nahiz eta ez zaien inportantzia hori beti onartu. Duela ia zazpi urte eskaini genion Arkupe honetan testu bat, Idoia Estornes Zubizarretak orduan idatzitako liburu bat hizpide. Euskal Opus Deia omen zen hura jarri genion izenburua zutabeari, liburuko zati bat aitzakia gisa hartuta eta, bide batez, aipatutako kutsu enigmatikoaren erakusgarri.
Eladio Kepa Anabitarte zen; da. Juan Ajuriagerrak jarritako goitizen klandestinoa. Hedapenez, bere inguruan zebiltzan taldeak ziren Eladioak, nahiz eta ez den beti izen hau oso zuzen erabili, sarri anabasak sortzeko lain ere bai. Berriki Eneko Bidegainek liburu eder bat eskaini dio Pamiela eta Herrima argitaletxeen eskutik. Bikain jositako Anabitarteren biografia, baina aldi berean garai bateko kronika mamitsua. Irakurtzeko erraza, dotore idatzia dagoelako. Protagonistaren izan eta abizenaren azpian esaldi borobila jarri dio liburuari irakasle eta idazle lapurtarrak, borobil laburbiltzen duena bere ibilbidea: Bizitza bat herriari eskainia.
Liburu korala era bada. Bere orrialdeetan zehar jende asko agertzen da, Kepa Anabitarteren bizitzan eragin berezia izan dutenak. Ez naiz ni inor hemen mailakatzen hasteko, baina iruditzen zait Iñaki Aginaga, El Bonzo edota Alvarez, dela garrantzitsuena. (Bide batez, enigmatikoekin jarraituz, Aginaga pertsona misteriotsutzat hartu izan dute Baleren Bakaikoak eta Eugenio Ibarzabalek, besteak beste, euren idatzietan). Bidegainek ederki marrazten du taldeko bi liderren arteko harreman luzea; baita garai batean izan zuten elkarrekiko urruntzea ere, orain arte (hain zehatz) inoiz azaldu gabea. Bikaina da urruntze garai hartan Donostiako bus geltoki batean topo egin zuteneko pasartea. Aginagak hil aurretik Anabitarteri egin zion aitorpena da bikote honen elkarlanaren laburpen onena: «Hik ni gabe ez duk ezer egin, baina nik ere ez hi gabe».
Serafin Esnaola da liburuko beste protagonista nagusietako bat —honek ere egin zion Aginagaren antzerako aitorpen bat hil baino lehentxeago—, baina baita beste asko ere: Andoni Esparza, Iñaki Larramendi, Txillardegi, Manu Robles-Arangiz, Jose Antonio Agirre lehendakaria, Jose Maria Arizmendiarrieta, Joseba Ariznabarreta, Eugenio Arzubialde, Jose Antonio Aiestaran, Ugarte anaiak, Josetxo Lizarraga eta beste asko, ezin denak aipatu.
Baina, izen-abizenak gutxietsi gabe, ororen gainetik hamarkada luzetako kronika zirraragarria da liburuak ekarri diguna; Anabitarte berarena eta bere inguruan gertatzen ari zenarena. Pasa den mendeko berrogeita hamarreko hamarkadako ELA sindikatua abiapuntu hartuta, ELA Berri, ELA-MSE, ELA Berri-Berri, ELA (A) eta abarren inguruko azalpen eta gogoeta aberatsak eskaintzen dizkigu. Gai politikoagoetan murgilduta, Municheko Bilera (frankistek kontubernio gisa bataiatu zutena), ETAren borrokari buruz zuten iritzia, EAJrekiko harreman malkartsuak, ESB alderdiaren sorrera (eta hauteskundeetan parte hartu izanagatik Anabitarteren damu eta autokritika) eta, bukatzeko, Orreaga, gure protagonistaren azken geltokia. Beste zenbait gai ere bai, tartean irribarrea sortu didan bitxikeriaren bat, adibidez, dagoeneko gure artean ez dagoen eta asko estimatzen genuen Joxe Gurrutxaga adiskideak Tolosako alkategai izateko eskatu/eskaini zionekoa.
Opari ederra egin digu Eneko Bidegainek liburu honekin. Eta bide batez gogorarazi digu badaudela pertsona batzuk sekulako ospea lortu ez dutenak —ez da hori inoiz izan euren helburua— baina ospea lortu duten beste askok baino eragin handiagoa izan dutenak gure historian. Horregatik da beharrezko euren ibilbideak, euren pentsamendua plazaratzea.