AP-8an 155 km atzera: Bolantea esku artean, eta zulo bat, ezin zuloagoa, sabelpean nekarrela egin nuen Citroënean bueltako bidea. Galbeteren Nor zara zu diskoa buklean irentsi eta kotxe barruan drama bateko azken eszena sortu zen. Auto barrena, elefante baten sabela nola, eta nire hatsak hanpatutako aire lodia.
«Eguzkirik ez dute
leiotan zapiak;
aur yolasik ez dago
gaur zure kalean.
Odeiek lits urratu;
itsasoak orro.
Gizadi bat geldirik;
gero, bat-batean:
Ots!
Ots!
bizion oñok»
A pe zortzian ehun eta berrogeita hamabost kilometro etxera: Bi orduko bidaia eta zulo berri bat instrukziorik gabea. Gidatu nuen, heriotza bat nire gorputzean nola sar nezakeen jakin gabe. Gidatu nuen, heriotza bat kotxeko denbora-espazio hartan nola kabitu zitekeen ulertu barik. Gidatu nuen, heriotza hura zurea zela ezin entenditurik, zuganaino gidatu nuen.
Baina betazalak itxita bakean zenirudien.
«Ol bat yaso ta ikusi
dut musu ximela:
parre-antxa, bizirik
balirau bezela:
Ots!
Ots!
ler adi, biotz!»
Eta mahaiaren bueltan bilduko gara gaur, eta zulo konpartitu zaharra ere bueltan-bueltan, eta min eman dezake kenketa soilak: plater bat gutxiago, sardexka, laban eta kopa bat gutxiago. Baina zuk zure aulki hutsean utzitako denak dir-dir egiten du inoiz baino biziago. Eta akordatu naiz nonbait irakurri nuela absentzia dela existitzen den presentziarik handiena.
Eta distira darizu gaur ere.
«Ordun, ixar bat biztu
du nere gau beltzak.
Begioi malko ixil bat
dardarka darite.
Noizbait itxaro-kabi
biur dan biotzak:
Ots!
Ots!
yauzika, biotz!»
Urrunaldi honetan falta zareten guztion izenean jan-edango dugu. Utzi duzun itzal luzea baino agur luzeago bat eskaini nahi nizuke, eta ozen kantatu nahi nizuke entzun gaitzazun gaurko aulki hutsa beteta utzi zenigula.
«Agur! (oiuka dio)
gorputz ximur maite!
Agur, amonatxo!
Egun Aundirarte!»