Iñigo Martinez Peña.
ARKUPEAN

Egonean egotea

2023ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Ez dakizkit haien izenak, baina artikulu hau irakurriko balute, agian, jakingo lukete haiei buruz ari naizela. Basauriko kultur etxean solasaldia izan genuen aurrekoan, eta egonean egotea aldarrikatu zuten publikotik, egungo bizimoduan ezer ez egitearen garrantzia azpimarratuz. Solaskide batek zioen ezer ez egitea dela gauzarik subertsiboena: «Gora nagikeriaren iraultza! Ahalik eta gutxien egizue, mesedez!». Arazoa da —gehitu zuen besteak umoretsu— iraultza hori pizteak ere nagikeria ematen duela. Horra hor paradoxa... Neke sendagarriren bat egon daiteke pairatzen dugun bizimodu ekintzailearen kontra? Bartleby izango ote da egungo gure anti-heroi txalogarria? Aginduak jasotzerakoan «nahiago nuke ez egin» baino ez zuen erantzuten pertsonaia misteriotsu hark, Herman Melvilleren ipuin ederrean.

Kontuak kontu, kultur etxeko solaskideen hitzak Byung-Chul Han pentsalari korearraren azken liburuarekin lotu nituen: Kontenplaziozko bizitza. Jarduera ezaren alabantza. Bere ustez, egun, ez egitea gabezia edo defizit batekin baino ez dugu lotzen. Denbora omen da egungo merkantziarik preziatuena, eta kapitalismoak, modu horretan, logika berean sartu ditu lana eta aisialdia. Aisialdiaren ustezko denbora libre hori, ekintzaz betetzeko edo lanera indarberrituta bueltatzeko atsedena baino ezin da izan. Funtzionatzeko bi modu baino ez dauzkagu, makinen modura: piztuta edo amatatuta. Ez al da hori biziraupen soila?

Byung-Chul Hanen ustez, biziraupenetik harago dagoen bizimodu bakarra ekintzailetzaren eta produkzioaren logikatik kanpo dago: kontenplaziozko bizimoduan, alegia. Horretan datza bizitzaren ospakizuna: edertasunaren aurrean geldiuneak topatzea, noraezean paseatzea, abestea, dantzatzea. Gehiegi esatea al da? Ospakizun horrek, noski, ez dauka egungo makrojaialdiekin zerikusirik. Menandro greziar poetak zioen moduan, ehun urte biziko bagina ere ez genuke eguzkia, izarrak, hodeien igarobidea eta suaren distira baino gauza ederragorik ikusiko. Horixe dugu eternitatearen esperientzia une batez sentitzeko modua. Egonean egotea, beraz, bizimodu poetikoago baten alde egitea litzateke? Bestelako arreta mota baten alde?

Nire batxilergoko ikasleek arretaren inguruko kezkak partekatu zizkidaten aurrekoan: Tik-Tokeko bideoak ikusten orduak eman ditzakete, baina, haien harridurarako, horretan orduak igarota ere, bideo bakoitzak ezin du minutu bat baino askoz gehiago iraun. Luzeegiak egiten zaizkie! Gero eta zailagoa egiten zaigu kontenplaziozko arreta geldoa? Kontenplazioa eta alabantza dira, ordea, ez egitearen adibide nagusiak, aipatutako Hanen liburuan. Horiek ematen diote bizitzari bestelako intentsitate bat.

Egun, berriz, intentsitatea kontsumoarekin, produkzioarekin, arrakastarekin, lehiarekin eta etengabe berritzearekin nahasten dugu. Zein da kapitalismoaren ilusioa? Zenbat eta kapital gehiago mugitu, orduan eta bizitza intentsoagoa!

Ez noa ni, noski, pobrezia aldarrikatzera, baina intentsitate mota horrek itolarrian jarri du planeta bera. Zentzu horretan, ez egitearen politikan datza planetaren etorkizuna, lurraren salbazioa. Animal laborans delakoaren gose aseezina baretzeko,naturaren ustiaketari frenoa jartzeko, Vita aktibo-egiaren erdian arnasa hartzeko. Ez al da antsietatea, arnasa falta, egungo diagnostikorik zabalduena? Planetaren burnout-aren eta hiperaktibitatearen inguruan hitz egiten digu pentsalari korearrak, aipatutako saiakeran.

Nik ez daukat argi, ez dakit bizitza aktiboaren eta kontenplaziozko bizitzaren arteko muga hori, bereizketa hori, hain zorrotz egin daitekeenik. Agian ez dira gauzak hain muturrera eraman behar... Gaurkoan, hala ere, kontenplazioaren artea apur bat berreskuratzearen alde idaztea bururatu zait, Basaurin entzundako lagunen hitzak gogoan eta nire etxe ondoko pikondoari, tarteka, leihotik begira, helburu zehatzik gabeko hitz hauek idazten.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.