Autobusetik jaistearekin batera erabaki nuen telefono deia egitea. «Zer moduz zaude?», esan zidan ahizpak bestaldetik. «Ondo edo... txokolatea eta txurroak erostera bidean oraintxe» esatea iruditu zitzaidan erantzun posible guztien artean emozio zurrunbiloari buruzko informazioa emateko aproposena. «Oso ondo pasatu nuen atzo», gehitu nuen.
Saltokira iristerakoan moztu nuen deia, ez nengoen bi gauza batera egiteko moduan. Azukrerik nahi ote nuen galdetu zidan saltzaileak. Isilik eta mantso egin nuen etxera arteko bidea gero. Plastikozko poltsa batean txurroak eta eskuan txokolatea. Mantso ibiltzea baino plazer handiagorik baden ez dakit oraindik. Pentsatzeko, gogoratzeko, kantatzeko... edo besterik gabe aspertzeko aukera ematen duen pausoa da bakarrik paseatzeko gehien gustatzen zaidana. Eta halaxe ibili nintzen astelehen arratsaldean ere. Txokolatea hoztu arteko denbora nuen etxera iristeko «oso-oso beroa» eskatu nuen, badaezpada ere.
Urteurrena zen. Lehenengo urteurrena. Iazko urtarrilaren 5etik 6rako gauean hil zen gure aita Gasteizen. Teknikoki urtarrilaren 6an. Ez genuen horri buruz berba egin. Gauza bera gertatu zen aitaren urtebetetzean eta beste data esanguratsu batzuetan ere. Data esanguratsuetan ez dugu horri buruz berba egiten. Beste inork ere ez digu ezer esan ohi. Oraindik ere ez dakit berba egitea onura edo kalte izango litzatekeen. Hala ere, ez nuke mina tabu bilakatu dugunik esango. Urteko gainontzeko egunetan egin dugu berba. Efemerideak errespetatu ditugu, besterik gabe.
Bakoitzak bere erritual intimoak egiteko egunak dira urteurrenak. Edo hala dira niretzat behintzat. Batzuek loreak eramaten dituzte kanposantuetara. Beste batzuek urteurren mezak antolatzen dituzte. Argazki album zaharrak ikusten dituen bat ere ezagutzen dut. Eguna besterik gabe pasatzen duenik ere egongo da. Baina nik ez. Nik gurago izan nuen berandura arte lo egitea eta poliki ibiltzea. Triste gaudenean ez da erraza izaten zer nahi dugun jakitea, baina beti etortzen da ondo gustuko gauzak jatea eta ondo pasatzeko ahalegina egitea. Egun horiei esleitzen diegun sinbolikotasun hori guztia gorpuztea eta egotea. Tarteka negar egitea. Negar egin ezin denean oihukatzea. Oihukatzeko indarrik gabe gaudenean isilik egotea.
Minari buruz berba egin behar dela esaten dutenekin bat nator. Ni saiatzen naiz egiten. Baina oso zaila iruditzen zait minari buruz norekin berba egin eta norekin ez erabakitzea. Noiz berba egin eta noiz ez erabakitzea. Gehiegi erakustearen arriskua beti dago hor, gainera. Eta mina ez da ondo ezkontzen lotsarekin, eta are okerrago damuarekin.
Mina ikusi ere egin daiteke, ordea. Norberak ezer esan gabe jakiten dute batzuetan ingurukoek. Horrek are zaurgarriago bilakatzen gaitu. Baina ez gaitu inondik ere inori gure minaren berri ematera derrigortzen. Beti da legitimoa isilik egon nahi izatea.
Intimitatea eraikitzea ez da txikikeria eta norbaiti «ez nago ondo» esatea, norbait horri etxeko atea irekitzea baino ekintza intimoagoa da batzuetan. Norbaiti «gaizki nago» esatea, norbait horri logelako atea irekitzea baino ekintza intimoagoa da batzuetan. Norbaiten aurrean negar egitea, norbait hori ohera gonbidatzea baino ekintza intimoagoa da batzuetan. Norbere ohean baino hobeto ez da-eta inon negar egiten.
Elkarrekin joateko planik egin ez genuen arren, aretora sartu aurretik egin genuen topo. Ordutik aurrera elkarrekin egoteko aski arrazoi izan zen hori. Eta hala igaro genuen aurtengo urtarrilaren 5etik 6rako gaua elkarrekin ahizpak eta biok, nor bere erritual intimoan, Anari eta Belako entzuten, erdi kantuan erdi oihuka, berriz Gasteizen.
Etxeko sofan hatz-mamietako azukrea miazkatzen nuen bitartean konturatu nintzen Anarik ez zuela Efemerideak kantatu.